Udazken bustia

Maquetación 1

Azaroan egin duen euriagatik eguraldi kontuak inoiz baino gehiago entzun dira udazken honetan. Aspaldian ez zuen hainbeste euririk egin eta hainbeste egun jarraian gainera: ia hilabete osoa.

Neguan gaude dagoeneko, aurreko asteko igandean, abenduaren 22an, 05:48an udazkena agurtu zenetik. Atzean geratu da beraz, irailaren 23an goizeko 10ak inguruan hasi eta 89 egun eta 20 ordu iraun duen urtaroa. Aurrera begira, urteko egunik hotzenak datoz; negua martxoaren 20ra arte luzatuko da, eta 88 egun eta 23 ordu iraungo du.

Metereologia aldetik euriagatik nabarmendu da udazkena, aspaldian jasotzen ez ziren kantitateak neurtzeraino. Euriarekin batera, egunik hotzenetan, Goierriko tontorrak zuritu ziren tartetxo batean, baina tenperaturak ez dira oso baxuak izan gerora, eta elurra aspaldi desagertu da Aizkorritik eta Txindokitik. Udazkena, beraz, euritsua eta epela izan da.

Lazkaoko presa

Aurtengo udazkenaren bi aurpegi; irail amaieran Lazkaoko Agauntza errekako presa ia lehortuta, eta azaroko euriteen ondorioz hazita.

Hilabetez hilabete

Legazpiko estazio meteorologikoaren ardura duen Alonso Francesek udazkenerako aurreikusi zuena ez da bete, «ohi baino lehorragoa» izango zela esan zuelako; ezta Goierriko Aztia izenarekin sare sozialetan eguraldi pronostikoak egiten dituenak esandakoa ere, denboraleak eta elurteak iragarri zituen eta. Ez da urtaro lehorra izan, eta euria kenduta, ez du hain eguraldi makurrik egin. Hilabetez hilabete jasotako datuak horren erakusle.

Urtaroaren hasieran, hau da, iraileko azken egunetan, tenperaturak ez ziren oso altuak izan, nahiz eta egun batean, 29an, Ordiziako termometroa 32 graduraino igo zen. Hilabete osoko batez bestekoa 17,45 gradukoa izan zen Legazpin, eta ohiko parametroetan kokatu zen. Euria, berriz, eta iraill osoa kontuan hartuta, azken urteetan baino piska bat gehiago egin bazuen ere, udazkenari dagozkion egunetan, hil bukaeran, ez zuen ia egin.

Urria, dagokion bezala, iraila baina freskoagoa izan zen –15,15 gradukoa izan zen Legazpiko batez bestekoa–, baina termometroak oraindik goiko zenbakietara jo zuen behin baino gehiagotan eta Ordizian markatu zuen hileko eta eskualdeko tenperaturarik altuena, urriaren 11n, 29,5 gradurekin. Euriari dagokionez, asko egin zuen, iazko urrian baino gehiago, baina Francesek azaldu duen bezala, hilabete honetan ohi den baino gutxiago.

Azaroko euria ez da kantitate kontua bakarrik izan, ia hilabete osoa joan da euripean

Azaroko datuak nabarmendu behar dira; tenperaturaren jaitsiera nabaria izateaz gain, euri asko eta egun askotan egin zuen. Azaroan normala dena baino hotz handiagoa egin zuen, eta termometroak 0 graduraino ere jaitsi ziren. Horregatik, hain zuzen, egin zuen elurra mendi tontorretan, erabat zuritu ez baziren ere. Baina elurra baino, euria izan zen hilabete horretako protagonista, aspaldian ez zuelako hainbeste egiten. Alonso Francesek, Legazpiko datu historikoak eskuan, 1946tik laugarren hilabete euritsuena izan zela esan du: «1950eko abendua izan zen euritsuena, 845 litrorekin; bigarrena 1946ko abendua, 520 litrorekin, eta hirugarrena 2013ko urtarrila, 509,10 litrorekin». Hain zuzen, Legazpin neurtu ziren Goierriko kopuru altuenak aurtengo azaroan: 501,46 litro.  Baina ez da bakarrik kantitate kontua izan, iraupen kontua ere bai, ia hilabete osoa euripean joan delako.

Eta udazkenari amaiera emateko, tenperatura bajuak abenduan, nahiz eta oraindik 0 gradu azpitik ez den neurtu. Hego haizea ibili da hilabete honetan,  normalean urrian eta azaroan izaten bada ere. Eta euria, azkenik, orain arte abendurako kopuru normalak neurtu dira.

Udazkeneko prezipizitazio horiei esker, urte osoko euriak ohiko batez bestekoa goitik gaindituko dute, nahiz eta 2019a motela izan den erdialdeko hilabeteetan. Eta euriak jarraitu egingo omen du neguan.

Urtegien egoera

Udazkena_Brinkolan__BarrenAzaroko euriek Goierriko urtegien betetze mailan izan dute eragina, eta hirurak oso egoera onean daudela esan behar da. Hala, Legazpiko Barrendiola %97,13an dago beteta; Ataungo Lareo %72,69an; eta Beasaingo Arriaran %96,06an. Azken hori iaz garai honetan baino askoz ere beteago dago (%65,90) eta zer esanik ez, 2016ko datuekin alderatuta, orduan %47,69 bakarrik baitzegoen beteta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>