«Madrilen haserretu ere egin nintzen; baina dominatu egin nituen!»

Pio_Berasategi(3)

Pio Berasategik (Zegama, 1935) Madrilen bizi izan zituen bere bizitzako urte asko. Idazteko zaletasunak eta herri-minak bultzatuta, hainbat liburu idatzi zituen. Horietako batzuetan, Zegamako ipuin eta pasadizoak jaso zituen. Orain beste batzuk argitaratuko ditu, Matia fundazioaren, aldundiaren eta Zegamako Udalaren laguntzarekin. Donostiako Ategorrieta auzoko Matia 2 geriatrikoan bizi da Berasategi.

Olaberria auzoko Atxatxe baserrian jaio zinen, gerra aurreko urtean. Nola gogoratzen duzu haurtzaroa?
Haurtzaro eskasa eta gaiztoa izan genuen. Barojak sekula ez zuela tontoa den onik ikusi esaten zuen. Gizona beti izan da tontoa eta ez da izan ona.

17 urterekin Madrilera joan zinen. Nolatan?
Zegamatik alde egin nahi nuen. Itota sentitzen nintzen. Ez nituen nik nahi nituen elementuak bistara. Zinema, kalean ibiltzea… asko gustatzen zitzaizkidan. Zegaman musika banda, eta zapatu eta igandetako zinema besterik ez zegoen. Izeba bat genuen Madrilen, Floridablancako kondeen etxean sukaldari lanetan, eta joatea erabaki nuen. Madrilera heldu nintzenean ez nekien erdaraz hitz egiten eta barre egiten zidaten. Etsaiari aurre egiteko modu onena bere armekin borrokatzea da eta erdaraz hitz egiten ikastea erabaki nuen, beraiei erantzuteko. Dena den, euskaldunak axolagabeak gara. Zabarrak. Lagun batek «Zer egingo dugu ba? Ondo jan eta ondo edan», esaten zidan. Txuleta jan eta ardoa edan eta eskua jarri gauzak etor daitezen. Baina ezer egiten ez badugu, ez dugu ezer edukiko.

Zer egin zenuen Madrilen?
Arte Ederrak ikasten hasi nintzen. Hiru ikasturte egin nituen eta soldadutza egiteko garaia heldu zitzaidan. Ondoren, bankuan lan egiteko ikasketak eta zaharberritze ikasketak egin nituen.

Esku ona zenuen, beraz.
Bai. Zer edo zer gustatzen bazitzaidan, berehala kopia bat egiten nuen. Modelatzea gustatzen zitzaidan.

Nork ordaindu zizkizun ikasketak?
Aitak. Diputazioan lan egiten zuen. Zazpi anaia-arreba ginen eta larri antzean ibiltzen ginen. Zuzen ibili beharra genuen. Gainera, aitona-amonak eta aitaren lehengusu bat gurekin bizi ziren. Ni Madrilera joan nintzenerako arreba zaharrenak inprenta batean lan egiten zuen, anaia batek Zegamako paper lantegian, beste bat igeltseroa zen… Ni gazteena nintzen eta horregatik izan nuen ikasteko aukera. Orain dirua emango nuke Madrilera ez joateagatik… Madrilen haserretu ere egin nintzen… baina madrildarrak dominatu egin nituen, e!

Pio_Berasategi«Zegaman ez nituen nik nahi nituen elementuak bistara: zinema, kalean ibiltzea…»
«Erdaraz hitz egiten ikastea erabaki nuen, barre egiten zidatenei erantzuteko»
«Euskaldunak axolagabeak gara, baina ez badugu ezer egiten ez dugu ezer edukiko»
«Zegamako euskara oso aberatsa zen, balio handikoa»

Zertan lan egin zenuen bertan?
50 bat urte eman nituen bertan. Zapata-denda batean, hotel batean, Central Queseran, Torrejongo base militarrean, zaharberritzaile… lan egin nuen. Base militarrean erabiltzen zuten guztia Estatu Batuetatik ekartzen zuten eta dena Torrejonera heltzen zen. Baita arrautzak ere! Gure ardura Torrejonera heltzen zena gainontzeko baseetara bidaltzea zen.

