Joxe Migel Barandiaran antropologoaren kalifragia aztertuta, izaera gozoa eta ez hain atsegina atzeman dizkio Blanca Sedano grafologoak. Ideiak defenditu behar zituenean zorrotza zen, samurtasun uneetan borobilduago idazten zuen.
Eskuizkribu asko idatzi zituen Joxe Migel Barandiaran antropologoak (Ataun, 1889 – 1991). Kaligrafia aztertu du Blanca Sedano grafologoak, eta Barandiaranen izaeraren zantzu batzuk atera ditu, idazteko eratik eta grafiatik hasita. «Idazterakoan, hiru lerrotan gezurra esan dezakegu, baina ez gehiago. Sinadura moldagarriagoa da, bat-batekoa delako», ebatzi du Sedanok.
Lau arotako idazkiak aztertu ditu, denborarekin moldatzen eta aldatzen joaten delako idazkera pertsona baten bizitzan. Garai guztietako kaligrafietan, ordea, ezaugarri bat ikusi du: «Sentitzen zuenetik adierazten zuenera ez dago alderik. Pertsonaia aldaezina zen».
Gaztetako idazkeran (1917ko eskuizkribu batena), trazatu fina du. «Idazkera kaligrafikoagoak ziren orduan, antzinakoak. Pertsonen gustuak eta ideiak berdinagoak ziren».
Idazkera eskuinerantz etzaten du. «Hizkiek atseden hartzen duten lekuan borobilduagoa da, eta beste batzuetan zorrotzagoa du, erdi angelutsua. Borobilduak adeitasuna, gozotasuna adierazten du; angeluak, aldiz, krispazioa, izaera fuerteagoa. Berak ere bazuen alde ez atsegin hori, gaziagoa».
Adinean aurrerantz, idazkera kalifrafikoa izatetik modernotu egin zuen. Baina, beti, sentitzen zuena fidel esanez
Hala, Barandiaranen idazkeran borobildua eta angelua tartekatzen ditu: «Ideiak defendatu behar dituenean, energiaz idazten du, angeluekin. Samurtasun uneetan, borobilduta».
Ideiak eta hitzak lotuta
Beste ezaugarri bat, hitzak beren artean lotzearena aipatu du Sedano grafologoak. «Lotu egiten ditu. Horrek diziplina adierazten du, betebeharraren zentzua. Grafologian idazkera ligatua esaten duguna du. Irakurgarria da, garbia, tintagatik atera zaizkion orban batzuk gora-behera. Idazkera ligatuak esan nahi du lehenik judizio bat garatuko duela, eta ondoren arrazoiketa etorriko dela. Ideiak elkar lotuz lan egiten du. Adimen mota hori gabe, ez zukeen ordena zientifikorik edukiko».
Bi hizkirengan arreta
Hasierako idazkietan, bi hizkik eman diote arreta Sedanori: d eta t letrek. «t-ak informazio asko ematen digu: makila aurrerantz du, erabakimenaren eta iniziatibaren seinale: egin behar duena egin arte, ez da geratuko. Baina, horrez gain, gorantz begira idazten du, nahiko altu: erreplika ugariak eta suharrak zituen, autoritate-maila nahiko markatua zuena. Ezinegonik zegoenean, jenioa askatzen zuen, eta berehala nahi zituen emaitzak. Pazientziarik ez dauka».
Bestetik, d letra «zoragarria» du, oso apaindua. Zuloa erdi parean lotzen du, ez behean. «Irudimen sortzaile handia adierazten du apaindurak. Literatoen d deitzen duguna da, berak ere gaitasun hori bai baitzuen. Intelektual espiritua eta iraganarekiko lotura ere bai: doktrina, historia, baina baita irizpide ezohikoak ere. Funtsean, ez zen ezarritako bidea jarraitzekoa, bere ildoa zeukan».
Denborarekin idazkera leundu eta modernotu zuen. «Izaera ere leundu zitzaion seinale».