«Marino neukan horman, eta orain bere proban omentzea izugarria da»

JOSEBA_BELOKI_DORRONSORO_T

Lau urte besterik ez zen bizi izan Joseba Beloki (Lazkao, 1973) San Jose auzoan, baina oraindik begiradak hara ihes egiten dio Olaberritik behera bizikletan doanean. XXI. mende hasierako euskal ziklista onena eta munduko onenetakoa izan zen, Frantziako Tourrean hiru aldiz podiumera igoa. Ordizian omenduko dute urriaren 6an, txikitan miresten zuen Marino Lejarretaren izeneko klasikoan.

Omenaldien aroan sartu zara. Nola hartzen du batek hori?
Ondo. Ordiziako omenaldiak ilusio espeziala egiten dit. Anaia Gorkak eta biok Marino [Lejarreta] geneukan etxeko paretan eta logelako posterretan, haren sinadurak genituen. Gero ekipoan zuzendari izan nuen, eta orain laguna dut. Bere proban omendua izatea ezin handiagoa da niretzat.

Umetan Marino zalea ala Gorospe zalea zinen galdetzera nindoan…
Marino zalea. Julian Gorospe ere izan nuen zuzendari, Euskaltelen, profesionaletako lehenengo bi urteetan. Baina Marino zalea nintzen.

Baina lehenengo omenaldia al duzu, ala ez?
2007an bukatu nuen profesional bezala, eta harrezkero ibili izan naiz hemendik hara, omenaldiak jasotzen. Aspaldiko kontuak dira. Txapela batzuk eman dizkidate horrela, erretiroa hartu eta gero ere. Asko bidaiatzen dugu, eta etxekoekin erlazioa duen zerbaitetan egotea oso polita da.

Ordizian, Goierrin omenduko zaituzte. Jaiolekuan.
Goierrirekin erlazio polita daukat. Etxetik gertu dut, eta familiartekoak ere han dauzkat. Ordizian, gainera, Marinoren Klasikoan orain arteko omenaldi guztietan ibili naiz, Txapel Gorriko jendeari laguntzen, gehien bat Alberto Gonzalezi. Bera da dinamikoa eta jendea ekartzen ibiltzen dena. Nik laguntza eskaini nien lehen unetik, eta ordutik hortxe nabil. Abraham Olano eta beste batzuk omendu dituzte, eta aurten Joseba Beloki izatea izugarria zait.

Ordizia bihurtu da garai bateko Txitxarroko Igoera?
Bai. Guretzat, txirrindulari ohi eta zaleentzat, urtero festa polita izaten da. Lehenago Txitxarrora joaten ginen urte bukaera ospatzera. Orain Ordizian egiten da: aspaldiko kontuak astindu, lagunak ikusi, urtero jende desberdina etortzen da… Lehen ia egunero ikusten genuen elkar errepidean edo karreretan; orain, bazkarian. Ederra da.

Festa giroa ere behar baitu txirrindularitzak.
Bai, eta goraipatu nahi nuke Ordizian egin duten lan hori. Eskertu beharrean gaude, txirrindulari izan ginenontzat izugarrizko aitortza delako.

Txirrindularitza profesionala utzi zenuenetik 12 urte igaro dira. Mantentzen duzu lotura?
Teknikari bezala, gehien bat. Eskola-akademia bat daukat, eta ume koxkorrekin ibiltzen naiz. Bestetik, teknifikazio planetan nabil 23 urtez azpikoekin eta profesional batzuekin. Horrek mantentzen nau aktibo eta zuzeneko kontaktuarekin. Radio Euskadin ere kolaboratzen dut, eta horregatik egunerokoa ere jarraitzen dut. Babesleak dauzkat, eta haiekin beste esparru batzuetan lan egiten dut. Horrela da nire eguneroko bizitza eta lan bizitza; zeren, azkenean, lana egin beharra daukat.

Telebista probatzen ari zara, irratian aditu jada, prentsa idatzian ere aritu zara… Kazetaritzarako dohaina baduzu.
Bada, nire ilusioa horixe zen, gaztetatik. Ni delineatzailea naiz ikasketaz, baina lehenengo plana kirol kazetari izatea nuen. Ez naiz kazetari, ordea. Ez daukat kazetaritza ikasketarik, eta bakoitzari berea zor zaio. Ni kolaboratzailea naiz. Publizitate munduan sartu nintzenean gehien kezkatzen ninduena zera zen: ahalik eta azkarren ikasi eta dinamiko bihurtu; egunerokoa automatismo bihurtu.

JOSEBA_BELOKI_DORRONSORO«Goierrirekin erlazio polita dut. Etxetik gertu dago, eta familiartekoak han dauzkat»

«Gaztetatik, nire ilusioa kazetari izatea zen. Baina kolaboratzaile bakarrik naiz»

«Erromantizismo puntua galdu du txirrindularitzak. Taldeen desorekak asko zaildu du»

Euskaraz, Goierriko jatorria nabari zaizu.
Aita zaldibiarra nuen, eta ama Arriarangoa. Aita lan kontuekin larri ibili zen une batean, eta Gasteizera etorri zen, beste fundizio batera. Gu umetan etorri ginen Lazkaotik, baina ostiraletik astelehenera Beasainera, Arana kalera joaten ginen, aitona-amonak han bizi ziren eta. Bizikletan hasi nintzenean, 9 edo 10 urterekin, karrerengatik Gasteizen geratzen hasi ginen. Jada Beasaingo pisu hura ez daukagu, Goierrin elkartokia erdi galdua dugu, baina gustura joaten gara.

Lazkaon, non jaio zinen?
San Jose auzoan bizi ginen. Nahiz eta oso ume alde egin nuen handik, lau urterekin, baditut Lazkaoko oroitzapenak: bizikletarekin ibiltzen nintzen. Oraindik, Olaberritik behera bizikletan pasatzen naizenean, etxe haiek ikusten ditut; ezkerrera, bigarren pisua…

Teknikari ari zara orain; txirrindularitza ez dago onenean, ala?
Orain arte edo duela urte batzuk arte izan duen erromantizismo-puntua galdu du txirrindularitzak. Ikusi besterik ez dago profesionalen taldeen arteko estatus diferentzia: Ineos bat 40 milioiko aurrekontuarekin, eta bitartean Euskadiri, Muriasi edo besteei 2 milioi eskatzen ari gara, hor egoteko. 40/2, izugarrizko aldea da. Mundua globalizatu da, eta txirrindularitza-mundua ere bai. Oso zail dago. Lehen egon ziren Fagor, Once, Banesto, Hueso, Dormilon… enpresak, ez dira itzuliko. Gazteek profesional izateko ekiporik ez daukate orain, eta harrobia ilundu egiten da.

Horren prekarioa da?
Bai. Baina gaztetxoekin landu beharra daukagu guk. Eskolarekin pozik nago: 25 haur dauzkat, gehiago ezin ditut hartu.

Ofizioa erakutsi, behintzat. Bestea ez dago norbere esku…
Txirrindularitza zer den ikusarazi nahi diet, kultura polita dela erakutsi. Peter Sagan zein den bakarrik ez, jakin dezatela zein izan ziren Marino Lejarreta, Indurain edo Olano. Beste erreferente batzuk eman nahi dizkiet, momentu askotan nolako jokabidea izan zuten eta zer egin zuten ikus dezaten. Hori da berpiztu behar dugun espiritua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>