Gripea lasterketa bat bezala da

Itxaro MendizabalBizkarreko hezurretik hasi eta bururaino doan hotzikara, bat-batean gorputz osoa dardarka… Badator… Badator eta ez dut nahi. Aste honetan gure etxean eroriko den bigarrena izango naiz, eta aurretik pasatu duenak nola pasatu duen ikusita, ez daukat gogo askorik ni ere horrela egoteko.

Ezin berotan sartu… Salda beroa, manta pila gainean jarri eta sofan etzanda… Ohera joateko ordua iritsi da. Badakit zer dudan aurretik… Amets gaizto, hotzikara eta izerdi patsetako gau zoragarri bat… eta halaxe izan da. Goizean ibuprofeno baten bila altxatu naiz, buruko min honekin dena lehertuko zaidan sentsazioa daukat eta. Ibuprofenoa ezin bilatu hasi naiz eta burua bueltaka… Ene… Badator…. Mareatzen hasi naiz… Ahal dudan moduan ohera iritsi eta bikotea esnatu dut… Eskerrak bere 3.eguna den eta ni baino hobeto dagoen. Ura ekarri dit, eta droga hartuta, berriro sartu naiz ohera.

Memento hauetan konturatzen gara, zein ondo gauden ondo gaudenean. Ai! Zenbat botatzen dudan faltan ama ondoan….
Alabak esan didan bezala: «Ama, gripea lasterketa bat bezala da, ikusiko duzu nola pasatutakoan ondo sentituko zaren, nekatuta, baino ondo».

Gripea sendatzeko likido asko hartzeko eta atsedena behar dudala esan dit medikuak. Baina Murphyren legeak dioen bezala… gauza bat oker badoa, lasai, gehiago okertu daiteke… Eta hala, bi alabak ere gaixotu zaizkit… Beraz, nire atsedenaldia zailagoa izango da oraingoan ere.

Gaixo egotearen alde on bat badago, sofan etzanda egon eta pelikularen bat edo beste ikusteko denbora hartu dezakezula. Nik aspalditik berriro ikusteko gogoa neukan bat ikusi nuen atzo: 1997an Roberto Benigni protagonista izan zen La vida es bella filma.

Film hori Robino Romeo Salmoni-k idatzi zuen Alla fine ho sconfitto Hitler (Hitler garaitu dut) liburuan oinarritua dago. Romeo Salmoni Auschwitz-etik bizirik atera zen judu erromatar bat izan zen, eta bere esperientzia kontatu zuen liburu horretan.

Filma, zoragarria izateaz gain, irakaskuntza handia ematen duen lana da. Esaldi sinple batek, sinesmen konkretu batek edo memento batean sortutako ideia batek pertsona baten mundua nola alda dezakeen erakusten digu. Bizitza ikusteko gure modua eraldatu dezakegu, inguruan dugun guztiak zentzu positiboa izan dezan.

Duela gutxi gai horretaz hitz egiten duen liburu bat irakurri nuen: Viktor Frankl psikiatraren Gizakia zentzu bila. Bertan, bere esperientzia kontatzen du; nahiz eta torturatua izan, gose asko pasatu eta justizia eza pairatu, bidali zuten kontzentrazio-esparruetatik bizirik ateratzea nola lortu zuen. Liburu honetan Nietzsche-ren esaldi bat aipatzen du: «Bizitzeko zergati bat duenak, nola guztiei erantzun diezaieke».

Pentsamendu negatibo batek gure gorputza 6 orduz mintzen omen du, eta pentsamendu positibo batek, aldiz, errealitatea eraldatu eta bizitza beste modu batean ikustea lor dezake. Nik nire gaurko pentsamendu positiboa gripeari aurre egiteko erabiliko dut. Ea errealitate honi beste forma bat eman eta dudan buruko min hau gutxiagotzen zaidan.

Esperientzia positiboak pilatu eta banoa ohera… Salmonik bizitako egoera garratz hartatik lan zoragarri hura ateratzea lortu bazuten, biharko etxetik kanpo izango ditugu gure birusak!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>