Hotzaren sasoiko errege

Ander Murua, Ormaiztegiko Murua harategian.

Ander Murua, Ormaiztegiko Murua harategian.

Ormaiztegiko San Andres jaien barruan, Euskal Herriko Produktuen Azoka egingo dute igandean. Harekin batera egiten den Odolki Txapelketan parte hartuko dute, beste behin ere, Murua Harategikoek. Etxeko betiko errezeta dute odolkitarako.

Urte sasoi hontako jakien artean erregea da odolkia. Denboraldi jakin bateko produktu izateak berezi egiten du. Urteen poderioz jateko ohiturak aldatuz joan badira ere, gaur-gaurkoz kontsumitzen jarraitzen den produktua da. Goierrin, estimu handia zaio eta kontsumitzaileek aukera ugari dute produktua erosteko, Ia herri guztietan ekoizle bat baino gehiago egon badagoelako.

Ormaiztegiko Murua harategia da horietako bat. Pablo Murua izan zen «duela 60 urte inguru» harategia jarri eta odolkigintzari ekin ziona. Pabloren hiru semeek aitaren ogibideari jarraitu diote, eta langintza horretan aritzen dira.

Betiko errezeta

Murua Harategian etenik gabe lanean ari dira, baina tartetxo bat egin du Anderrek ederki ezagutzen duen produktuaz hitz egiteko. «Beasainengo odolki txapelketaren lehen edizioa irabazi zuen aitak», kontatu du Ormaiztegiko odolkigileak. «Handik aurrera toki guztietatik iristen ziren erosleak». Dena den, apustu sendoa egin zuten muruatarrenean: «Kanpotik etorritakoak bai, baina batez ere, egunero-eguneroko eroslea zaintzea». Gaur-gaurkoz, herriko odolki txapelketan parte hartzen dute bakarrik. Datorren abenduaren 1ean izango da, Euskal Herriko produktuen azokaren barruan.

«Kanpokoak bai, baina batez ere eguneroko eroslea zaintzea da gure helburua» Ander Murua, harakina

Azaroan hasi eta maiatza bitarte egiten dituzte odolkiak Murua anaiek, harategi ondoan duten obradorean. «Gurasoek irakatsitako betiko errezetarekin egiten dugu: tipula, porrua, oreganoa, pikantea, odola eta txerri manteka».

Etxean prestatzeko sekreturen bat ote dagoen galdetuta, ondorengoa erantzun du: «Lapikoa urez bete tipula eta porruarekin, odolkia sartu, su altuan irakin arte jarri, eta ondoren, sua jaitsi eta beste ordu eta 10 minutuz egosi».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>