Jakintzaren plaza

Lemniskata-2

Goierriko ikerlariei eta ekintzaileei leku egiten die urtero Lemniskata elkarteak Beasainen, Igartzako jauregian. Aurten, Neia Naldaizek, Nerea Casadok, Igor Blancok eta Jon Aramendiak eman dute euren jakintzaren berri.

Lemniskata Goierriko Zientzia Sare Herrikoiaren helburu nagusia da zientzia gizarteratzea, bitarteko desberdinak erabiliz. Pixkanaka gainera, gero etagoierritar gehiagorengana iristen da zientzia, Beasainen hasitako Zientziaroa, Ordiziara eta Lazkaora ere zabaldu baita.

Euskal Herriko, Espainiako, eta Goierriko diziplina desberdinetako zientzialariei egiten die leku. Ohi bezala, Beasaingo Azaroa Zientziaroko azkeneko Igartzako saioa Goierriko lau ikerlariren eta ekintzaileren lana eta jakintza plaza izan da.

Neia Naldaiz (Lazkao, 1988) Bioteknologian lizentziaduna, Biomedikuntzan masterra egindakoa eta Neurozientzietan Doktoradutza/Ikerlaria izan da aurten aukeratu dutenetako bat. Caracterización celular y molecular de la miogénesis dérmica de ratón y su posible traslación al humano doktoradutza tesia egindakoa da lazkaotarra. Gaur egun, Biodonostia Institutuan dabil lanean, Gaixotasun Neuromuskularren taldean, ikerketa buru den Adolfo Lopez de Munain Doktorearekin. Bigarren ikerlaria, berriz, Nerea Casado (Ordizia, 1989), izan da, Kimika Aplikatua eta Material Polimerikoetan doktore ikasketak egindakoa.

Bi zientzialariren eta ikerlariren lana ezagutaraztearekin batera, bi ekintzailek lan munduan izandako esperientziak partekatzeko plaza ere izan da Igartzako jauregia. Igor Blanco (Beasain, 1978) goi mailako Ingeniaritza Informatikoan lizentziaduna, eta 20 urteko lan ibilbidean ikasitakoa gizarteratu nahi izan du. Jon Aramendia (Zegama, 1972), azkenik, elektronika ingeniaria da eta gaur egun elektronika ingeniariaren lanak gero eta garrantzitsua handiago duela defendatu du.

Neia Naldaiz Bioteknologian lizentziaduna:

«Azalean zenbait zelula amen presentzia deskribatu izan da»

Neia-NaldaizZertan oinarritzen da zure doktore tesia.
Nolabait muskulu distrofiekin lotua dago, baina ez gaur egun aztertzen ari garen mailan. Aurkezpenean, lortutako emaitzetatik ondorio garrantzitsuena ulertzeko funtsezkoa dena bakarrik azaldu dut Igartzan.

Laburbilduko zenuke?
Muskulu zuntzak sortzeko prozesua edo miogenesi prozesua laborategian ikertu ahal izateko material biologikoa behar izaten da, eta azken urteotan gizaki muskulu biopsiak geroz eta urriagoak izaten hasi dira. Miogenesia ikertzen jarraitu ahal izateko, eskuragarriagoak diren gizaki biopsiak aztertzen hasi ziren, azala esate baterako. Azalean hainbat zelula amen edo prekurtsoreen presentzia deskribatu izan da; azala ehun alternatibo gisa proposatu da, bai miogenesia aztertzeko, bai aplikazio diagnostiko eta terapeutikoetarako.

Azaleko zelula miogenikoak in vitro hazteko eta muskulu zuntzak lortzeko protokolo bat diseinatu duzue.
Kultibo hauek sakonki karakterizatu genituen, zinezko muskulu eskeletiko zuntzak lortzen genituela ziurtatuz. Bestalde, azaleko zelula miogeniko nagusia Paniculus carnosus muskulu eskeletiko geruzako satelite zelula zela zehaztu genuen. Zelula hauek azaletik lortzen den muskulu eskeletiko zuntzen jatorri dira.

Azaleko muskulu eskeletiko geruza hau ez dago gizakietan.
Oraingoz, giza azaletik ezin dira muskulu eskeletiko zuntzak lortu. Gainera, gabezia honek, muskulu eskeletiko kaltetuentzako azaleko biopsietatik lortutako zelula bidezko terapia baten garapena asko murriztu du. Nahiz eta lan honetan estrategia terapeutiko berri bat ezin izan den proposatu, jasotako emaitzek garrantzi handia izan dute zelula bidezko terapia honen baliagarritasuna aztertzerako garaian.

Igor Blanco Ingeniari informatikoa:

«Denok pasatu beharko genuke ekintzailetza prozesu batetik»

Igor Blanco20 urteko lan ibilbidea duzu eta bidean ikasitakoa partekatu nahi izan duzu. Ekintzailetzarekin hasi zinen ikasten ari zinela, enpresa sortuta.
Esperientzia puntu gogor bat izan zen, baina nik uste dut oso esperientzia gomendagarria eta derrigorrezkoa izan beharko lukeela jende guztiarentzat. Askotan erraztasunez hitz egiten dugu enpresariei buruz eta enpresari buruz… Askotan, ez da baloratzen.

