Onddoen bueltan lanean

OnddoakOnddoak ardatz hartuta tailerrak eta mendi irteera antolatu dute Itsasondon asteburuari begira.

Zaletasun errotua da gurean perretxikoak eta onddoak basoan biltzea. Eta udazkena da, noski, urte sasoirik emankorrena bilketa horretan. Horregatik, udazkenean milaka zalek dute aitzakia basora irteteko, perretxiko eta onddoen bila. Urteko sasoi honetan euria egin eta gero tenperaturak pixka bat gora egin ostean, basoan sartu eta onddo-usaina nabari da.

Onddo-biltzaileek jakin badakite inguruan usain hori isurtzen ari diren perretxikoak egon badaudela. Onddoek, ordea, ez dute gizakientzat isurtzen; elkarrekin komunikatzea da haien helburua. Euskal Herriko Unibertsitatean aurkitu dute zer komunikatzen dioten elkarri onddo-usainaren bidez. Ikertzaileek aspaldi frogatu zuten usaina ematen duten konposatuek onddoen hazkuntza erregulatzen laguntzen dutela.

Batzuentzat bitxikeria hutsa, beste batzuentzat gehiago irakurtzera gonbidatzen duen datu horietako bat. Itsasondon onddoen usainaz ez, baina perretxikoen bueltan ariko dira asteburuan.

Hitzaldiak eta irteera

Aspalditik basoaren bueltan lanketa berezia eta zabala egiten ari dira Itsasondon. Iñaki Aizpurua alkateak lehen ere azaldu zuen erreserba mikologikoak egiten ari zirela herriko basoetan. Irteeraren bat ere antolatu zuten duela hilabete batzuk.

Aste honetan bertan, perretxikoak ardatz hartuta tailerrak eta irteera antolatu dituzte. Ostiralean, Itsasondoko perretxiko jangarriak izango ditu hizpide Javier Gomezek, eta bestalde, onddoek basoaren barruan duten garrantziaz hitz egingo du Joxepo Teres Aranzadi Zientzia Elkarteko ordezkariak. Perretxikoen egoeraren arabera, dastaketa egingo dute ondoren.

Larunbaterako berriz, irteera antolatu dute. Aurreko egunean ikasitakoa praktikan jartzeko aukera paregabea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>