Inaxio Usarralde eta Joxepa Madariaga

Inaxio Usarralde

Nork demontrek jarri ote zinan indarrean, Joxepa, hankabikoon eginkizunak urteka antolatzeko eredua? Gero eta gogaikarriagoa gertatzen zaidan egun hauetako handikeria eta zurikeria. Zer nezesidade ote zegon horrenbeste handinahikeriarako, nire uste apalean, portaera umilagoarekin askoz ere hobeto joango litzaigukeenean? Bien bitartean, urte zaharretik berrirako pasabideak gauzek lehengo bidetik jarraituko dutela erakutsi zigun. Heriok, esaterako, gure herrikideen odoletik dzangaka jarraitzen din gaixotasun malapartatua tarteko edo ezusteko istripua medio… Ez dun urte hasiera erraza izan hainbat etxetan.

Telebista piztu eta politikarien hitz aspertu gezak nonahi, beraien jarduna zuritu nahian. Hauei esango nieken herritarren mesederako ari direla erakusteko, ez dagoela urte osoa itxaroten pasatu beharrik urrats ausartak emateko, gaur bertan hasteko, horixe.

Munduari begira jarrita beldurtzekoa dun egoera, AEBetako agintariak Ekialde Hurbilean erakusten ari diren jokamoldea ikusita. Handik mendeku hotsak zetozen eta, berriro ere, horrenbeste gizagaixo errugabek ordaindu beharko diten/dinagu Trumpatien harrokeria.

Urtarrila izanda, urteroko presoen aldeko hitzorduak ere hor zeuden biharko deituta, bai Baionan bai Bilbon. Honetan ere aurrerako urrats gutxi. Preso gaixoak gero eta okerrago. Senitarteko eta lagunak joan-etorri neketsuan, arrisku bizi-bizian…

Usarralde-MadariagaUrte hau 20 eta 20 omen dun. Edo, beste modu batera esanda, XX eta XX. Zakilixuten arabera, «emakume urtea» orduan!

Joxepa Madariaga

Aupa!, Inaxio. Kezkatuta nagok, duda asko ditiat eta horiek argitzen saiatu behar diat aurten. Ezjakina nauk, erabat, arlo askotan, eta neure burua jantzi beharra sentitzen diat. Uste diat munduaren martxa traketsa alda dezakegula; bazakiat, umilagoak izan gaitezkeela; presoak, bai larri gaixo daudenak, bai osasuntsu daudenak, berandu izan baino lehen, etxera ekarriko ditiagu; erabakitzeko eskubidea ere, lortuko diagu; errespetua, elkarbizitza…ez dituk hitz hutsak izango. Horiek guztiak lortuko ditiagu, guk lortu ere, ez politikari handi-mandiek.

Kezkatzen nauen gaia duk, hik aipatzen duan heriotzarena. Bai, heriok lanean jarraituko dik eta gaixotasunek eta istripuek eramango gaitiztek, bai gu, bai lagunak, familiartekoak, auzotarrak… Bizitzak heriotza zor; beraz, heriok eraman gaitzala, baina ez indarkeria matxista tarteko, mesedez. Hil eta gero zer, ordea? Ohiko hileta elizkizun kristauari alternatibak aurkitu zizkioagu. Hileta, agur zibil txukun, indar emaile eta oroigarri polit askoak bizitzen ari gaituk inguruan. Pozten nauk. Eta, agurrak agur, gorpuekin zer egin? Lurperatu? Erraustu? Garai bateko gizakien berri hezurrak ikertuta zakiagu; lurperatu zituztelako ditiagu beren hezurrak aztergai gaur. Erraustutakoen hautsak, ordea, jan ditik lurrak, irentsi ditik itsasoak, eraman ditik haizeak. Gainera, planeta bakar hau zaintzeko, besteak beste, zaborren erraustegien kontra gaudenok, gorpuak errausteko aukerari heltzea, ez al duk kontraesana?
To!, luze eta zabal hitz egiteko gaia…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>