Artzain mundu berritua

Agurtzane Gabiria eta Aitor Mantxola bizitoki duten baserriaren tarian, seme-alabak besoetan dituztela.

Agurtzane Gabiria eta Aitor Mantxola bizitoki duten baserriaren atarian, seme-alabak besoetan dituztela.

Astroak lerrokatu ziren nonbait Aitor Mantxolak (Legazpi, 1981) Ulman zuen lanean eszedentzia eskatu eta Agurtzane Gabiria (Legazpi, 1986) bikotekidearen Makatza baserrian artzaintzan has zedin. Hasieran behin-behineko urratsa izan zena orain behin betiko bihurtu da jada.

Makatza baserrian sortutako behar izan baten aurrean Ulmako lana aldi batez utzi, eta artzaintzan aritzeko hautua egin zuen legazpiarrak. Hasieran biak aldi berean, trebatzeko; gero artzaintzan soilik eta Arantzazuko Artzain Eskolan. «Hutsetik hasi behar izan banintz, ez nintzatekeen hasiko. Ez baita erraza», dio Mantxolak. Gabiria emazteak gehitu du,  «edozein enpresa zerotik hastea bezain zaila» dela, baina hala ere «lor» daitekeela.

Gaur-gaurkoz, Aitor Mantxola eta Juan Joxe Aranguren dira Legazpin dauden bi artzainak; haiek dira, behintzat, artzaintzatik bizimodua ateratzen duten bakarrak. Mantxola eta Gabiria bikotearen ahotsak freskoak dira, eta artzaintzaren desagerpenaz fatalismoz hitz egin baino, eraldatzeko premia duen bizimoduaz mintzo dira. Gabiriak honela azaldu du: «Artzainei bizitza erraztu behar zaie eta egun dauden baliabideak haien esku jarri. Ni delineatzailea naiz eta ez dut arkatza nahiz kartaboiarekin lanik egiten, ordenagailuarekin baizik». Alabaina, beharrezkoa sumatzen dute artzainen mentalitatea aldatzea ere.

Mantxolak, hari beretik, Artzai Gazta elkartearen bilera batean egindako ariketa bat gogoratu du. Bikoteka elkartu ziren eta bost egun libre noiz hartu zituzten azkenekoz gogoratu behar izan zuten: «Hainbat eta hainbatek ez zuten gogoratu ere egiten!». Artzaintzaren munduaren eraldaketaz ari direnean, beste edozein enpresan erabiltzen diren formulak aipatu dituzte, hala nola «artzainak eta familiak atsedenaldiak hartzeko ordezkoa ekarri, artegia hiltzen utzi baino norbaiti alokatu, bazkideen formula erabili…», dio Mantxolak. Kontua, bientzat, ez da soilik gazte jendea artzaintzaren bidea hartu dezan animatzea, ari direnen ikuskera ere eraldatu beharra dagoela diote.

Batak zein besteak, etorkizunari begira, ez du ardirik gabeko baserri mundurik irudikatzen: «Lur-sailen mantentzea egin beharra dago, zelaiak bakarrik ez, mendi bideak, pinudiak eta beste zaintzen dituzte baserritarrek, eta mantentze lan horietarako animaliak behar  dituzte; norberarenak edo inguruko baserritarrek utzitakoak. Legazpin bi artzain gara ofiziotik bizimodua ateratzen dugunok; aitzitik, baserri askotan daude animaliak eta mantentzerako nahiz etxeko beharrak asetzeko erabiltzen dituzte», azaldu du Mantxolak, parez pare duen jaiotetxe den baserria seinalatuz: «Gure anaiak, adibidez, kanpoan eta baserrian egiten du lan, behiak ere baditu».

Lehen baino okerrago ez

Gabiriak eta Mantxolak bikote gaztea osatzen dute, dagoeneko familia osatu dute eta artzaintzaren alde egindako apustuak, momentuz, ez dauka atzera bueltarik. Aurrez ez zuten sekula imajinatu bide hori hartuko zutenik; ez Mantxolak berak ezta Gabiriak ere. «Ez dakit nik erabakia hartu genuenean oso kontziente ginen. Ni Makatzan hazi nintzen, artzain bizimodua oso ongi ezagutzen nuen eta argi nuen ez nuela niretzako nahi. Urteak pasa ahala ezberdin ikusten dut. Egun, akaso, ez gara lehen baino hobeto bizi, baina ezbairik gabe ez gara lehen baino okerrago bizi», nabarmendu du  Agurtzane Gabiriak.

«Egun ez gara lehen baino hobeto bizi, baina ezbairik gabe ez gara okerrago bizi», Agurtzane Gabiria

«Artzain Egunak festa egunak baino, artzainontzat elkarrekin egoteko egunak dira» Aitor Mantxola

Mantxola ere baserrian hazitakoa da, baina Ulman 14 urte egin zituen lanean, eta artzaintza bidea hautatu aurretik, ez zuen halakorik aukeratuko zuenik espero, mundu horrek ez baitzuen bereziki erakartzen. Haatik, lantegitik «kokoteraino» iristen zen etxera: «Erritmoak ahitu ninduen, dena zen atzorako, ezin ailegatuta genbiltzan, enpresa asko hazi zen… Lana polita zen, egunero ikasten nuen zerbait, baina ez ninduen betetzen». Orain ez da amorratuta itzultzen etxera, baina ez dauka ordutegi finkorik.

Fabrikako lanaren aldean, artzaintza «esklaboagoa» dela dio Mantxolak, eta Gabiriak «ordutegi txarra» duela erantsi du. Orain lasaialdian daude, lanpetuen azarotik ekainera egoten dira artzainak. «Horregatik sasoi bertsuan egiten dira Artzain Egunak». Azaroan arkumeak jaiotzen dira, egunean bi aldiz jetzi behar dira, gazta bi edo hiru egunetik behin egiten dute, arkumeei esnea eman behar zaie, gaztak hozkailuan mantendu eta buelta eman behar zaie; zerrenda luzeagoa da. Uda partean lasaiago dabiltzan arren, egunero joan behar da ardiei jaten ematera edota haiek ikustera.

Artzain Egunak eta gisako topaketak jendeari artzain munduaren berri emateko erakusleihoa dira. «Nik ez dakit jendea artzainek egiten duten lanaren kontzientea den. Bestetik, artzainentzat beste artzain batzuekin egoteko eguna bada». Mantxolak elkartzeko aukera hori «inportantea» dela nabarmendu du, «Legazpi, Ordizia, Uharte, Araia… Hainbat herritan egiten diren Artzain Egunak jendearentzat festa egunak izan daitezke; guretzat, artzainontzat, elkarrekin egoteko egunak dira». Igandean, irailaren 1ean, Legazpin egingo duten Artzain Egunak badu  beste pizgarri bat: saria. Mantxolak Makatza baserriaren izenean jaso izan du gazta onenaren saria. Etzi zer gertatuko den ikusteko dago.

Baserri asko husten ari dira: «Sakabanatuta ez baleude Legazpiko Sidenor hustutako fabrikaren tamaina lukete», diote. Joera horren kontra, baldintzak hobetu, ikuskera zabaldu eta artzaintzan aritzeko apustua egin du bikote legazpiarrak, lehendik zegoenetik eredu berritua sortuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>