Neskak, ikastera!

Legazpiko_Santa_Teresa_ika(1)

Urriaren 15ean 50 urte beteko dira Legazpiko Santa Teresa mojen ikastetxea inauguratu zutenetik. Patrizio Etxeberriaren ekimenez neskentzako eraikitako eskolak bide luzea egin du harrez gero; gaur Olazabal institutuaren egoitza da.

Herri gehienetan bezala, hezkuntza mapa oso bestelakoa zen Legazpin duela 50 urte. Gaurko ikastetxeak –Domingo Agirre eskola publikoa, Olazabal institutua eta Haztegi ikastola– mistoak, euskaldunak eta anitzak dira, baina lehengoetan neskek eta mutilek bereiztuta ikasten zuten eta euskarak ez bezala, erlijio katolikoak toki handia zuen; neskek, gainera, ez zuten goi mailako ikasketak egiteko aukera handirik.

Hala, neskentzako Santa Teresa ikastetxea sortu aurretik, eskola nazionalak, Patrizio Etxeberria enpresaburuak bultzatuta 1942an ireki zen salletarren Buen Pastor, Santa Cruz akademia eta sortu berria zen Kimu-Berri ikastola ziren aukerak. Buen Pastorren 10 urtetik gorako mutikoek ikasten zuten, garai hartako batxilergoa egiten zuten han; lanbide eskola ere izan zen tarte batean. Santa Cruz akademia, berriz, 1961-62 ikasturtean jarri zuen martxan sortu berria zen herriko guraso elkarteak, 10-14 urte bitarteko neskei zuzenduta batez ere. Ikastolak ere lehen pausoak emanak zituen dagoeneko, 1967an 41 haur txikiekin hasita.

Testuinguru hartan, eta Legazpiko egoera demografikoak lagunduta –9.000 baino biztanle gehiago zituen, eta goranzko joera– sortu zen mojen Santa Teresa ikastetxea, Patrizio Etxeberriaren emazte Teresa Agirreren ekimenez.

Legazpiko_Santa_Teresa_ika(2)

Agintariak inaugurazio egunean.

Neskentzako ikastetxea

Aurtengo urriaren 15ean 50 urte beteko dira gaur egun Olazabal institutuaren egoitza den eraikuntza inauguratu zenetik.  Neskentzako Santa Teresa ikastetxeak 14 urte iraungo zuen ibilbidea abiatu zuen horrela, Ama Vedrunaren karmeldar mojen zuzendaritzapean.

Herriko enpresaburu handiaren emaztearen nahia izan zen lantegiko langileen alabentzako ikastetxea sortzea. Tokia aukeratu eta gero –Olazabal baserriaren inguruak– 1964an egin ziren lehen lur mugimenduak bertan, eta lehen harria jartzeko ekitaldia 1966ko apirilaren 23an egin zuten, Teresa Agirreren urtebetetze egunean.

Hiru urte iraun zuten obrek. Luis Alustiza arkitektoak hasi zituen, eta hura hil ondoren, Carlos Sobrinik eta Javier Peñalbak amaitu. Manuel Urkolak eraman zuen lanen zuzendaritza. Bitarte horretan, Patrizio Etxeberriaren suhi Jesus Segurak ikastetxe berriaz arduratzeko eskaria egin zien karmeldar mojei. Lehen moja komunitatea 1969ko abuztuaren 13an ezarri zen Legazpin; ama nagusia Miren Gurutze Laka Goikoetxea zen. Irailaren 27an elizako aldarea bedeinkatu zuen Jacinto Argaia apezpikuak. Hiru irudi jarri ziren elizan: Kristorena, Sorkunde Garbiarena eta Santa Teresarena, hirurak Sanchez Furio artista nafarrak egindakoak.

Santa Teresa ikastetxea 1969ko urriaren 15ean inauguratu zen; haren bultzatzaile Teresa Agirrek, ordea, ez zuen ezagutu, aurreko urteko maiatzean hil baitzen. Inaugurazio ekitaldian Etxeberria familia osoa, udaleko ordezkariak eta herritar ugari izan ziren. Meza eta luntxa eman zuten.

Legazpiko_Santa_Teresa_ika

Ikasle talde bat Santa Teresa ikatetxean.

Baina klaseak hasita zeuden, urriaren 2an, hain zuzen. Sei gelatan banatu zituzten herriko 232 neska izan ziren lehen ikasleak; garai hartako Lehen Hezkuntzako 4. maila edo Batxilergoaren aurreko prestakuntza eta Batxilergoko 1. eta 2. maila  ikasten hasi ziren –9-10 urte zituzten–. Fabrikako langileen alabek hileko 150 pezeta ordaintzen zuten eta gainerakoek 300 pezeta.

Uniformeak eta amantalak, mezak, mojak, irakasleak… Legazpiko hainbat eta hainbat emakumeren memorian geratu dira gordeta. Askorentzat ahaztezinak, baita ere, ikastetxeko kaperan ospatu ziren ezkontzak, eta eraikuntzaren alboan zeuden kanpaiek deituta igandero ematen ziren mezak, askotan Celeste ahizpak organo doinuekin lagundutakoak.

Fusioak

Baina hasieran neskentzat soilik sortu zen ikastetxeak mutilenekin bat egin zuen 1970ean, OHO hezkuntza sistema martxan jartzeko onartu zen legearen ondorioz. Hala, Santa Teresa eta Buen Pastor fundazio batean elkartu ziren kudeaketa administratiborako, eta geroago, 1975ean, Kimu Berri ikastola batu zitzaien –Buen Pastorreko gelak erabiltzen zituen ordurako ikastolak–.

Santa Teresa eta Buen Pastorren arteko benetako fusioa ez zen 1980ra arte gauzatu ordea. Orduan, 1980-81 ikasturtean mojetako ikasle zaharrenak eta hainbat irakasle fraideen eskolara joan ziren, eta ikastetxe bakar eta misto bi-
hurtu ziren biak. 1985ean, berriz, ikastetxe hark ikastolarekin bat egin zuen eta Haztegi sortu zen.

REM eta Olazabal

Buen Pastorrekin bat egindako Santa Teresa ikastetxearen azken ikasturtea 1984-1985 izan zen. Ordurako, zentroa Legazpiko Udalarena zen, Patrizio Etxeberriaren oinordekoek hari eman eta gero. Udalak Hezkuntza Sailari eman zion eraikuntza, heziketa ertaineko ikastetxe bihurtzeko helburuz.

Izan ere, garai hartan Legazpiko gazteek Urretxu, Zumarraga edo Oñatira joan behar izaten zuten derrigorrezko hezkuntzatik aurrerako ikasketak egitera (Batxilergoa eta UBI, edo Lanbide Heziketa). Harekin kezkatuta Legazpitik Unibertsitatera lemapean elkartu zen herriko guraso eta eragile talde baten ekimenez, mojen ikastetxe zaharrean Legazpiko Batxilergo Institutua irekitzea lortu zen. 1985eko urriaren 1ean eman ziren lehen klaseak han.

Irakaskuntza Ertainen Erreformako ikasketak ematen zituen, gaztelaniaz Reforma de las Enseñanzas Medias edo REM. Horregatik deitzen zitzaion REM. Lehen ikasturte hartan 93 ikasle eta 14 irakasle izan zituen. Mertxe Etxeberria izan zen lehen zuzendaria.

Institutuak Olazabal izena hartu zuen 1996ko uztailaren 30ean, han zegoen baserria gogoratuz. Harrez gero DBH eta Batxilergoko ikasketak eskaintzen dira bertan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>