Axier Iriondo eta Aitor Calvillo

Axier Iriondo

Ahaztu baino lehen: konturatu zinen, gure aurreko Goiberri aldian, zure argazkiaren aldamenak Axier Iriondo izena, eta bizebertsoki, zekarrela? Nerea Elustondok «ni ezin naiz izan eta izan behar al dut zu?» galdetzen du Ontzi Hutsak kantuan, «nola txoria lumatik ezagutzen den usu». Ni, txori beldurtia izaten ohituta, gustura hegazti harraparien lumajearekin.

Bestalde, udarako zer asmo? Ni Euskal Herrian ibiliko naiz, baina, zu kanpo-kanporako bazeunde, jolas bat proposatuko nizuke. Gure herriaren gure izena ezaguna da munduan? Euskal Herriaz ari naiz, ez Basque Country edo beste erdaretako izendapenez. Kanpora begirako ekimenetan (Eusko Jaurlaritzak, Euskal Selekzioak…), erdarazkoak erabili izan dira. Probatuko dugu? Lau aldiz bidali dut atzerritik postala helbidean Euskal Herria jarrita. Hirutan iritsi zait. Horixe nire proposamena. Zeu ez bazoaz, doanari eskatu, eta, oporren bueltan, emaitza komentatuko genuke. Kontuan izan, kasuren batzuetan, denbora beharko duela. Nik, oraindik, laugarren postalarekin badaukat esperantza. Bide batez, atzerriko posta zerbitzuei, geuk darabilguna ere atzerrikoa dela jakinda, gure herriaren geure izena erakutsiko genieke.

Iriondo-CalvilloIzan ere, batzuetan, Nerearenak neuretuz, badirudi Euskal Herria kantuan ari zaigula: «Ontzi hutsak ez duenez gainezka egiterik, nor izan nah i nuen ere ez»dut gogoratzen nik.

Aitor Calvillo

Hegazti harrapari? Txori beldurti? Nik dakidan bakarra da izen aldaketa horrek balio izan duela konturatzeko biok idatzitako bat eta batekoa irakurtzen duenik badela hortik zehar. Adarra jo nahian jaso nituen ingurukoen whatsappak horren lekuko.

Eta Euskal Herriaz zer esango dizut bada nik? Honetan ere dakidan bakarra zera da, kanpoan gutxitan izan banaiz ere beti zabaldu dudala lau haizetara nongotarra naizen: Euskal Herrikoa (batzuetan Basque Country izena ere erabili izan dut, e!). Eta non dago hori? Espainia iparraldean eta Frantzia hegoaldean. Eta gure hizkuntza ere badugula: euskara. Eta ez garela pistolekin ibiltzen kalean, ETA…

Baina nire esanak alde batera utzita, beste batek esandakoak ekarriko ditut hona. Pasa den igandeko Zazpika eskuartean, Markel Irizar txirrindulari oñatiarrari egindako erreportajea irakurri, La retirada de Bizipoz, eta aipatzen dituen gauza guztien artean hauxe aipatuko nizuke zuk botatako galdera kontuan hartuta. Euskal Herriaren izenean enbaxadore izan zara munduan zehar urte hauetan guztietan aipamena egin kazetariak, eta hara erantzuna: «Egurra eman didate hori dela eta, esaterako ikurriñarekin lasterka ibili naizenetan kaña eman didate… baina orain jendea konturatu da ez naizela inoiz joan norbaiten kontra. Munduko hizkuntzarik zaharrena hitz egiten dugun milioi bateko klub horretakoa naiz, eta hori pribilejio bat da niretzat. Atzerriko taldeetan ibili eta irrintzi bat botatzen nuen bakoitzean taldekideek bazekiten onerako ala txarrerako zen. Eta ni falta naizenean Theuns txirrindulariak berak botako omen ditu». Baditu beste horrelako hamaika, baina horiek beste baterako utziko ditugu ala, Aitor? Ai, barkatu, Axier? Eta bitartean ondo pasa oporraldia eta gora Santa Ana!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>