Egin koxk bibote gozoenari

Ordiziako Unanue gozotegiak egindako ‘MoCake’-ak asteburuan jarriko dituzte salgai eta dirua Movember kanpainari bideratuko diote.

Ordiziako Unanue gozotegiak egindako ‘MoCake’-ak asteburuan jarriko dituzte salgai eta dirua Movember kanpainari bideratuko diote.

Movember kanpainarekin bat egin du Ordiziako Unanue gozotegiak,  ‘MoCake’ izeneko pasteltxoen bidez.

Azaroarekin batera, gizonei eragiten dien minbizien inguruan gizarteak kontzientzia hartzeko Movember kanpaina aurrera doa. Hilabete honetan asko eta asko dira kanpainarekin bat egin eta bibotea utzi dutenak, hori baita Movemberren ikur dibertigarriena. Eskualde mailan kirol taldeak, elkarteak, herritar soilak, eta beste hainbat dira kanpainara batu direnak. Ordiziako Jose Mari Unanue gozogileak kontatu du berak ere helburu horrekin bibotea uzteko saiakera egin zuela: «Ispilu aurrean jarri eta hobe nuela beste zerbait egitea pentsatu nuen». Buruari bueltaka, eguneroko lana eta Movember bat egiteko modua otu zitzaion. MoCake izeneko pasteltxoak sortu zituen: Mo, ingelesezko moustache (bibote) hitzari erreferentzia eginez, eta Cake, pastelari. «Mugurdia, yogurta eta glaseatua dute, eta hilabetea amaitu bitarte, astebururo salgai jarriko ditugu Ordiziako Kale Nagusiko dendan». Pasteltxoek, nola ez, txokolatezko bibotea dute.

Unanue gozotegiko arduradunak argitu du «pasteltxoen salmentarekin eskuratutako dirua  Movember kanpainari bideratzeko» izango dela. Orain arte, salmentan jarritako MoCake guztiak saldu dituztela ere azaldu du. «Pozik» agertu da, herritarrek izandako erantzunagatik, modu oso gozoan ere Movember kanpainarekin bat egiteko modua delako.

Movember ekitaldiak

Goierriko Movemberreko lan taldearentzat, MoHerri izenekoa, «sorpresa oso polita» izan da. «Bibotea uzteaz gain, norberak kanpainara batzeko bidea bilatzea interesgarria da, eta oso eskertuta gaude».

Bestalde, oraindik azaroa amaitzeko aste bat pasa gelditzen da, eta antolatu dituzten ekintzetara batzeko deia egin diete herritar guztiei. Gaur arratsaldean, Jesus Mendibil urologoak Zer jakin behar da prostatari buruz? izeneko hitzaldia egingo du D’elikatuz zentroan, 19:30etik aurrera.

Datorren astean, azaroaren 26an, asteazkena, eta 27an, osteguna, Pintxo Biboteak egingo dituzte Ordizian. 26koa, auzoetako tabernetan egingo dute, eta 27an, herrigunean. Eta kanpainari behar bezalako amaiera emateko, hilaren 29an, Ordiziako Plaza Nagusian ekitaldi handi bat izango da. Amets-Bide dantza taldekoek herriko abesbatzekin elkarlanean antolatutako emanaldia izango da, eta hainbat sorpresa izango direla aurreratu dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>