Bentazaharreko Mutiko Alaiak kantu jira taldeak euskararen erabileran eragitea du helburuen artean.
Euskal musikaren inguruan «kezkak eta gogoak»bultzatuta, lagun talde bat elkartu zen «lehenik ezkontzak eta bestelako emanaldi txikiak egiteko». Poliki-poliki sendotzen joan zen lehenengo ideia hura. 2006ko udan, Bentazaharreko mutiko alaiak talde gisa aritu ziren «herriz herri, kantatzen eta disfrutatzen», kontatu du hasiera-hasieratik taldeko kide den Juan Luis Aranburu urretxuarrak.
Kontu honetan, «Urrestilla herriak garrantzia handia izan zuen». Taldekideek han ezagutu zuten elkar, baita Pako Aristi bera eta beste artista batzuk ere. Taldearen izena ere proposatu zuen Aristik. Aranburuk berak argitu duenez, «oso sinplea eta umorez beterikoa» da. Idazle urrestildarrak «Irlandako pub batekin» konparatu zuen taldea. Horrelako tokietan, «musikaz gozatzea zuten helburu eta guk, hori irudikatzen genuela esaten zuen Aristik». Izen bereziak izan ohi zituzten taberna horiek, lagun taldeei erreferentzia eginez sarri. «Hori guztia euskaldunduz, Bentazaharreko mutiko alaiak izan zen burura etorri zitzaiona». Bentazaharra «putetxe bat da izatez, eta horrelako tokietan, mutiko alaiak egon ohi dira, umorea eta ironia erabiliz, hortik dator izena».
Mikel eta Iñigo Peñagarikano anaia zumarragak eta Aranburu izan ziren taldea ofizialki sortu aurreko lehen urratsetan. «Tartean, noiz behinka, uztartu izan ditugu kantu saioak Mikel Alustiza legazpiar trikitilariarekin». Talde bezala ekin ziotenean berriz, Ibon Garmendia urretxuarra eta Amaia Aranaga urrestildarra batu zitzazkien. Urte batzuk geroago, boskotea, zazpikote bihurtu zen, Iraia Bereziartuarekin (Urrestilla) eta Endika Alzelairekin (Urretxu). Hainbat kolaborazio ere izaten dituzte tarteka, baina oinarrian, hoirek dira taldekideak.
Herriko kaleak girotzen aritzen dira. Borobil bat egin, jendea erakarri, haiek hurbildu eta denak batera lehengo eta gaurko euskal kantak kantatzen dituzte ,«inongo betorik gabe». Formatuak helburuekin bat egiten du: «Gure kamiseta eta logoan esaten den bezala Euskararen kantuan mundu bat bildu nahi dugu». Mundua «herriz herri aurkitzen dugun komunitatea da, kantuzaleak dira, Euskal Herria da gure mundua eta gure komunitatea». Dinamika «parte hartzailea eta irekia da, kontua ez da ikuskizun huts bat egitea». Kantuen bitartez «ikastea eta transmisio lan bat egitea», eta azken hori gainera, «oso garrantzitsua» dela iritzi dio Aranburuk.
Kantatzea «ariketa psikologikoa izan daiteke, baita artistikoa ere», baina Bentazaharreko Mutiko Alaientzat, «euskaraz kantatzeak badu beste esanahi sakonago bat. Herri baten adierazpena da, herri baten historia eta kezkak kontatzen dira, aldarrikapenak, sentitzeko eta bizitzeko moduak».
Euskal kantek, euskararen erabileran laguntzen dute gainera: «Euskaraz bi orduko hitzaldi oso landua prestatu dezake politiko batek, baina hizkuntza baten erabilera bultzatzeko, kantuek gehiago lortzen dute, ziur nago!».
Errepertorioaren inguruan mintzatzerako garaian, «60kohamarkadatik gorako Euskal Kantagintza Berria izendatu zutenen mugimendua oso garrantzitsua» dela deritzo Aranburuk. Eta hori da oinarri hartu dutena, baina, ondoren sortutako beste talde batzuen abestiak ere gehitu dituzte, «garaietara egokitzeko eta gazteengana heltzeko».
Gainera, ez kantatzeko aitzakiarik ez du inork izaten. Izan ere, jende guztiak «parte har eta goza dezan» kantu guztiak biltzen dituen liburuxka atera zuten: «Gehienentzat kanta oso ezagunak izanda ere, letrak oso-osorik jakitea ez da erraza, horregatik atera genuen liburuxka». Ez hori bakarrik, «abesti bat kantatzerakoan, letrek esaten dutenari, ez diogu gehiegi erreparatzen. Letra irakurrita, ordea, desberdina da, mezua gehiago iristen da». Euskal kanten artean Top 10a egiteko eskaeraren aurrean, «lehenengo postuetan Mendian gora, Salbadorren heriotzean eta Lau teilatu daude besteak beste».
Azkenik, kantu jirak «sentsibilitate desberdinak dituzten herritarrak batzeko ere balio» duela dio Aranburuk. Eta hori horrela izanda, «taldearen helburuak beteak» daudela.
Agenda
Hurrengo asteetan emaldi ugari egingo dituzte Bentazaharreko Mutiko Alaiek Euskal Herrian barrena:
- Irailak 13. Leioan, Udondo auzoan (20:00).
- Irailak 14. Donostiako Amara auzoan bazkalostean (15:30).
- Irailak 14. Mutrikun Galbaixoko jaietan (19:00)
- Irailak 22. Urretxuko Euskal Jaia (12:00).
- Irailak 28. Zallan, bazkalondoren.
- Irailak 28. Ormaiztegin, afalondoren.
- Urriak 12. Durangon (18:00).