Lazkaotarra eta ataundarra tratuan

BASHERRI_EGUNA_Lazkaon San Migel inguruan egiten den Basherri egunean herriko hainbat baserritarrek ganadua erakusgai jartzen dute. Garai batean, berriz, feriak ganadu traturako lekuak izaten ziren, eta ganaduaren salerosketa horrek bazuen bere erritua.

Joxe Migel Barandiaranek ohar etnografikoekin fitxak bete eta hauek herrika sailkatu zituen. Joxe Migel Barandiaran Fundazioaren artxiboan bilduta dauden fitxetan Ordiziako ferian lazkaotar batek eta ataundar batek egin zuten tratuaren inguruan ondorengo oharra dator.

Ataundarrak honela esan zion lazkaotarrari: «Gizona bedeinkatu itzazu irik». Honekin idiak erosteko esan nahi zion. Lazkaotarrak, esaldia askotan entzun ondoren, «San Antoniok bedeinka ditzala» erantzun zion. Eta esaldi hori esate hutsarekin itxi zen tratua.

«Argibidea behar det»

Baina tratuak ez ziren beti horren errazak izaten. Askotan idiak erosi nahi zituena ez zen konfiantzazkoa izaten saltzailearentzat. Orduan ondokoa esaten zion saltzaileak: «Argibidea behar det». Honekin adierazi nahi zuen ez ziola idirik emango fidatzailerik gabe. Erosleak fidatzailea aurkitzen bazuen, akuilua eskainiz honako galdera egiten zion saltzaileak: «Hau jasotzen al dezu?». Fiadoreak «bai» esan, eta eskuan eskaini zion akuilua jasotzen zuen. Honekin adierazi nahi zuen erosleak ordaintzen ez bazuen berak ordainduko zuela.

Behia balitz, adarretan lotuta zuen soka emango zion, akuiluaren ordez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>