Indartzen ari den olatu bat

ItaiaEmakume Sozialisten Sarea da Itaia. Oraingoz, lanketa ideologikoa egiteko blog bat dauka, eta bertan genero problematikaren inguruko hausnarketa publikoa aurkezten dute. «Emakume langileon askapen prozesuari ekarpena egingo dioten hausnarketez ari gara blog horretan», argitu dute Eider Urkiolak (Ormaiztegi, 1996) eta Iraitz Sarasolak (Ordizia, 1999).

Itaia Sarea blog moduan orain dela urtebete sortu zen. Dena den, azken urte hauetan «Euskal Herri mailan gorpuzten ari den mugimendu sozialistaren barruan» kokatzen dute. Izan ere, «Euskal Herriko panorama politikoan gure eguneroko bizitzan pairatzen ditugun zapalkuntza eta ezintasun guztiak gainditzeko mugak aurkitu ditugu eta egoera honi aurrea hartu behar izan diogu». Genero problematika «klase ikuspegiak ematen digun ikuskera integralaren oinarrietatik aztertzeko beharretik» jaio da Itaia eta analisi horiek «kanpora begira zabaltzeko helburua» du.

Urtebete eskas pasa da publiko egin zenetik; epe laburra izan du «indar adierazgarria» hartzeko. Une honetan, «ezagutarazte fasean» dagoela diote, baina espero dute «denborarekin erreferentzialtasuna lortzen joatea». Euskal Herri mailako sarea da Itaia, eta hortaz «Goierrin bertan ez da haren espresio politikorik garatu oraindik». Hala ere, aurrera begira, Itaian aurkezten diren hausnarketekin «bat egiten duen jende bat antolatzen hastea interesgarria» izango litzakeela nabarmendu dute.

Tresnak eskaintzea

Itaia sarearen lehentasunak «genero problematika klase perspektibatik lantzeko tresnak eskaintzea da», orain arte sare horren barruan egindako «hausnarketa eta ateratako ondorioak sozializatuz, bai blogaren bitartez, bai hitzaldi zein tailerren bidez». Horrekin batera, «feminismoaren gaiak ezinegona sorrarazten dien emakumeak iraultza sozialistaren bidera batzea» lehenesten dute Itaiakoek.

Eider Urkiola: «Genero problematika klase ikuspegitik lantzeko tresnak eskaini nahi ditugu»
Iraitz Sarasola: «Zapalkuntzaren kateen zergatia eta haien interesak indetifikatzeko tresnak behar dira»

Goierriko bi gazteek diote «borroka ideologikoa hor» dagoela eta Itaia «horri erantzuteko jaio» dela. Dena den, beharrezkotzat jotzen dute «honi aurre egiteko ildo berean garatuko den praktika politikoa» martxan jartzea, esperientzia praktikoen bidez emakume langileon bizi baldintzak hobetuz eta hauen heziketa politikoa garatuz». Estrategiaren eraginkortasuna «borroka prozesu errealek mahaigaineratuko dute, eta ez aldarri abstraktuek».

Feminismoa gogoetagai

Azken urteotan feminismoak hartu duen indarraren inguruan ere mintzatu dira: «Ukaezina da feminismoak hartu duen indarra, eta pozgarria da pixkanaka jendea emakumeon zapalkuntzaren gaineko kontzientzia garatzen hasi izana».
Hala ere, «zapalkuntzaren kateak hor» daudela diote, eta haietatik askatzeko, « zapalkuntzaren  zergatia eta zein interesi erantzuten dion behar bezala identifikatuko dituen tresnak behar» direla iritzi diote. Horren harira gehitu dute «estrategia interklasistak» ez duela «erroa borrokatzen», eta «feminismo korronte gehienak estrategia honetan oinarritzen» direla uste dute. Emakume langilearen askapenerako «benetako baldintzak –materialak, sozialak eta kulturalak– sortuko dituen estrategiarekin bat egiten» dute, «estrategia sozialistarekin».

Etorkizuneko erronkak

Euskal Herri mailan «erreferente ideologiko izatetik nazionalki ere horren espresio politikoak gorpuzten joatea» da etorkizun hurbilean duten erronka nagusia, «emakume langileak antolatzen has gaitezen baldintzak sortzen joatea». Ildo sozialista horren baitan, «genero problematika mahai gainean jarri» eta hura lantzeko baliabideak «eskaintzea» eta era berean, harreman sozial «berriak garatzea». Amaitzeko, «emakume langileok subjektu politiko integral gisara osatzeko baldintza eta bitartekoak sortzea ere beharrezkoa» dela nabarmendu dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>