Higa nortasuna

Higa(3)Ordiziarrock jaialdiaren azken edizioan estreinatu zen Higa talde goierritarra. Hirukote horrek badu eskarmentua musikaren munduan eta nortasun propioa atera nahian sortu dute. Lehen diskoa grabatzeko lanetan hasiak dira.

Baga, biga, higa! Mikel Laboa handiaren abestiari keinu eginez sortu dute Higa talde berria. Higa izenaren arrazoia taldekideak hiru izatea da, orain arte behintzat. Proiektu berria Ordiarrocken azken ekitaldian estreinatu zuten oholtza gainean, nahiz eta ez diren berriak. Lehendik ere musikaren munduan eskarmentua dute hirurek. Orain, aurretik hartutako esperientzia guztia Higan islatu nahi izan dute.

Musika «bizia eta freskoa dakarkigula uste dugu», hala kontatu dute Iban Pajares (Zaldibia, 1984), Aitor Loiarte (Ordizia, 1993) eta Iñaki Perez (Trintxerpe, 1985 –Zaldibian bizi da–) taldeko kideek. «Lehendik musika munduan ezagunak diren soinu eta estiloak landu ditugu, baina gure nortasuna eman diogu: gitarra soinu azkarrak, bateria indartsua eta bi ahotsen arteko ukitua».

Kantak «guk sortutakoak eta euskaraz»dira; kantetan lantzen dituzten gaiak, berriz, «inguruan zein munduan gertatzen diren hainbat gai sozial, politiko eta kezkatu zein pozten gaituzten beste hainbat gauzen inguruan idatzi ditugu letrak, mundu mailako errealitate zabalera begira zein eguneroko gauza txikiei heltzen saiatu gara gure abestietan, guk sentitzen ditugun moduan azalduz».

Higa taldeko Iban Pajaresi, Aitor Loiarteri eta Iñaki Perezi Igor Arrese batu zaie berriki
Urtarriletik martxo bukaerara bitarte Pottoko estudioan grabatuko dute lehen diskoa

2019. urteko urriaren 18an estreinatu ziren Ordiziarrock jaialdiaren 16. edizioan, Ordizian, Beti Alai pilotalekuan. Gogoratu dute «luxuzko estreinaldia» izan zela, eta «oso eskertuta» agertu dira, Ordiziarrockeko antolakuntzak emandako aukeragatik. Jendaurrera salto egin aurretik sukaldean lanean urtebetez egon ziren, «abestiak sortzen eta prestatzen». Proiektu berria «horrelako plaza batean aurkeztea sekulakoa» izan zen. Unidad Alavesa, Capsula eta The Riff Truckers taldeek jo zuten eszenatoki berean Higaren estreinaldi egunean.

Hirutik laura

Taldearen sorrera Pajaresen eta Perezen ideia izan zen: «Aurrez beste talde batzuetan arituak gara, Harrika, Sukarra 37, Freezen edo Gureran taldeetan, besteak beste». Aurreko proiektuak «bertsio taldeak» izan dira orohar, eta «sentimendu eta gogo berdin batek batzen gintuen: guk sortu eta gureak sentituko genituen abestiak egitea, barnetik, amorrutik zein maitasunetik». Horrela, lehen abestiak sortzen hasi ziren. Tarte horretan, bateria jotzaile baten bila hasi ziren eta Ordiziarrocken ezagutu zuten Loiarte. Une hartan sortu zen Higa.

Baina orain aldaketa garaia dator Higa taldean. «Zuzeneko emanaldietan baxu jotzailerik gabe hasi gara, probatu nahi genuen, kontzertu batzuk eman eta ikusi bi kitarren jokoarekin gustura geunden». Proba eginda, «gustura» ibili dira baina, hala ere, «baxu jotzailea sartzea» erabaki dute. Igor Arrese (Zaldibia, 1986) da Higa taldearen kide berria.

Estudiora

Etxeko lanak eginda, urtarriletik martxoaren bukaerara arte estudioan kantuak grabatzen egongo dira. «Aurrez hiru abesti grabatu genituen, Pottoko estudioan, Fredi Pelaezekin» eta sarean zabaldu zituzten urritik aurrera. «Oso gustura geratu ginen lanarekin, eta berriz ere Fredirengana jo dugu abesti berriak grabatu eta formato fisikoan zerbait atera asmoz».

Espero dute apirilerako lehen diskoa kalean izatea. «Orain arte eman ditugun kontzertuak sarrera modukoa izan dira, gure proiektuaren aurrerapen bat, 2020an indartuta etorriko den proiektuaren aurrerapena».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>