Ultzamako harrapalekua

UltzamaGipuzkoako eta Arabako Partzuergoan, Ultzaman, abereen «manejurako» harrapakaleku berria egin dute ganaduzaleek eskatuta; Otsaurtekoaren osagarri da. Garagartzan txikiago bat egokitu dute, batez ere, ahuntzentzat.

Idiazabal, Segura, Zegama eta Zerainek Arabako beste hiru herrirekin batera osatzen duten Gipuzkoa eta Arabako Partzuergoan, Ultzaman, Txurrukopuntua mendiaren magalean abereen harrapaleku berria egin dute.

Otsaurtetik Beunderako bidean dagoenaren osagarria da,  Maria Eugenia Amenebar Partzuergoko teknikariaren esanetan: «Ganadua gehien Txurro aldean ibiltzen denez, eta Otsaurten dagoena eskura ez delako geratzen, ganaduzaleek eskatuta Ultzaman eraiki da».

Ganadua bertan bildu eta «behar dena» egiteko harrapalekua da: «Markatu, odola atera, tratatu, edo bildu eta etxera eramateko. Azken batean ganadu manejua egiteko».

Garagartzako txabolaren ondoan beste harrapaleku txikiago bat ere egin dute. «Nahiz eta behorrek, behiek eta ardiek ere erabili, batik bat ahuntzak manejatzeko pentsatuta dago». Aurretik zegoen harrapalekua «pistatik gorago zegoen; hau da, ahuntz zaleek estaka eta alanbrez eginiko itxitura bat erabiltzen zuten». Ultzamako harrapalekuaren erabilera bera izango du. Amenabarren esanetan, Garagartzan egitearen arrazoia gertutatasuna da: «Nomalean ahuntzak Garagartzako haitzetan ibiltzen direlako».

Bi eremu horietan aska bana ere jarri dute.  Bestalde, Ultzamako harrapalekuaren barruan, Ultzamako postu bat dago, eta teknikariak dioenez, bertan utziko dute: «Ganaduzaleen eta ehiztarien arteko elkar bizitza puntua izango da».

Ganaduzaleen eskaria

Ganaduzaleek Partzuergoko Lan Taldean egindako eskariz egin dira bi lan horiek. Partzuergoko ganaduzaleen eta nekazal sindikatuen ordezkari banak, foru aldundiko Larreetako teknikariak, Partzuergoko juntakideek, Etorlurreko teknikariak eta Partzuergoko teknikariak osatzen dute mahaia. «Beharrak identifikatzen dira bilera horietan, eta ondoren, lehentasunen arabera, behar horiei erantzuna eman zaio».

Amenabarrek zehaztu duenez, bukatu berria den agintaldian, foru aldundiak 120.000 euroko partida bideratu du urtero Partzuergoko Larre Hobekuntzetarako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>