Baserrietako jakinduria

Baserritarren_iraganeko_eJosetxo Zufiaurre Goia beasaindarrak ‘Baserritarren iraganeko egutegia’ liburua aurkeztuko du hilaren 29an, Beasaingo Igartzako jauregian.  XX. mendeko baserrietako bizitzaren entziklopedia txikia osatu du.

Duela 40-50 bat urte, On Jose Migel Barandiaranek  proposatutako galdeketa sortak egin zituen Josetxo Zufiaurrek Beasaingo baserrietan. Hogei urte behar izan zituen Beasaini buruzko monografia etnografikoa (1998) liburua idazteko; Gipuzkoan egindako lehenengo monografia izan zen hura. Etxean ondo baino hobeto gordeta ditu galdeketa haien erantzunak eta «garbiketa» egiten ari zela, «fitxa pila bat» aurkitu zuen. «Orduan pentsatu nuen: ‘Hau dena pikutara joan da eta hau dena biltzea komeni da, jasota gelditzea’». Asmo horrekin osatu du Beasaingo Paperak bildumako Baserritarren iraganeko egutegia liburu berria. XX. mende hasierako baserrietako lanak, sinesmenak, tresnak, lan egutegia… jaso ditu 140 orrialdeko  liburuan. «Baserritarrek idazten ez zuten jakingo, baina jakinduria izugarria zuten», dio beasaindarrak. Ondorengo lerroeetako adibideak, jakinduria horren laburpentxo bat besterik ez da.

Baserriak eraiki

Baserriak nola eraikitzen zituzten zehatz-mehatz azalduz hasten da liburua. «Zerrategia baserria egingo zen tokian bertan jartzen zen. Pentsa zenbat egur behar zen baserri bat egiteko.  Zutabeak, hagak, goi hagak, kapirioak, kapirioaren gainean lata (teilak jartzeko ohola)…  Zerraketak egiten zituzten kuadrillak zeuden. Harpanarekin ebakitzen zituzten».

Izan ere, gehienean, lehenengo solairura arte harriarekin eraikitzen bazuten ere, «handik gora, XVI. gizaldian, zurajea egiten zuten, piezak zenbakitu eta muntatzen joaten ziren. Ondoren, kanpoko hutsuneak, harriarekin eta buztinarekin betetzen zituzten. Barruko paretak oholarekin egiten zuten askotan, baina beste askotan, –Beasaingo  Arritta baserrian ikus daiteke–, hurritz makilak trentzatuz egiten zituzten, eta ondoren, buztinarekin estali,eta  karearekin zuritu».

Baserritarren_iraganeko_e(1)Laia eta zirrindara

Baserritarren lanei dagokionean, sarritan egin behar izaten zuten laian; laia motzarekin zein luzearekin.  Zufiaurreren esanetan, «laia motza hemendik kanpo ere ibiltzen da, baina laia luzea euskaldunona da. On Joxemiel Barandiaranek garbi esaten zidan niri hori».  Hala ere, lurrari buelta eman aurretik, «aurrena ebaki egin behar da lurra, zirrindara egin behar da. Horretarako dago nabarra. Zein zabaleran egiten zuen zirrindara? Laiari kopuruaren arabera. Soro guztia markatzen zutenean, orduan ematen zioten buelta».

Zoketa eskularrua

Beharrak sortutako erramintak ere sortu izan dituzte baserritarrek. Horietako bat da zoketa: «Garia igitaiarekin eskuz mozten zenean, behin baino gehiagotan hatza ere moztu izaten zuten. Orduan, egurrezko eskularrua erabiltzen zuten. Hatzak eskularruaren barruan geratzen dira eta bukaeran hiru zulo dauzka; zuloetatik soka pasa eta esku muturrean lotzen zen ez ihes egiteko».

Lihoa eta makila

Lihoa aldatu, ebaki eta putzura eramatea izaten zen beste egin beharretako bat. «Baserri bakoitzak bere liho putzua zeukan, errekatxoan, kanala eginda. Lihoa bertan edukitzen zuten harriarekin estalita, azala biguntzeko. Etxera eraman, lehortzen zenean, joz azala kendu, txarrantxan pasatu eta emakumeek harilkatu egiten zuten. Hari hori ehuleei eramaten zieten. Beraien makina zeukaten». Ehuleak, errotariak bezala, makila kobratzen zien baerritarrei: «Baserritarrak 10 kilo liho eramaten bazuen, ehuleak kilo bat kenduko zion. Errotariak ere komisio bera kentzen zion, artoa edo garia eramanez gero. Komisio horrek izen bat dauka, bai errotan eta bai ehulean: makila. Europan ere hitz berdina erabiltzen da».

Gurutzeak

Bestalde, erlijioak indar handia izan du urteetan eta horren adibidea da, etxea babesteko, erramu adarrez egindako gurutzeak. Erramu Egunean, erramu adar handiarekin joaten ziren baserritarrak elizara, erramu adarra bedeinkatzera. «Zertarako? Santa Kutz eguna baino lehenago, hau da, maiatzaren 3a baino lehenago, ate, leiho, ukuilu eta soroetarako gurutzeak egin  behar zituztelako. Urtero berriak jartzen zituzten. Atekoa lodixeago eta handixeagoa izaten zen, landuagoa». Gurutzearen bi zatiak lotzen ziren puntuan: «Iltzearekin josi aurretik, Kandelaria egunean bedeinkatutako kandela bat piztu eta tanta bat botatzen zioten».

Bestalde, Erramu Egunean bedeinkatutako erramu hostoak gorde egiten zituen emakumeak: «Ekaitza zetorrenean, ur bedeinkatutan (ur bedeinkatua beti etxean edukitzen zen) busti, eta leihoa ireki eta gurutzea egin ondoren, leihotik bota eta sutan erretzen zuten erramu hostoa».

Lehen Atekoen lanak

Baserrien funtzionamendurako garrantzitsua zen beste kontzeptu garrantzitsu bat ere bada, Zufiaurreren esanetan:  Lehen Atea. «Baserri batetik hilerrira bidera joateko bide jakin bat egoten da, gorputz bidea izenekoa. Bide horretan, eskuinera dagoen lehendabiziko baserriko bizilaguna da Lehen Atea». Hainbat betebehar izaten ditu Lehen Ateak: «Aurreko baserrian norbait hiltzen bada, lurperatu bitartean, ganaduarentzako ganadu janak egitea; erlauntzetara joan eta euren etxekoa hil dela eta argizari asko egiteko esatea, urte guztian kandela piztuta egon behar izaten baitzen elizan; gaixo jarriz gero, medikuari abixatu, hilez gero apaizari… Nahiz eta urte osoan haserretuta egon eta elkarrekin ez hitz egin».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>