Goierriko laginak ere bai

errausketa-laginak

ToxicoWatch fundazio bi zientzialariak, gaur zortzi, laginak hartzen, Zaldibiako Udarnetan.

Zubietako errauste planta martxan jarri aurretik, hark sor dezakeen kutsadura modu zientifikoan kontrolatzeko laginak hartzen aritu dira Donostialdean bi aditu. Eragin eremu horretatik kanpo ere lan bera egin dute, Zaldibian.

Irailaren 5ean jakinarazi zuen prentsaurreko bidez Zubieta Lantzen kultur elkarteak nazioarteko fundazio zientifiko bat kontratatua zutela errauste planta piztu aurretik kutsaduraren egoera zein zen neurtu eta datu propioak eduki ahal izateko. Herbereetako ToxicoWatch da fundazioa, eta haiekin batera, Eusko Jaurlaritzak akreditatutako Euskal Herriko enpresa bat aritu da zeregin berean –izenik ez da zabaldu–.

Zubietan, Usurbilen, Donostian, Añorgan, Lasarte-Orian, Hernanin, Andoainen eta Urnietan aritu ziren Abel Arkenbout toxikologoa eta Kirsten Bouman biologoa langintza horretan, joan den astean. Arrautzen, oiloen pentsuen, lur-zoruaren eta inguruko landareen laginak hartu zituzten, dioxina eta furanoak kontrolatzeko materia egokiak direla iritzita.

Baina Beterritik Goierrira etortzeko tartea ere hartu zuten bi zientzialariek. Eragin eremu horretatik berrogei kilometro pasara dagoen herriren bateko laginak hartzea ere beharrezko jotzen zuten. Zaldibiako Udarneta etxeko oilategian eta haren inguruan hartu zituzten.

Datuak alderatzeko lana

Lagin bilketa horren helburua datozen urteetan alderaketa lana egitea da, errauste planta martxan jarri aurreko eta ondorengo datuak erkatu ahal izateko. Goierriko laginak izateak bestelako informazioa ere emango die adituei, Donostialdekoekin konparatzeari begira. Ikerketa honen fase guztietan «gardentasuna» bermatuko duela esan du Zubieta Lantzenek, eta emaitzak eskuragarri egingo dituztela.

Zabalgarbiko (Alonsotegi, Bizkaia) erraustegiaren inguruko lurzoruetan ere laginak hartu zituzten, eta honako ohartarazpena egin zuen Arkenbout toxikologoak Berria egunkarian: «Inguruko lurzoruetan dauden kutsadura datuak ikusita, ondorioa da arazo serioak egon daitezkeela kanpoko oiloen arrautzetan».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>