Txikitatik etxean ikasitakoa oso maitea du Ane Urkia idiazabaldar gazteak. 22 urte ditu eta gurasoen baserrian laguntzeaz gain, plazarik plaza ibiltzea ere oso gustuko du. Prudentzio Urkia, gaztearen aita, aspalditik Pirenaika arrazako behiekin ari da lanean. Zaintzen dituzten behiekin urtean zehar irabazitako txapelketak zenbat diren zehaztea zaila da. Baserrian ikasitakoaz eta batez ere gizonen eremua izan den horretan emakume gaztea izateak zer suposatzen duen, horren guztiaren inguruan mintzatu da.
Gurasoen baserrian, Urbizu Berrin, zer lan egiten duzu?
Pirenaika arrazako behiak ditugu. Haien zaintzan laguntzen dut eta Euskal Herrian zehar azokak daudenean, baita erakustaldiak daudenean ere, aitarekin batera joan ohi naiz.
Ordiziako Euskal Jaietan ere Garagartza plazan izan zinen.
Horrelako egunak oso garrantzitsuak dira guretzat, baserrian egiten dugun lanaren erakuslehio direlako. Ordiziako Euskal Jaietan gaztak izan ohi du protagonismo gehien, baina lehen sektorean beste jarduera batzuetan ere bagabiltza.
Orokorrean, baserriko lanetan aritzen garen guztiontzat horrelako egunak behar-beharrezkoak dira, isolatuta gera ez gaitezen.
Animaliekin, plazan, emakumeen presentzia ez da oso ohikoa. Zu emakumea izateaz gain, oso gaztea zara.
Askotan esaten didate hori. Askorentzat arraroa bada ere, nik txikitatik bizi izan dudan zerbait da. Nire aita duela urte asko hasi zen Pirenaika arrazako behiekin lanean, eta ez dakit esaten zenbat urterekin hasi nintzen ni; oroimena dudanetik, bai atzeko lanak egiten baita aurrean ere. Plazara ateratzen naizenean bat gehiago sentitzen naiz, ez naiz batere arraro sentitzen, ez gaztea izateagatik ezta emakumea izateagatik ere. Oso ondo zaintzen naute eta oso gustura ibiltzen naiz.
«Txikitatik etxean ikusi dudana izateaz gain, benetan gustuko dudan lana da»
«Baserrian biziko naiz, baina lan merkatuan saiatuko naizela uste dut»
Zer ematen dizu animaliekin lan egiteak?
Txikitatik etxean ikusi dudana izateaz gain, benetan gustuko dut. Bestela ez nuke egingo. Gainera, lan honen bi aldeak ditut gustuko, baserrian egiten duguna, jendeak ikusten ez duena alegia, baita plazara ateratzea ere.
Kontatu nolakoa den urte osoko lan hori.
Europatik datozen legeek buru gehiago edukitzera behartu gaituzte, soldata minimo bat irabazteko lan handia egiten dugu beraz. Negu partean, etxean egiten dugu lan gehien, ukuiluan izaten baititugu abere gehienak. Udaberriarekin, ganadua kanpora ateratzen dugu, zelaietara eta mendira.
Ganadua zaindu eta belar lanak dira egiteko nagusiak udan. Udazkenean, hiru azoka oso garrantzitsutan parte hartzen dugu, Ordizian, Elizondon eta Gernikan. Idiazabalen ere Baserri Eguna egingo dute urrian eta hantxe ere egongo gara. Azokak pasata, ganadua etxera gerturatuko dugu.
Pirenaika arrazaren inguruan zer kontatu dezakezu?
Bertako arraza da, eta gaur egun haragitarako erabiltzen da. Kanpotik datozen beste arraza batzuekin konpetitu behar izan du urtetan, baina genetika hobekuntzari esker, ondo mantendu da. Bestalde, erakustalditan eta txapelketetan gabiltza. Horrek diru laguntza bat suposatzen du eta gainera, herritar guztiek bertako arraza ezagutzeko ere balio du.
Gehitu nahiko nuke, Pedro Katarain idiazabalgo abeltzainak arraza honen alde lan handia egin duela. Eredu izan da lehengo eta oraingo generazioentzat eta horregatik eskerrak.
Txapelketatan, zer baloratzen dute?
Animaliaren kanpoko itxura: morfologia, zabalera, mutur aldea, adarren forma, aurpegiaren espresioa, kolorea, ilea eta beste hainbat ezaugarri.
Baserriko lanaz aparte, zertan ari zara?
Albaitaritza egiten hasi nintzen baina ez nintzen gustura sentitu eta Ingurumen Zientziak ikasten ari naiz orain, Gasteizen. Landa garapenari buruz asko ikasten ari naiz.
Nola uztartzen dituzu baserriko lanak eta ikasketak?
Beti daukat egiteko zerbait, uda zein negua izan. Astean zehar ikasten ari naizenez, baserrian ez dut hainbeste laguntzen. Ostiraletik hasi eta asteburu osoan zehar gehiago laguntzen dut. Ondo antolatzea da kontua.
Zure etorkizuna zertan ikusten duzu?
Baserrian bizitzen bai, baina lan merkatuan saiatuko naizela uste dut. Baserritik bizitzea ez da erraza. Ez dut uste hori izango denik aukeratuko dudan bidea. Momentuz, ikasketak amaitzea da nire helburua.