Eskultura bat bi herrirentzat

Goruntz_eskulturaUrretxuk eta Zumarragak partekatzen dituzten gauza guztien artean, bat oso berezia da: ‘Goruntz’ eskultura.

Urretxuk eta Zumarragak gauza asko partekatzen dituzte: herrigune bat, zerbitzu asko, plaza bat… baita eskultura bat ere. Jose Ramon Anda artista nafarraren Goruntz, hain zuzen ere.

Lan hori bi herrietako eskultura ezagunena da eta sinbolo bat da dagoeneko. Areizaga-Kalebarren plaza egin zutenean, bi udalek zenbait eskultoreri proiektuak aurkezteko eskatu zieten: Nestor Basterretxea, Rikardo Ugarte, Xabier Laka, Vicente Larrea eta Andari. Ondoren, herritarren eta Edorta Kortadi arte adituaren iritzia jaso zuten. Azkenean, Andaren Goruntz jartzea erabaki zuten.

Herritarrei bere formak grazia egin zien eta berehala izen berria jarri zioten: Pirulo. Izen xelebrea jarri zioten, baina artista eta eskultura ez dira txantxetan hartzekoak. Goruntz brontzezkoa da eta hamar metroko altuera du. Mezu argia du: elkarrekin lan egiten badute, bi herriek gora egingo dute.

Andaren ibilbidea

Esan bezala, Andaren lana ez da txantxetan hartzekoa. Bakaikuko (Nafarroa) artista honek Madrilen ikasi zuen eta gaztetan Erroman lan egin zuen beka bati esker. Aita ebanista zuenez, oso gaztetatik egurrarekin lan egin du. Baina harria, metala eta hormigoia ere erabiltzen ditu.

Kursaaleko Kutxa kuboan Jose Ramon Andaren lanak daude ikusgai, abuztuaren 5a arte

Chillidak eta Oteizak haren lana goraipatu zuten, eta herri askotan ikus daitezke bere eskulturak: Iruñean, Bakion, Leioan, Tolosan, Zarautzen, Errenterian, Donostian, Galdakaon… Gainera, abuztuaren 5a arte bere 91 lan Kursaaleko Kutxa kuboan ikus daitezke. Hilaren 18an, 19:00etan, komisarioak bisita gidatua egingo du. Bihar, berriz, Node-k dantza eta musika ikuskizuna eskainiko du. 20:00etan hasiko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>