Zer moduz moldatu zinen amerikarrekin?
Agintzen ziguna alemaniarra zen. Alemaniar zuzenik ez dut ikusi eta hura ere ez zen zuzena. Behin Torrejongo bati sekulakoak bota zizkion eta ez zuela inor horren gaizki tratatzeko eskubiderik esan nion. Ni botatzen ahalegindu zen, baina belgikar jatorriko enpresari lagun batek nire alde egin zuen. Bota nahi nindutela jakin nuenean, joatea erabaki nuen. Hori bai, joan aurretik alemaniarrari sekulakoak esan nizkion. «Ni bota eta gustura geldituko zinela uste zenuen, baina ni neu noa. Zu bezalako pertsona baten ondoan egotea baino, hobe da joatea». Gorri-gorri jarri zen, baina ez zuen ezer erantzuteko adorerik izan.

Urte asko egon zinen Madrilen. Ez al zenuen herri-minik sentitzen?
Noski. Beti. Baina Euskal Etxera joaten nintzen eta euskaraz hitz egiten nuen hango lagunekin. Euskaraz idaztea erabaki nuen eta, nobelak idazteaz gain, Zegamako ipuinak jaso nituen. Aitona-amonen hizkera jaso nuen. Hizkera hori asko galdu da. Zegamako euskara oso aberatsa zen. Antigoalekoa eta balio handikoa. Bost liburu argitaratu zizkidaten. Bostak euskaraz.

Orain beste hiru liburu argitaratu nahi dituzu.
Azkeneko nobela emakume zahar bati buruzkoa da. Etxe honetako edozein izan zitekeen. Lola La Cigarrera deitzen zioten. Euskalduna zen eta Madrilen ezagutu nuen. Madalen Goiburu zuen izena. Oso bizitza aberatsa izan zuen. Ezkondu eta berehala alargun gelditu zen, jostun ospetsua izan zen, tituludun jendearekin ibili zen fulana bezala eta zahartu zenean zigarroak saltzeko postu bat eman zioten. Kalean askotan ikusten nuen eta asko begiratzen zidan. Dagoeneko apetentziarik ez zuela izango eta norbaiten antza hartu zidalako begiratzen zidala pentsatu nuen. Egun batean, tabakoa erosteko aitzakiarekin, berarengana joan nintzen. Zergatik begiratzen zidan galdetu nion. Euskalduna nintzela uste zuelako begiratzen zidala esan zidan. Bera ere euskalduna izan zela, baina dagoeneko euskara galdua zuela kontatu zidan. Nahi zuenean gure etxera etortzeko esan nion. Noizean behin etortzen zen eta izebak eta biok berarekin hitz egiten genuen. Oso emakume prestua zen. Poliki-poliki bere bizitzaren berri eman zigun.

Noiz itzuli zinen Zegamara?
Nire anaia zaharrena bakarrik gelditu zen eta, nik egun bezala, minbizia zuen. Ez zuen bakarrik moldatzeko balio eta baserrira itzuli nintzen bera zaintzera, Madrilgo errestaurazio lanak utzita. Bederatzi hilabete eman nituen anaiarekin. Hori izan da egin dudan gauzarik onena. Anaia besotan hil zitzaidan, esker onak emanez. Horrek lasaitasun handia eman zidan.

Zergatik erabaki zenuen Donostiara etortzea?
Anaia hil zenean bakarrik gelditu nintzen eta Zegamako harrera etxean bizi izan nintzen. Gaizki jarri nintzen eta ospitaletik irten nintzenean Donostiara etortzea erabaki nuen. Izan ere, arreba hemen bizi da eta hemen nahi ninduen. Gustura nago. Beste inon ez naute horren ondo zainduko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>