Aita-semeak, arin

Imanol_eta_Alexander_Oiarb(1)Kirolariak izan dira beti Imanol Oiarbide eta Alexander Oiarbide aita-semeak. Atletismoan dabiltza biak orain. Behobian eta Valentzian parte hartu dute besteak beste. Ordiziako San Silbestrean irtengo dira lan ona egiteko helburuz.

Maquetación 1Badatoz Gabonak, eta haiekin batera, urtero Goierriko hainbat herritan egiten den San Silbestre proba ere. Abenduaren 31n Ordiziako, Beasaingo, Lazkaoko, Zegamako, Legorretako eta Urretxu- Zumarragako kaleak korrikalariz beteko dira. San Silbestre proba nazioartean egiten den lasterketa da. Lehenengoa Sao Paulon egin zen. Casper Libero izeneko kazetari batek jarri zuen abian, Frantzian gaueko lasterketa bat ikusi ostean; urtebete beranduago, 1924an, Sao Paulon antzeko proba bat egitea erabaki zuen, eta San Silbestre izena jarri zion Urtezaharra ospatzeko. Silbestre aitasantua hil zen eguna da. Jende andana batu zitzaion, eta 1945an lasterketa nazioartekotzea erabaki zuen.

Goierrin Beasaingoa da lasterketarik zaharrena: aurtengoa 46. Proba izango da, eta Ordiziakoak 43 urte beteko ditu. Bertan aterako dira Imanol Oiarbide (Lazkao, 1961) eta Alexander Oiarbide (Ordizia, 1994) aita-semeak. Duela bi urte, 2017an, semeak jantzi zuen txapela Ordiziako proban, eta iaz bigarren postua lortu zuen, Eneko Agirrezabal segurarraren atzetik: «Aurten ere Eneko ateratzen bada, zaila izango da, baina ahal dudana emango dut», esan du Alexander Oiarbidek.

Beasaingoa ospetsuena izan daitekeen arren, Ordiziako San Silbestreko giroa azpimarratu du semeak: «Beasainen sari ekonomikoak banatzen dituztenez, lehenengo 10-15ak kanpotarrak izaten dira normalean; Ordiziako giroa hobea da nire ustez, askoz ere herrikoiagoa».

Kirola, lagun

Beti izan dira kirolariak, baina atletismoaz gain beste kirol batzuk ere praktikatu dituzte. Aita ez zen atletismoan hasi 35 urte inguru zituen arte: «Futbola utzi nuen 33 urterekin, baina kirola egiten jarraitu nahi nuen». Horrela, atletismoa aukeratu zuen, hasiera batean praktikotasunagatik: «Taldeko kirola egiteko jendea behar duzu, baina korrika egitera bakarrik joan zaitezke, edozein ordutan eta denbora gutxi izanda ere».

Imanol_eta_Alexander_Oiarb«Zegama Aizkorrin 9 urtez segidan aterata, duela bi urte bost ordutik jaistea lortu nuen» Imanol Oiarbide

«Uste baino hobeto egin nuen Behobia; gehiago baloratzen dut denbora postua baino» Alexander Oiarbide

Semeak, berriz, futbola, tenisa eta atletismoa uztartu zituen gaztegotan; atletismoari dagokionez, Txindoki Atletismo Taldean aritu zen lehendabizi, eta ondoren Atletico San Sebastian taldean. Orain Pamplona Atleticorekin hasiko du denboraldia.

Aita Txindoki taldean dabil, eta astean bost aldiz entrenatzen du. Asko badirudi ere, Alexanderrek baino gutxiago, egunero entrenatzen baitu semeak. Prestatzaile fisikoa da Alexander: «Lasterketak edo erronkak dituzten pertsonak entrenatzen ditut, helburu finko batekin; ez dira pisuz jaisteko entrenamenduak», azaldu du. Halere, entrenamenduak aholka ditzakeen arren, ez dute batera entrenatzen normalean: «Azkenean adina eta fisikoa nabari da», azaldu du Oiarbide  aitak.

Behobian hamargarren

Azaroan Behobia Donostia proban atera ziren biak. Alexanderrek hamargarren amaitu zuen 20 kilometroko lasterketa: «Uste baino hobeto egin nuen, banekien 1:05:00tik behera egingo nuela, baina gehiago baloratzen dut denbora postua baino», azaldu du. Izan ere, partaidetzaren araberakoa izan daiteke postu hobea ala okerragoa egitea: «Zuk zure denbora kontrola dezakezu, baina lasterketan korrikalari on asko badaude, postu okerragoa egiteko aukera handiagoa da», esan du Imanolek.

Behobia korritu duen hamazazpigarren aldia izan da aurtengoa aitarentzat: «Hasieran sentsazio txarra izan nuen erbiak atera zirenean; uste nuen poliki nindoala, baina gero konturatu nintzen haiek zirela azkar zijoazenak». 272. postua lortu zuen azkenean.

Maratoiak eta krosak

Mendian ibilitakoa da Imanol Oiarbide, baina azken urtean ez du mendi lasterketarik egin: «Asko gustatzen zait mendia. Zegama Aizkorrin bederatzi urtez segidan atera ondoren, duela bi urte bost ordutik jaistea lortu nuen, eta iaz jada ez nintzen atera». Lasterketa berriak ditu helburu, baina zehaztapenik gabe: «Ez daukat erronka zehatzik, proba berriak eta ezagutzen ez ditudan karrerak egitea gustatuko litzaidake».

Valentzian izan ziren abendu hasieran bi lasterketa ezberdinetan parte hartzeko.Alexanderrek 10 kilometroko lasterketa bat egin zuen, eta Imanolek Valentziako maratoia korritu zuen. Helburua lortuta bueltatu ziren etxera: «Duela lau urteko marka hobetu nuen eta hori zen helburua», adierazi du Imanolek. Bere denbora 2 ordu 40 minutu eta 40 segundokoa izan zen.

Maratoia, erdi maratoia, krosa; belarra, pista, asfaltoa; modalitate desberdinetan egin dute korrika aita-semeek, baina ez dute nahiago bat bestearen gainetik: «Desberdina da, maratoi erdiek exijentzi gutxiago eskatzen du prestakuntza aldetik, eta karreran gutxiago sufritzen duzu», azaldu du Oiarbide zaharrenak. Alexanderren arabera, disfrutatzeko aukera gehiago ematen dizu krosak: «Atseginagoa da, dibertigarriagoa, pistan denborari begira zabiltza, eta krossean postuari». Aitak gehitu du asfaltoan erritmoa eramatea «errazagoa» izan daitekeela: «Lokatza dela eta ez dela, ez dago guztiz zure esku denbora kontrolatzea».

Erronka bat du Oiarbide semeak epe luzera; otsailean Euskadiko Kros Txapelketan parte hartuko du. Gernikan izango da, otsailaren 2an: «Denbora ona eginez gero, Espainiako txapelketara joateko aukera izan dezaket». Lehendabizi, halere, Ordiziako San Silbestrean lan ona egiten saiatuko dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>