A ze ganadua!

NEKANE GONZALEZLiburu eta diskoz osatutako labirintoan gozatu ederra hartu ondoren, erdi mozkor igaro dugu astea: letren errepublika eta doinuen erresuma burutik kendu ezinda eta pausoak olerkien erritmoan emanez. Irribarre eder bat jantzita eta adeitsu ikusi ditugu salmahaiez bestaldeko guztiak, nahiz eta hango generoa geruzaz geruza erantziz gero, itxura batean ikusten ez diren kontzeptuak aurkitu ditugun: prekarietateari aurre egin nahia, autogestioan oinarritu beharra, altruismoaren esanahia kolokan jartzea… Gauza guztiek bezalaxe, aurpegia eta ifrentzua baititu Durangoko txanponak ere.

Eta astebeteren buruan azoka batetik bestera egin dugu salto: sinbolismotik mundu bukolikora, metaforetatik irrintzietara, hitz errimatuetatik arre eta iso-ra, liburu berrien orriek izaten duten usain ederretik, tira… bestelako usain batzuetara. Santa Lutzi eguna da gaur. Beti muturtuta ageri diren bizilagunek ‒«Ni urretxuarra naiz, e? Errekaz bestaldekoekin zerikusirik ez!», «Ez nazazu urretxuar batekin nahastu, faborez!»‒ elkarrekin eta giro onean antolatzen duten festa eguna.

Animaliak edozein kale bazter eta plazatan; hesiz inguratuak batzuk, kaiolatxoetan besteak. Ganaduzaleak alboetan zain, urte osoko lanak fruiturik emango ote dien jakin nahian. Salgai daude traktoreak, baserri lanetarako tresnak, era guztietako janariak, baserritar jantzi, txapel eta abarkak, eta beste hamaikatxo gauza, baita baserriarekin inolako zerikusirik ez dutenak ere. Globalizazioaren atzaparrak luzeak dira, nonbait.

«… erdi mozkor igaro dugu astea: letren errepublika eta doinuen erresuma burutik kendu ezinda eta pausoak olerkien erritmoan emanez»

Txistor usaina ederki ezkontzen da trikiti doinuekin. Sagardo mingotsa besterik ez da falta, zintzur lehorra hezetzeko. Hirutasun santua. Kale hauen eta Durangokoen artean topatu dut antzekotasunik, ordea: jendea inurriak bezala, batera eta bestera, orain mantso, orain mantsoago, orain geldi, erakusgai daudenei begira; hitzak eta musika tartekatuz bozgorailuetatik; euskalduntasunaren espiritua espitatua, baina tamalez, ez %100 euskaraduna; denbora luzeko lanaren emaitzak herri xehe baina kritikoaren begien bistan jarrita, azterketa, errebalida; eta seguruenik salmentak bai, jakina, baina ez esperotako neurrian.

Alde batean daudenentzat, euren zereginaren termometro; beste aldeko askorentzat, ondo pasatzeko abagune. Topaguneak dira bi azokok, eta mugiarazten dute jendea, barruak, asmoak, indarrak, bideak, arimak, eta mugiarazten dirua…

«Diruz urri gabiltza! Ez daukagu deus!» abestu dugu duela ez asko San Nikolasen alboan jarrita. Eta halaxe dabil aspaldion Espainiako Gobernua ere, osasungintzarako, heziketarako eta ongizaterako sosik ez duela ahots goraz kantatuz. Bien bitartean, beste tonu batean, eskuin muturrekoak euren adagioak aldarrikatzen, eta espero baino ikus-entzule gehiagoren txaloak jasoz, gainera. Talde morearen barne gatazka gorria puri-purian, abokatuek abokatutzaren beraren legeak zapaltzen dituztela. Agintea nork-nola-noiz erabaki ezinik besteak. Hirugarren hauteskundeak iristeko irrikaz bateon bat. Probintzia orotan senidetasun bila azkena; noranahikoa gizona. Santa Lutzikoei garrantzia kendu nahi izan gabe, baina… barkatuko didazue: a ze ganadua!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>