Gizartea eraldatuz

btr

Irailaren 28an Ordizian egindako Goierriko Ekonomia Sozial eta Eraldatzaileko proiektuen topaketa.

Ekintzailetza soziala eta ekonomia sozial berria sustatzeko lankidetza programa da KoopFabrika. Gizartearen beharrak asetzera bideratuta dagoen ekonomia bultzatu nahi du, talde lanean oinarritutako enpresa berriak sortuz.

2017an sortu zen  proiektu profesional eta ekimen sozio-ekonomikoak martxan jartzen laguntzeko Gipuzkoa mailako Kooperatiba Fabrika programa. Gipuzkoako izaera anitzeko eragileen arteko lankidetzaren emaitza da: Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegia, OlatuKoop sarea, Bagara, EHUko GEZKI Gizarte Ekonomia Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua, Debagoienako garapen agentzia, Beterri-Buruntzako udalak eta Oarsoaldea garapen agentziaren arteko elkarlanaren fruitua, hain zuzen ere. Hasieratik, Gipuzkoako Foru Aldundiak babesturiko programa da, eta Gipuzkoa osoko proiektuei zabalik dago KoopFabrika.

Maquetación 1Farapi kooperatiba OlatuKoop sareko partaidea izanik, KoopFabrikaren proiektuan buru belarri sartuta dago. Farapiko Nerea Elias ataundarraren esanetan, KoopFabrikari esker, «beste ikuspegi» batetik sortzen dituzte enpresak edo ekimen ekonomikoak, «ekonomia sozial berriaren eta ekintzailetasun soziala» sustatzeko helburua oinarritzat hartuta: «Ekintzailetza sozial kooperatiboak ekintzaile eredu desberdina jartzen du erdigunean: komunitatearen beharretatik abiatu eta komunitatean saretzen da, autoeraketan oinarritutako eredu demokratikoa da eta proiektuaren bideragarritasunaz gain, bizigarritasuna ere hartzen du kontuan».

Honela, helburu horiek lortzeko bidean jasotako jakinduria eta esperientzia partekatzen dute KoopFabrikak antolatutako trebakuntza saioetan: «Ekimen ekonomiko kolektibo kooperatiboak sustatu eta martxan jartzeko bidelaguntzak eta testuingurua eskaintzen ditugu». Horrekin batera,  «lurraldean eraginez, eskualdeetan, auzoetan sustraitutako ekosistema kooperatiboak sustatzen» dituzte. 2019-2020 ikasturteko trebakuntza saioei dagokionean, azaroan Eskoriatzan, eta otsail eta apiril artean Hernaniko Iturolan egingo dituzte. Parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute KoopFabrikaren webgunean. Dohainik dira trebakuntza saioak. «Proiekturen bat garatzeko asmoa duen edonori edota ekintzailetza sozialean trebatu nahi dutenei zuzendua dago».

Beharretik sortua

Eliasek gogoratu duenez, KoopFabrika proiektua «behar bat zegoela sentitzen» zutelako sortu zuten: «Ekonomia sozialaren inguruan mugitzen garen erakundeok eta kooperatiboi iruditzen zitzaigun hutsune bat zegoela ekintzailetza ulertzeko moduan, ekonomia soziala txertatzeko garaian. Garapen agentzia batera enpresa bat sortzeko ideia batekin zoazenean, ibilbide bat dago, aholkularitza bat badago; guk hori dena ere eskaintzen dugu. Baina iruditzen zitzaigun ekonomia soziala, kooperatibismoa eta antzeko kontzeptuak falta zirela. Farapi adibidez, S.L. bezala sortu genuen, kooperatiba kontzeptua ez zegoen. Gero egin behar izan dugu kooperatibarako aldaketa. Koop Fabrikan proiektuak kooperatibak izatea bultzatzen da. Beti ez da horrela, baina lanaren burujabetza bultzatu nahi da».
‘Badago aldea’

Maquetación 1Horregatik guztiagatik, KoopFabrikak erabiltzen duen leloetako bat da Badago aldea, «ez delako betiko ekintzailetza programa bat». Izan ere, ataundarraren ustez, «planteamendu eta marko aldetik dago aldea, ekonomia ulertzeko modutik, jardun ekonomikoa ulertzeko modutik. Badago aldea, ez da betiko ekintzailetza programa bat».  Azken batean,  Badago aldea «gizartearen beharrak asetzera bideratua dagoen ekonomia sustatzen duelako. Enpresa berrien sorrera taldean sustatzen duelako. Talde-lanean oinarritzen diren enpresa berriak sustatzen dituelako. Aktibitate sozio-ekonomikoa lankidetzan sustatzen duelako. Pertsona ekintzaileen eta komunitatearen ahalduntzea sustatzen duelako». Badago aldea, inguruko erakunde, enpresa, eragileak saretzen dituelako ekintzailetasun prozesuan. Eta Badago aldea, proiektu guzti horiek «gizarte eraldaketa» helburu dutelako.

KoopFabrikako prozesua kolektiboa da, «nahiz eta proiektua indibiduala izan. Kolektibotasunak elkar ezagutzeko eta saretzeko aukera errazten du».

Goierrin saretzeko lehen urratsak egiten ari dira

Pasa den irailaren 28an, Goierriko jardunaldi ekolologikoen barruan, Goierriko Ekonomia Sozial eta Eraldatzaileko proiektuen topaketa egin zen Ordizian. Nerea Eliasen esanetan, eskualdean martxan dauden 11 proiektutik gora aurkeztu zituzten, eta 50 bat lagun elkartu ziren, esperientziak trukatu, elkarrengandik ikasi eta saretzen hasteko aukera aztertzeko: «Goierrin badaude ekonomia sozialeko proiektuak bai agroekologian, zerbitzuetan, kulturgintzan…. baina ondorio nagusia izan zen, elkarren berri oso gutxi daukagula». Pertsona erdigunean jarrita eta behar sozialei erantzunak emateko helburua dute guztiek, gizartea, natura eta ingurua kontuan dituzten proiektu ekonomikoak direlako: «Guk argi daukagu enpresa bat daukagunok bizibide bat dugula, baina gure negozioak eta bizibideak ezin duela beste batzuen ongizatearen gainetik egon. Beraz, hornitzaileekin tratu etikoa daukagu, lan baldintza duinak ditugu, inpaktu ekologikoa ahalik eta murritzena izaten saiatzen gara…».

Honela, «Goierri martxan jartzen ari denaren sentipena» dauka Eliasek, eta irailaren 28ko jardunaldian sortutako lehenenengo hartuemanak fruituak eman ditu. Elkartzen jarraitzeko asmoa dute Goierrin ekonomia sozialean dabiltzanek, elkar ezagutzea eta saretzea garrantzitsua dela uste baitute: «Proiektu punteroak badauzkagu, Goiener adibidez, Izarkom, lehenengo sektoreari lotutakoak asko daude, baina bakoitza bere arloan dabil. Baina elkarrekin egon eta saretzeko gogoa eta beharra badago, eta bilerak egiteko jarraitzeko asmoa daukagu, Goierriren eraldaketa sozio kulturalean eragiteko».

Gainera, jardunaldi hartatik sortutako espazioa  «espazio hibridoa» dela dio Eliasek: «Batetik, proiektu konkretuei lotuta gauden pertsonak gaude, eta bestetik, kooperatiba batean lan egin ez izanagatik, interes berezia dutenak Goierrin ekonomia sozial eraldatzailea bultzatzeko. Aniztasun teknikariak, sindikatuetako jendea…. Eredu ekonomiko berri bati bultzada emateak justizia soziala ekarriko duela uste baitute».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>