Inaxio Usarralde eta Joxepa Madariaga

Inaxio Usarralde

Zuzenbideaz jardun nahi dinat gaur, Joxepa. Hobeto esanda, zuzenbidearen funtzionamenduaz. Zehazki, ikasturte judiziala hasi dela entzun dudan egunean ari naun idazten, eta berehala joan zaidan burua une honetan nire arreta bereganatzen duten bi auzietara, zer epai emango ote duten pentsatuz: Altsasuko gazte espetxeratuen auzia eta Kataluniako proces-ean auzipetutako politikarien aurkakoa.

Lehenengoari dagokionez, lehengo irailean aztertu zinan Espainiako Auzitegi Gorenak gazteen aurkako epaiari jarritako helegitea. Zehazki, aztergai izan zinan akusatuak absolbitu behar ote diren edo jarri zizkieten zigorrak murriztu daitezkeen: defentsak eskatutakoari erantzunez.

Bigarrengoari dagokionez, Kataluniako buruzagi independentisten aurka izan zen epaiketaren epaia dun jakin-mina pizten didana, aurki emango dutela esan eta esan ari baititun hedabideak.

Zein luzea izan behar duen itxaronaldiak, inongo errurik izan gabe, horrelako kinka batean dagoenarentzat! Zenbat amets ezerezaren putzura? Horri lotuta, justizia egin kasuaz erabakia hartu behar dutenek berdin jokatzen al diten denekin, edonon?

Burutazio horietan nabilela mamu izugarriak agertzen zaizkidan. Nork mugitzen dizkin justizia delako horren hariak? Epaileen kontua bakarrik al dun?

Ea zer datorren… Hik zer espero dun?Usarralde-Madariaga Nik ezer onik ez, desioa beste bat bada ere. Aurrean Espainia daukagula ez dezagun ahaztu.

Joxepa Madariaga

Aupa!, Inaxio. Zuzenbideaz? Justiziaz? Zuzenbide ezaz jardun beharko diagu. Zuzenbiderik ez, injustizia ugari bizi diagu. Altsasuko gazteak eta Kataluniako politikariak, denak preso. Injustizia! GoiBerri hau argitaratzen denerako, behar bada, bi gai horien inguruan erabakiren batzuk hartuak eta publiko izango ditiagu. Ziur nauk, haserrea, amorrua, sua eta inpotentzia sentituko ditugula, askok, justua ez den justizia honen erabakia jakitean. Eta, berriz ere, mobilizazioak antolatu beharko ditiagu. Kalera irten eta protesta egin; zer beste irtenbide geratzen zaiguk, bada?

Ez diat sinesten zuzenbidean, ez politikan. Nola sinestu, bada, emakumeak jipoitu, bortxatu eta hiltzen dituzten gixonak (ez baitituk gizonak, bakarka nahiz taldean, horretan ari direnak), atxilotu eta bigarren egunerako kalean, libre, uzten dituztenean? Gogoak emandakoan, berriz ere, beste horrenbeste egiteko prest. Zuzenbideak, gure zuzenbideak, kasurik onenean, bortxatzaileei urruntze-agindua ezartzen ziek eta bortxatuei bizkartzaina. Kontxo! Gizonak erasotu emakumea eta emakumeari jarri bizkartzaina? Zein duk arriskutsua? Zeinek egin dik barrabaskeria? Nork dik zaindu beharra, berriz ere horrelakorik egin ez dezan? Emakumeak gorriak ikusi ditik, arrasto latzak geratu zaizkiok bizitza guztirako eta maitasuna, laguntza, lasaitasuna eta askatasuna behar ditik, ez bizkartzaina. Zaintza, inork behar izatekotan, erasotzaileak behar dik, berriz ere erasotzeko tentaziorik izaten badik, ekiditeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>