Munduan kokatzeko

Joseba ImazNestor Basterretxeari entzun nion behin batean, bere euskalduntasunaz ari zelarik, euskal kulturak eskaintzen dituela pertsona bat «munduan kokatzeko» sobera oinarri. Eta, hortik abiatuz, munduko gainontzeko herri, hizkuntza eta tradizioekin kontaktuan, izaera hori aberastu, zabaldu eta osatu egiten dela. Badagoela mundu ikuskera bat euskaldun egiten gaituena, alegia, belaunaldiz belaunaldi aberastu eta berritu egiten dena, gure izaeraren muinari forma ematen diona.

Bermeoko eskultore argiaren belaunaldiko kideak buru-belarri saiatu ziren eta bikain asmatu zuten identitate hori mundu garaikidean kokatu eta garatzen. Euskal Serie Kosmogonikoa horren lekuko. Egurrezko eta brontzezko eskulturaz osatutako bilduma honetan, Basterretxeak artearen bitartez interpretatu zituen aita Barandiaranek herritik jasotako pertsonaia mitologikoak, naturako fenomenoak eta euskal kulturako objektu tradizionalak. Fintasunez eta indar handiz egin ere. Abangoardia artistikoan kokatu zituen Aker beltz, Mari, Torto, Intxisu, Gaueko eta beste hainbat mito. Auskalo noiz sortutako kondairak, modernitatearen argitan. Herritik jasotako aberastasuna eguneratu eta herriari bueltan itzuli zion, horrela.

Basterretxeak esandakoarekin oroitu naiz joan den astean, Santu Guztien egunaren bueltan, GoiBerri-k Ataungo Jentilen Etorrerari eskainitako erreportaje ederra irakurtzen ari nintzela. Herri-ikuskizun orijinal hori dagoeneko 38 urtez antolatzeko gai izan dira Jentilbaratza elkarteko kideak. Ez daukate meritu makala. Barandiaranek eta beste zenbait ikerlarik ahanzturatik erreskatatu zituzten ipuin eta kondairak egokitu eta, arrakasta handiz, antzezlana prestatu eta publiko gero eta zabalago bati eskaintzen diote. Aurten mila eta laurehun lagun inguru bildu dituzte Auzoeta frontoian. Bi funtziotan banatuta. Azkar esaten da.

«Gizon-emakumeon barru-barruko sentimendu eta beldurren isla ere badira jentilak, zezengorria, lamiak eta basajauna bezalako izaki mitologiakoak»

Herri bizitzan horrelako egitasmo batek duen inpaktu positiboa zaila da zenbakitan neurtzen. Pentsa, hala ere, 150 herritarrek hartzen dutela parte antolakuntzan. Tartean Ataungo elkarte, talde eta eskolako haurrek. Hainbat belaunaldi, herri kulturaren inguruan elkarlanean. Sormena eta tradizioa langai dituen auzolana. Altxor handia da hori.

Basterretxearen gomutatik tira eginez, pertsona gisa «munduan norbere burua kokatzeko», euskal kulturak ematen dizkigulako hainbat tresna. Horietako bat, gehiegitan gutxiesten duguna, mitologia bera, ahozko tradizioaren unibertso zabal hori. Eszeptikoenek akaso esango didate galtzear dagoen –dagoeneko jada galdu ez bada– mundu baten isla dela euskal mitologia. Zientziaren eta arrazionaltasunaren aroan, iraganeko kontuak direla horiek. Naturarekin hil ala biziko kontaktu estuan garatutako landa eremuko gizarte baten isla, sineskeriak nagusi ziren garai batekoa.

Aldi berean, baina, susmoa daukat gizon-emakumeon barru-barruko sentimendu eta beldurren isla ere badirela jentilak, zezengorria, lamiak eta basajauna bezalako izaki mitologikoak. Baita ere euskara eta euskal kulturaren aberastasuna transmititzeko gaitasun harrigarria duten kontakizun aberatsak. Ikusi besterik ez dago gure seme-alabek zeinen gogotsu, zeinen adi, entzuten dituzten Torto, Mikelats eta enparauen istorioak –froga egin ezazu, oraindik saiatu ez bazara–.

Kasualitateak hala eraginda, Jentilen Etorreraren bezperan, Errementari beldurrezko filma bota zuten telebistan. Ikusi gabe nengoen oraindik. Barandiaranek joan den mende hasieran jasotako Patxi errementariren kondairan oinarritua dago Paul Urkijoren lehen luzemetraia. Publikoaren eta kritikaren erantzun ona jaso zuen iaz zuzendari arabarraren kontakizunak sortzen duen atmosfera deabruzkoak. Ni ere bete-betean harrapatu ninduen. Adibide indartsu bat, berresten diguna ahozko tradizioak eskaintzen digula etengabe berritzeko emari agortezin bat. Dela belaunaldi berrien imajinazioa eta sormena dantzan jartzeko, dela mundu ikuskera bat, balioak eta hizkuntza transmititzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>