Urretxuko Donardegi baserrian Limousin arrazako behiak hazten dituzte. 1983an ekarri zituzten lehenak. Joxe Migel Elgarresta aitak hasitako lanari segida eman dio Mikel semeak. Behien unibertsoaren zabalaz hitz egin du.
Donardegi baserria ganadu baserria izan da mendeetan zehar. «Garai batean, Ipeñarrieta jauregia jauntxoen bizilekua bazen, Donardegi jauregiko korta zen», dio Mikel Elgarresta Donardegiko egungo abeltzainak. 1980ko hamarraldian ardiak eta behiak zeuzkaten. Suitzarrak eta Frisoi arrazakoak zituzten, esnetarako. Inguruan haragitarako zituenak, Pirinioar arrazako behiak zituen.
Ganaduzale senari jarraiki, Joxe Migel Elgarresta Donardegiko abeltzaina Frantziako Limoges-era joan zen, antzinako Limousin eskualdeko hiriburura, eta handik izen bereko arrazako bost abelburu ekarri zituen, 1983an. Zumarragako Olarte baserriko Iñaki Zunzunegik 1984an arraza bereko behiak ekarri zituen Goierrira. Kontakizunean lehenengo etena egin beharra dago puntu honetan. Izan ere, 1992an Donardegi baserria erre egin zen, eta etxekoek erabakiak hartu behar izan zituzten. Besteak beste, gazta egiteko tresneria guztia erre zen baserriarekin. Aurrera egiteko egin beharreko hautuetako bat honakoa izan zen: ardiak ala behiak. «Gurasoek galdetu zidaten, eta nik behien alde egin nuen», Mikel Elgarrestak 12 urte zituen erantzun hura eman zuenean.
Ordurako mutil koskor hura aitarekin hamaika lehiaketetara eta ganadutegi ikustera joana zen han eta hemen. Harra bazuen barruan, pasioa ere bai. Alabaina, Elgarresta semeak ikasketak amaitu zituen, eta 16 urtez Zumarragako ArcelorMittalen lantegian aritu zen. Aitzitik, barruan baserrira itzultzeko grina zuen. Kontakizunean bigarren ezinbesteko etena. ArcelorMittal itxi zuten, 2016an. «Alde txarrari ona atera nion eta etxera bueltatzeko bidea ikusi nuen. Gurasoak jubilatzeko zeuden eta une egokia zen».
Limousin arrazako behiak jadanik nagusi ziren Donardegin. Nolako arraza da, baina? Haragitarako arraza da. «Aita kalean hasi zenean lanean, amak ganadutegiko ardura ere hartu zuen eta zaintza errazeko arraza behar genuen. Limousinak behi funtzionalak dira». Erditze oso errazak dituzte, erditzeen %90etik gora laguntzarik gabe egiten dituzte. Gainera, beste arraza batzuekin alderatuta, kilo asko hartzen dituzten haragitarako behiak dira. Haragiaren kalitatea, halaber, goi mailako da.
Alfabetoa izenetan
Elgarrestak hori guztia kontatu aurretik ganadu artean ibiliak gara, eta behi guztien izenak dakizki. Izenak alfabetoari lotuta daude. Urte bakoitzak bere hizkia du, eta zuhaitz genealogikoaren arrastoari segitzeko erraztasunak emateaz gain, izenaren arabera badakite behi bakoitza zer urtetakoa den. Aurten jaioetakoek P letrarekin hasten diren izenak dituzte. P hizkiarekin hasten den izena eskatu digu Elgarrestak, jaiotzekoa den txalari jartzeko: Petunia? Pitti?
Behiei hitz egiten die. Argazkirako hurbil daitezela eskatzen die txistu eta onomatopeia bidez, baita janariarekin lagunduta ere, eta behiak badatoz, den-denak. Harremana badago abeltzainaren eta behien artean. Haatik, haragitarako behiak badira, Donardegin jaten al dituzte euren behiak? «Lehiaketetara ganaduarekin joan eta etorri, harreman bereziak sortzen ditugu animaliekin eta horiek ez ditugu etxean jaten». Kontatu du, bidenabar, Frantzia aldean ezagutu duela lehiaketetan poz handiak emandako behi bat hil arte bizirik izan zuen ganaduzalearen haren istorioa: «Behia 23 urtera arte bizi izan zen, azken urteetan etekinik ez zuen eman, baina aurretik emandakoa hainbestekoa izan zen jabeak behiari kariño handia ziola».
