Sutan dantzan

NEKANE GONZALEZEsku zaildu parearen manipulazio landuaren fruitua naiz. Eskularru mardul batzuk dira esku horien eta nire gorputzaren arteko muga bakar. Trebe ari dira lanean. Tramankulu tekniko eta material sukoiak dituzte baliabide nagusi, eta teknika ikasien bidez eman didate gorputza. Txiki sortu naiz hasiera batean, eragileak nahi izanez gero, putz eginda berriz desagerrarazteko moduan, baina ernamuin txiki horretatik haziz eta gorpuztuz joan naiz. Hori-laranja koloreko jantzia daramat soinean, eta gorri-gorriak ditut begiak.

Jendetza ikusi dut inguruan. Kaleko arropaz jantziak gehien-gehienak, eta multzokatuta doazen beltzez mozorrotutako beste mordoxka bat ere bai. Batera eta bestera korrika dabiltza batzuk, eta besoak gora altxatuta edo lurrean eserita daude gainerakoak. Beltzez jantzitakoak dira gehien mugitzen direnak: oihuka, elkarri keinu eginez, eta euren gorputz estali, babestu eta armadunez trapu gorri-hori marra estudunak besterik ez daramatzatenak joka.

Sortu nauten eskuek jaten eman didate, nahi adina eman ere, eta handitzen ari naiz. Konturatu orduko edukiontzietara eraman naute, eta ontzi horien gorputzekin bat egin du nire indarrak. Gure arteko jolasaren fruitu plastiko usaina zabaldu da, eta oihu gehiago entzun ditut inguruan. Oihuak eta nire gorputza handitu ahala, edukiontziak txikituz joan dira. Sortu nauten eskuek handiagoa nahi naute, antza, eta janari gehiago eman didate. Kale ertzean dauden hesiak ditut orain bazka. Ostikoz jota iritsi dira nigana, ase nadin. Begi gorri-gorriekin nire sortzaileari begira geratu naiz, eskerrak eman nahi baitizkiot bizia emateagatik, nahiz eta horrek ingurukoen akabera ekarri. Uniforme azpian ezkutatuta doan gizakiaren begi oldartuetan ispilatuta ikusi dut neure burua, eta izoztuta geratzeko zorian egon naiz.

«Hori-laranja koloreko jantzia daramat soinean, eta gorri-gorriak ditut begiak»

Ez dut ezertarako astirik izan. Sortu nauten eskuak ikusi ditut agure bat jipoitzen, besoak altxatuta dituztenak bultzatzen, mutil bati begia galarazi dion pilota jaurtitzen, defendatzeko modurik ez duen gaztea arropatik tira eginez arrastaka eramaten, eta «laguna naiz» esaka lurrean botata zeuden trapudunei eskua ematen eta laguntzen.

Nire klonak sumatu ditut han-hemenka, eta gugandik ateratzen diren garrek SOS mezuak igorri dituzte hirian zehar. Galdeketa huts bat egin nahiak ekarri duen kaos egoeraren berri emateko mezuak. Pentsaezinak ziren kartzela zigor batzuen eraginez gizartean piztutako asaldura mezuak. Iritzia ematea debekatu nahi zaion herri baten mezuak. Modu zentzugabean kiskaltzen ari den hiri baten mezu mutuak.

Sutan dago Bartzelona, sutan Katalunia osoa… ez baititu alferrik hartu suak duintasuna, sen ona eta zentzuzko jokabideak. Euskal Herrira ere iritsi dira hango garrak. Bihar, esaterako, elkartasun suz jantziko da Iruñea. Epai neurrigabea jaso baitute Altsasuko zortzi gazteek ere. Bihar berriro entzungo ditugu askatasun aldarriak, ahots urratuz egindako eskaerak eta milaka bihotzek barrutik botatako irrintziak. Suzko jarrerekin isilarazi nahi gaituzte, baina herri txiki eta txikiarazitakook ohituta gaude sutan dantzan egiten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>