«Mugaren bi aldeetan dauden muturrak ukitzen dira, mina eta plazera»

Alaia_Mujika-1

Gorputza aireratu, azaletik zintzilik, eta txorien moduan hegan egin. Askatasun sentipena lortzeko bidea da gorputz suspentsioa. Muturreko praktika bat da eta askok agian ez dute teknika hori ezagutzen, eta gutxi asko ezagutzen dutenei ere  haien ulermenetik ihes egiten die. Beasaingo Eki Piercing Shopeko 20. urteurrena ospatzeko antolatutako jaialdiaren barruan, gorputz suspentsio erakustaldia egin zuten Gaztetxean, irailean. Alaia Mujikak (Beasain, 1979) Eki Piercing Shopeko arduradunak, egiten duen lanaren eta gorputz suspentsioaren inguruko hainbat argibide eman ditu.

Urteurrenaren harira festa handi bat ospatu zenuten.
Bai, hala da! Beste toki batzuetan tatuaje estudioek urtero horrelakoak antolatzeko ohitura dute. Eki Tattok, orain Eki Piercing Shop denak, sekula ez du festarik izan eta 20 urte beteta, modu berezian ospatzeko unea zela pentsatu nuen. Lankideak eta lagunak ondoan izan ditut guztia prestatzeko. Oso polita izan zen, azkeneko unean oso urrutitik etortzekoak ziren bi lagunek etortzerik ez bazuten izan ere.

Eskualdean ezaguna zara piercingak jartzeagatik. Nola hasi zinen?
Bartzelonako Lembroux estudioan ikastaroak ematen zituzten, eta hantxe hasi nintzen piercing-aren munduan lehen urratsak ematen, 16-17 urte nituenean. Harrezkero asko aldatu den arlo bat da. Bai irakasteko moduan, bai eman beharreko arretan, bezero mota asko aldatu baita. Gaur-gaurkoz bitxigintza kontsideratzen da.

Alaia_Mujika-3«Oinak lurretik aireratzen diren une horretan aske sentitzen zara»
«Gorputz suspentsioa norbanakoa hobeto egoteko erraminta da»

Urteurren festan, gorputz suspentsioa egin zenuten gaztetxean. Nola esplikatuko zenioke zer den hori  gaiaren inguruan sekula  entzun ez duenari?
Azalpen teorikoa eman behar badut, azalean perforazioak egin eta horien bidez kako batzuk sartu eta zintzilikatzea dela da erantzungo nukeena. Baina hori baino harago badago beste erantzun bat. Gorputz suspentsioa norbanakoa hobeto egoteko erraminta bat da. Begira, pertsona guztiak desberdinak gara, eta batzuk bakea eta lasaitasuna lortzeko muturreko praktikak egiten ditugu.

Lasaitasuna lortzeko esan duzu, askorentzat bitxia izan daiteke hori.
Beti dago arrazoi bat, baina pertsona adina arrazoi daude. Guztiak ezberdinak gara. Batzuk medikamentuak hartzen dituzte, beste batzuk mozkortu egiten dira, muturreko kirol probak egiten dituzte beste batzuk edo psikologora joaten direnak ere badaude, besteak beste.
Gorputz suspentsioa, muturreko praktika bat izanda ere, norberaren barnean bakea lortzeko bide bat da, askorentzat ulertzeko zaila bada ere. Oinak lurretik aireratzen diren une horretan aske sentitzen zara, azaltzeko zailak diren sentsazioak bizitzen dira. Ez da medizina, ez du sendatzen, baina hobeto sentitzeko erraminta bat da.

Nola egiten duzue?
Lehenik eta behin oso prestatuta dagoen pertsona talde bat behar da. Edonork ezin du horrelako zerbait egin eta gidatu, oso arriskutsua izan daitekeelako. Kontutan izan, gorputz suspentsioa egiterakoan azaletik zintzilikatzen garela. Nola egin guztiz kontrolatzen duten pertsonek gidatu behar dute prozesua hasieratik bukaerara. Nik neuk 18 urte daramazkit piercing-ak jartzen, baina ez naiz gai gorputz suspentsiorako lana egiteko. Horrelako praktiketan esperientzia handia dute Indigenak osatzen duten Alex Pereirok eta Maria de Lluc-ek.
Bestalde, azalean suspentsiorako beharrezko tresnak jartzeaz gain, beste zerbait ere behar-beharrezkoa da. Zintzilikatuko den pertsona blokeatu egin daiteke prozesuaren uneren batean, eta hori gerta ez dadin edo hala gertatuta ere, pertsona hori egoera hortatik ateratzen jakingo duen pertsona talde batek egon behar du ondoan. Normalean, bi edo hiru pertsonek gidatu ohi dute suspentsio bat. Horrelako praktikak egiten ditugunean, errespetua, enpatia, eta laguntasuna behar dira, besteak beste.

Aldaera desberdinak daude.
Bai, hala da. Gorputz atal ezberdinetatik zintzilika zaitezke eta guztiak dira oso desberdinak. Arrisku maila ezberdineko suspentsioak daude. Nondik zintzilikatu, sentipenak ere indartsuagoak izan ohi dira.

Lehenengo aldia denean nola egiten duzue?
Bi kakorekin bizkarretik egin ohi da, presio gutxiago sentitzen den gorputz atala delako. Nik hala egin nuen lehenengo aldian.

Eta hurrengo egunak nolakoak dira?
Gorputza minberatuta geratzen da, agujetak izaten direnean bezala, baina emozioei dagokionez laino batean bezala zaude eta hori kudeatzen ere ikasi behar da, sentsazio on horien ondoren errealitatea zain  baitago eta batzutan behera etortzeko arriskua ere badagoelako. Ikastaroak daude hori kudeatzen ikasteko.

Edonork egin dezake gorputz suspentsioa?
Nahi izatea da kontua, esperimentatzeko eta askatasunera iristeko gogoa izatea behar da. Mugaren bi aldeetan dauden muturrak ukitzen dira, mina eta ondoren plazera. Bakoitzak bere bidea bilatu behar du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>