Donardegiko kortan 25-40 behi dago zezen bakoitzeko. Azienda hazten ari da. Orain korta berria egin dute. Aterik gabekoa, soilik ipar haizetik babestuko dituen horma eraiki dute. 120 abelbururentzako tokia daukate, baina 100 bururekin nahikoa duela dio Elgarrestak. Donardegin, gaur egun, hiru belaunaldik bat egin dute. Elgarresta bera eta bikotekidea, Elgarrestaren gurasoak eta hiru seme-alabak. Transmisioa «ezinbestekoa» dela dio Mikel Elgarrestak.
Urtaroen arabera
Negu partean behiak kortan egoten dira. Haientzat okerrena ez da hotza, euriaren bustia baizik. Larreak ere zaindu behar dituzte abeltzainek ganaduak handik jango duelako. Udaberrian egindako silo bolak eta kanpotik ekarritako beste belar klaseekin elikatzen dituzte neguan, bi razio eguneko. Behien azpiak garbitzea ere ezinbestekoa da. Negua erditze garaia da, eta txahalak lehorrean jaiotzea inportantea da osasun arazoak sor ez daitezen. Donardegiko kortan erditze-espazio bat dute, beti lehor dagoena.
Udaberrian, aldiz, behiak kanpoan daude, belazean. Elgarrestaren irudi kuttuna da behiak aski janda daudenean, zelaian etzanda, udaberriko eguzkitan hausnarrean daudeneko irudi hori. Udaberriko eta udako lana da, baita ere, etorriko den beharraren araberako kalkuluak eginda, belarra jasotzea.
Ganaduzaleak begia zorrozten ikasten du. Ikasi beharra dauka beste ganadutegietara joan eta bere aziendari ongien egokitzen zaion zezena edo behia erosi nahi badu. Elgarresta aitak eta semeak, biek, begi hori zorrozten ikasi dute. «Begi fina behar da», dio semeak.
Urretxuko eta Zumarragako Santa Lutzi feriaren atarian, azokari buruz galdetu diogu Elgarrestari: «Azken 50 urteetan feria eredua asko aldatu da. Espezializatu egin da zaldietan. Guk ez dugu ganadurik jaisten, kapoiak eramaten dituzte aitak eta osabak». Donardegiko ganadua Urretxuko feria berezietan erakusten dute herrian.
Gero eta gutxiago dira ganaduzaleak. Besteok behi bat ikusten dugun tokian Elgarrestak behia ikusten du; izen, abizen eta ezaugarri nahiz behar guztiekin. Naturaren zikloarekin batera lan egiten dute. Mundu txikia da akaso, baina bizi-bizirik dago eta gurean dago, hemen bertan, ikusi nahi duenarentzat.
Zezen bat, zezen baten erdia eta zezen baten heren bat
Hobekuntza genetikoaren filosofia praktikatzen dute Donardegin. Limousin arrazak baditu parametro batzuk, eta haiek ahalik eta gehien hobetzea dute helburu. Ganaduzale batek asko hobetzen badu azienda, beste ganaduzaleentzat onuragarria da. Mikel Elgarrestak, orain, zezen bat dauka Donardegin eta beste ganaduzale batekin zezen baten erdia eta beste baten herena partekatzen ditu. Azienda bereko endogamia saihesten dute, eta zezen bakarraren bizitza luzatzen dute.
Aian Testatze Zentroa deritzona dago, Hegoaldeko hiru lurraldeetarako. Nork bere aziendan hiru hilean behin txahalak pisatu, eta onenak Aiara eramaten dituzte elikadura berarekin zein eboluzio egiten duten aztertzeko. Elgarrestak dioenez, «Barca futbol taldearen Masiaren modukoa da». Behiena, mundu bat da.