Urriko lehenengo igandean, urriaren 6an, ospatuko da Zarautzen, Gipuzkoako Ikastolen Kilometroak festa, Salbatore Mitxelena Ikastolak antolatuta. Ni, hi, hura Ikastola Mundura! lelopean, 7,7 kilometroko ibilbidea prestatu dute zarauztarrek eta hiru gune egokitu dituzte ekintzetarako: Malekoia, Ikastola eta Mollarri.
Goierritar ugarik urteroko hitzordua izaten dute Kilometroak jaian, eta gune horietan, batetik bestera ibiliko direnak, Gipuzkoako 21 ikastolatako 14 eta 16 urte bitarteko Erronkari gazteak izango dira. Tartean izango dira Legazpiko Haztegi, Ordiziako Jakintza, Urretxuko UZ Ikastola (iazko irabazleak) eta Beasaingo Andramendi ikastoletako gazteak ere. Beasaindarrek lehenengo aldiz hartuko dute parte.
Erabilitako 25 litro olio
Ekainaren 30erako bete behar izan zuten lehenengo erronka: taldea aurkezteko bideoa egitea. www.erronkak-kilometroak webgunean daude ikusgai eta herritarrek bideorik gogokoena bozkatzeko aukera izan dute. Hiru sari banatuko dituzte bideo onenengatik: lehenengoa, mila eurokoa; bigarrena, 500 eurokoa; eta hirugarrena, publikoaren saria, 250koa.
Bigarren erronka ere betetzear daude: iganderako, erabilitako 25 litro olio Zarautzera eramatea. Izan ere, zenbat eta olio gehiago eraman, orduan eta puntu gehiago lortzeko aukera izango du taldeak. Beasaingo gazteak, Ikastolako gainerako ikasleen laguntzarekin ari dira helburua lortzen. Gainerako probk egunean bertan egin beharko dituzte Malekoian eta Ikastolan. Kilometroak kantaren 30 segundoko koreografia, orientazio proba, bertsoak osatu, triatloi estatikoa, laberintoa, Hiru lerroan, Hi Selfie, sukaldaritza eta artelana. 14:30ean, Ikastolara joango dira guztiak, bazkaltzera.
Proba guztietan lortutako puntuak batu ondoren, puntu gehien lortu dituzten lehen lau taldeentzako izango dira sariak. Lehenengo taldearentzat 1.000 euro; bigarrenarentzat 500 euro, hirugarrenarentzat 300 euro eta laugarrenarentzat, asteburu bateko egonaldia Askizu aterpetxean.
Azken Kilometroak
42 urteko etapa itxiko da igandean Zarautzen: azken urteetako moldean egiten den azken jaia izango da, eta datorren urtean aro berri bat abiatuko dute Gipuzkoako ikastolek. 2021ean Amasa Villabonako Zubimusu ikastolak antolatuko du jaia, beste eredu batean oinarritua, eta Gipuzkoako ikastola guztiek izango dute parte hatzeko aukera. Lehenengo Kilometroak jaia Beasainen egin zen 1977. urtean. Harrezkeroztik, Goierrin, zazpi aldiz egin da Kilometroak festa.