Goierriko atletismoaren aitapontekoa

Josetxo Imaz atleta, 1999ko abuztuan, Ordiziako Altamira estadio zaharrean ateratako argazkian. / Josetxo Marin

Josetxo Imaz atleta, 1999ko abuztuan, Ordiziako Altamira estadio zaharrean ateratako argazkian. / Josetxo Marin

Hizketan eta korrika, bizkorra. Hitz gutxian, halakoxea zen Josetxo Imaz. Txindoki klubaren sortzailea izan zen.

«Txiripaz» barneratu zen atletismoaren munduan Josetxo Imaz Fernandez beasaindarra, 1946an. Hala kontatu zion Xabier Gartziari 1992ko maiatzeko Goierritarra aldizkarian publikatu zuen Atleta handi baten erretratu ttikia artikulurako egin zion elkarrizketan. «Lagunak batetik bestera korrika ibiltzen ginen, eta egun batean Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa jokatu behar zela jakin genuen. Bigarren sailkatu nintzen».

Hurrengo urtean, 15 urte zituela, Realarekin fitxatu zuen, eta Gipuzkoako Txapelketa irabazi. Hiru denboraldi egin zituen han, postu onak lortuz beti. Donostiatik Beasainera bizitzera etortzearekin batera atletismoa utzi zuen, hara entrenatzera joateko modurik ez zuelako. Beasaingo Loinatz futbol taldean hasi zen, atezain.   Gero Euskaldunan aritu ziren, eta bizitzaren beharrak eraginda, futbola ere utzi zuen.

Zorigaitza errepidean

Berrogei urteak ondo paseak zituela itzuli zen atletismora, eta ezin konta ahala txapelketa eta domina irabazi zituen beteranoetan. Distantzia motzetan aritzen zen batik bat (60, 100, 200, 300, 400 metro, baita iraupen erdikoetan ere (800 eta 1.500 metro). Hamaika herrialde ezagutu zituen atletismoari esker, baita bigarren emaztea ere, Gloria Guerrero atleta beteranoa –alargunduta zegoen Imaz– Lorpenik handiena 1989an, munduko txapeldun 300 metro hesietan, Danimarkan.

Zorigaitza errepidean etorri zitzaion, 2000. urteko urriaren 6an. Bartzelonan bizi zen orduan Imaz Guerrerorekin, baina maiz etortzen zen Goierrira familiarekin egotera. 1970ko hamarkadan sortu zuen Txindoki atletismo klubeko zuzendaritzako kide izaten jarraitzen zuen. Klubeko bilera batera etorria zen, eta Kataluniara bueltan, autobus istripuan hil zen Martzilla parean (Nafarroa), 68 urte zituela.

Urte hartako azaroan odol berria sartu zen klubeko zuzendaritzara –tartean Iñaki Imaz semea–, eta Goierriko atletismoaren aitapontekoaren oroimenezko korrika proba herrikoia antolatzea erabaki zuten. 2001eko irailaren 30ean izan lehena;  igandean da 19.a.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>