Enpresa handiekin lan egin duzu. Zer ikasi zenuen?
Enpresa txikian lan eginagatik, enpresa handiekin ere lanean aritzea zer den ikasi dut. Repsolekin lan egitea egokitu zitzaigun, 20 urterekin oraindik ikasketak bukatu gabe nengoenean. Konplexua kentzeko balio izan zidan, eta segurtasun handiagoz nire lanbidean aurrera jarraitzeko aukera. Enpresa handia izateak ez du bermatzen gauzak hobeto egingo direnik, ezta txikia izateak okerrago egiten direnik ere.

Administrazio publikoan ere aritu zinen bolada batean.
Konparatiboki egia da lan baldintzak hobeak direla, baina esan beharra dago, administrazio publikoari buruz topiko asko daudela: ez du inork ere lan egiten… Lan baldintzak onak dira, baina horrek ez du esan nahi bere soldata ondo irabazten dutenik eta lana ondo egiten ez dutenik.

Azken urteetan berriz ere ekintzailetzara itzuli zara.
Berriz itzuli naiz bai, baina beste esperientzia batekin. Enpresa bat sortzen denean lan egingo duzunaren inguruko ezagutza teknikoa izan behar da, baina enpresa bat kudeatzea hori baino gehiago ere bada. Gure enpresa sortu genuenean gure akats nagusietako bat hori izan zen. Era xumean bada ere, denok pasatu beharko genuke ekintzailetza prozesu batetik denboralditxo batean, gauzak beste perspektiba batetik ikusteko.

Nerea Casado Kimika aplikatuan lizentziaduna:

«Polimeroak erabil ditzakegu bateriko osagai nagusi bezala»

Nerea CasadoBaterietan erabiltzeko material polimerikoen garapenean oinarritutako doktoretza tesia egin duzu. Hainbat energia ikerketa zentroetan egonaldiak egin dituzu: CIC EnergiGUNE (Gasteiz) eta Deakin Unibertsitatean (Australia).
Nire ikerketa, baterietan erabiltzeko material polimerikoen garapenean datza.

Zein baterirekin aritu zara lanean?
Gaur egun gehien erabiltzen den bateria mota, litio-ioizko bateria da. Igartza saioan horien osagaiak eta funtzionamenduaren berri eman ditut batetik, eta bestetik polimeroak nola erabil ditzakegun bateria hauek hobetzeko.

Gaur egun litio-iozko bateriak erabiltzen dira batez ere. Bateriek bilakaera handia izan dute?
Baterien bilakaera oso handia izan da, 1800. urtean lehenengo Volta pila asmatu zenetik gaur egungo bateria arin eta iraunkorretara.

Polimeroak bateriatan nola erabil daitezkeen aztertu eta ikertu duzu?
Polimeroak erabil ditzakegu bateriako osagai nagusi bezala. Hau da, bai elektrodo bezala eta baita elektrolito bezala ere.

Zein abantaila ditu polimeroak erabiltzeak?
Alde batetik, erraz su hartzen duten likidoen ordez, elektrolito polimerikoak erabiltzen ditugunean baterien segurtasuna hobetzen dugu. Bestalde, murritzak diren eta jasangarritasun baxuko material inorganikoak polimeroez ordezkatzean, baterien jasangarritasuna hobetzen dugu eta baita birziklagarritasuna ere.

Gero eta arinagoak dira bateriak.
Beste abantaila bat hori da. Polimeroak pisu baxukoak eta malguak direnez, pisu baxuko eta malguak diren bateriak eta gailuak garatzea ahalbidetzen du.

Jon Aramendia Elektronika ingeniaria:

«Beharrezkoa da gauzak neurtzea, hobetu ahal izateko»

Jon AramendiIndustria Elektronika Ingeniaria zara. Elektronika ingeniarien lanbidearen defentsa eta sustapena egin nahi izan duzu.
Ingeniari baten ogibideaz, teknologiaz, jakintzaz. Inguru honetan gutxiengoa gara, ingeniari mekanikoak askoz ere gehiago daude, eta enpresa mekanikoak elektronikoak baino gehiago. Baina beti behar izaten da elektroniko bat mekanikoen inguruan: mekanika hori neurtu, monitorizatu, kontrolatu… egiteko. Ikasketa aldetik, ez dago jende asko, eta etorkizunean garapen handia izango du.

Zein lan egiten du elektronika ingeniari batek?
Jakintza eta buru argitasuna aplikatu gauzak hobetzeko. Zerbait fabrikatu, makina bat sortu lan bat automatizatzeko, lan bat gogorra dena edo errepikakorra dena automatiko egiteko era bat bilatu, zerbait neurtzeko era bilatu, jakintza dena modu fisikoan aplikatu eta horrekin eraldatu, hobetu, erraztu…

Dataola enpresa sortu duzu datuak aztertzeko eta datuei erantzuna emateko. Gero eta beharrezkoagoa izango da.
Hasi besterik ez da egin lan hori. Beti neurtu dira gauzak, baina gaur egun dagoen gaitasuna datuak hartu, datuak transmititu, eta datuak biltegiratu eta tratatzeko ez da inoiz egon. Datu pilo bat sortzen ari da gaur egun. Egia da horien tratamendua beste enpresa batzuk egingo dutela. Baina beharrezkoa da gauzak neurtzea, gauzak geroz eta hobeak izatea nahi dugulako. Eta hori horrela izango da, baldin badakigu zein portaera duten.

Adibide bat jar dezakezu?
Kotxe batean nahi dugu gero eta pisu gutxiago izatea, gero eta kontsumo txikiagoa izatea. Hori dena aurrera eramateko beharrezkoa da jakitea materiala non kendu daitekeen…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>