Nagore Belastegi eta Iraia Oiartzabal

Nagore Belastegi

Zinemaldiko zurrunbiloan murgilduta pasatu ditut hamar egun eta ez da erraza errealitatera itzultzea. Iraiak txoko honetara ekartzeko gaia aukeratzeko eskatu zidanean buruari bueltak ematen hasi eta zinemetako pantailetaz kanpo hutsa besterik ez nuen aurkitu. Zer esan? Beraz, barkatuko didazue baina egun horietatik niretzat unerik gozoena izan denari helduko diot.

67 ediziotan hamarnaka dira zinema munduan emandako bizitza txalotzen duen Donostia Saria jaso duten pertsonak, baina zerrenda luze horretan –gizonezkoak emakumezkoak baino askoz gehiago diren horretan– euskaldun bakar bat ere ez da ageri. Hori dela eta, euskara periferian gelditzen da halako gala dotoreetan. Batzuetan sarituak esfortzua egiten du non dagoen jakiteko, eta hirian dastatu dituen pintxoez edo hondartzan eman dituen paseoez aparte, San Sebastian Donostia dela ikasten du, eta bertan buenas noches gabon esaten dela.

Baina Kanadako 84 urteko gizon bat etorri behar izan da gure oroimenean betiko gordeko ditugun minutu batzuk sortzeko. Donald Sutherland aktoreak bere saria eskuan zuela honakoa esan zuen, euskaraz: «Gabon denori. Ohore handia da niretzat hemen izatea. Mila esker Euskal Herria»  Euskal Herria. Bi hitz eta milaka sentimendu. Gogoratu dezagun duela aste batzuk Joseba Argiñanok bi hitzBelastegi-Oiartzabal horiek esan zituenean zalaparta handia sortu zela. Izan ere, hitzak hori baino gehiago dira; erabaki politiko bat dira.

Iraia Oiartzabal

Zalaparta sortzen iaioak dira hainbat gure bazterretan eta urrunagoetan. Hitzak, zuk diozun bezalaxe, hizki elkarketa hutsa baino gehiago direlako. Eta askotan egiten dugun hautaketak eta erabakiak ematen diete zentzua eta esanahia. Sutherlanden hautuak ederki erakusten du hori. Ez zen keinu adeitsu bat bakarrik izan, euskal herritar askok eskertu geniona. Errespetu eta aitortza seinale bezala ere hartu liteke.

Mundu osoko kazetariak Kursaaleko kristalezko hezurduraren azpian gertatzen denari so dauden bitartean, alfonbra gorriaren eta izarren diztiraz harago doazen momentuak ere bizitzen dira. Euskal zinema bera bere lekua egiteko ahalegin nekaezinean dabil eta aurtengo Zinemaldia horren erakusle ere izan da. Euskal Herria bere mapatxo mentalean kokatu zuen Sutherlandek eta hala iradoki zion munduari oholtza gainean hitza hartu zuenean. Zenbat euskal herritar izan ote da kritikatua, baztertua edo kriminalizatua bere herriaz eta sinismenez publikoki hitz egiteagatik? Kulturaren munduan zerrenda luzea osatu daiteke. Eta hortxe dago koxka, hautu politiko ororen errespetua eta adierazpen askatasuna oraindik ere askori ulergaitza egiten zaizkion oinarrizko kontzeptuak direla.

Horregatik keinurik txikiena da ongi etorria, hitz soilei bere neurria emateko, munduaren aurrean garena kontatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>