Arimen Gaua zen atzo eta, gaur, Santu Guztien Eguna, bizidun guztion patua zein den gogorarazten diguna. Heriotzaren harira, gure artean gutxieneko erritu batzuk baditugu, erlijiozkoak eta, azken urteetan, baita zibilak ere. Jaio berriari berriz, orain gutxi arte, gehiengoak bataioaren bidez egiten zion ongi etorria. Euskal tradizioak, ordea, badu umea jaiotzen denerako berariazko erritua.
Gurean esaten da emakume euskalduna apala dela, indartsua ere bai, gizon zintzo eta emakume langileen sortzaile. Garai batean, emakumeak zutik erditzen omen ziren, zutik bakarrik sortu daitekeelako duineko zerbait.
Bederatzi ilargi bitartean, emakumearen sabela hazi egiten zen, aldakak zabaltzen, eta maitasunetik ernaldutako bizitzak goitik behera egiten zuen, lurra musukatu nahiko balu bezala, euskaldun guztion ama den lurrerantz, Amalurraren bila.
Umeak min apur batekin erditzen ziren, baina axola ez duen min batekin, maitasun ekintza baten ondorio zelako, eta zoriontasun handi baten atariko, bizitzaren jarraikortasuna helburu. Erditu bitartean, Sorginari kontatzen zizkion amak haurrarentzat bihotzean gordetzen zituen ilusioak. Sorginak maitasun araoak esaten zizkion ama berriaren desio guztiak bete zitezen, eta tarteka harri-koskor txiki batzuk zituen poltsa bat astintzen zuen, umeak unibertsoaren handitasunean, bere txikitasuna ezagutu eta harrokeriak erasan ez zezan. Inguruan hainbat gauza jartzen ziren, lehenbailehen ezagutzeko: belatz handiaren lumak bere izpiritua haren gisan altxatzeko; artilea, familiaren babesak hutsik egingo ez diola jakin zezan; hazi batzuk, ogia hazia hil eta gero sortzen dela ez ahazteko; eta lauburu bat betiko zaindu zezan; maitasun promesa gisa, baita aitaren eta amaren ileekin eginiko korapilo bat ere.
Batzuetan, eguzki-lore txiki bat jartzen zitzaion, munduko gaitzen babesle, eguzkiaren argiaren falta izan ez izateko, eta baita lur pixka bat ere, arbasoen odol eta izerdiarekiko lotura hautsezinaren erakusle. Halaber, intxaur-oskol batean ezti pixka bat jartzen zen, bere bihotzean garraztasunak lekurik ez izateko.
Haurra jaiotzen zenean, ez zitzaizkion zapladak ematen, baizik eta astindu egiten zen, negarraren bidez adieraziz ama ezagutzeko unea iritsi zela. Erditu ondoren, haurra amaren bularraren kontra jartzen zen, bere usaina eta berotasuna inoiz ez ahazteko. Eta, azkenik, karena soroetan lurperatzen zen lurra emankorragoa bihur zedin.
Gizon-emakume bihurtutako umearen mundualdia bete eta hildakoan, erre egiten zuten eta errautsak airean zabaldu, Amalurrak eraman zezan, ongarri gisa, izan ere Lurretik gatoz eta bertara itzultzen baikara.
Gogoangarria da, garai batean, jaiotzeko orduan, heriotzari ez zitzaiola, gaur egun bezala, ihes egiten.