Ion Muñoa eta Eneritz Gorrotxategi

Ion Muñoa

Eneritz! Aspaldiko! Zer moduz? Ondo hasi al dugu urtea? Espero urte bisiestoa eta XXI. mendearen bigarren hamarraldiaren amaiera oparoak izatea. Halakoetan ohi denez, eta noiz arte esan behar den ez dakigun «urte berri on»-arekin batera, ohikoa izaten da urteko asmo, desio eta plangintzak egitea. Eta horien artean, nola ez! Osasuna!Bizimodu osasuntsua, zaintzea, kirola eta sano jatea lehenestea faboritoetako bat izaten da garaiotan. Eta aitortu behar dizut nik ere badudala horretarako intentzioa, baina ez dakit ondoegi hasi naizen: lerro hauek idazten ditudan bitartean buruko min ziztada dezenteak sentitzen baititut, bart hasi genuen sagardotegi denboraldiaren lehen aje gisa. Kupeletako ziriari sakelakoari begiratzen dioguna baino ere sarriago tira eginez, zurrut eta zurrut, ordu txikiak arte ibili ginen giro ederrean.

Etxerakoan, garaiko haize freskoa sentituz eta izarrei begira gindoazela, Izaro abeslariak aste berean Astigarragako sagardotegi denboraldia inauguratzerakoan esandakoak gogora: ez duela alkoholik edaten. Eta gure bizimodua alkoholik probatu gabe imajinatzen hasi nintzen: festak, lagun arteko topaketak, familiako juntadizoak, laneko bazkari-afariak, parrandak, sagardotegiak… Bistakoa da gure gizarte-ohituretan alkohola erdigunean dagoela, baina norbere burua zaintzeko beste gizarte joera batzuekin batera, irakurri izan dut gazteen artean alkoholari uko egiten dioten gutxiengoaren kopurua gorantza doala. Ikusi beharko da tendentzia horrek zer-nolako indarra hartzen ote duen eta gizarteak neurria nola hartuko ote dion etorkizunean alkoholari. Munoa-GorrotxategiEdozein modutan, galdera pertinentea beste bat da: zuk estreinatu al duzu sagardotegi denboraldia, Eneritz?

Eneritz Gorrotxategi

Ez, oraindik ez, baina uste dut batadozkidala sagardotegian bazkaria egiteko pare bat hitzordu! Animo bada bixamonarekin! Sentitzen dut baina ezin dizut lagundu bada bixamona arintzeko erremedioekin, nik azken bixamona aspaldi ahaztua dut! Biharamuneko ajea izatea baino nahiago dut kasik ez edatea. Makina bat parranda egin izan dut nik alkoholik gabeko garagardoarekin edota urarekin, horrek ez baitit eragozten parrandan ongi pasatzea.

Norberaren araberakoa da sagardotegiko kupelaren aurrean neurria jartzea. Norberak jakingo du tentazio gisa bizi ote duen, zein ardurarekin joan den (autoa eraman badu…) edo beretzako tentazio handiagoa den mahaian jarritakoa. Azken aldian ordea sagardoaren bueltan molde berriak ere zabaltzen ari dira; han-hemenka topatu izan dut sagar-muztio kupelen bat… Gogoan izango duzu iaz egin zuten gomendioa; sagardoa kopan edatekoa, bistakoa da ordea, zuk ziritik nahiago duzula ala? Botilan ez ezik, latan ere merkaturatzen ari dira eta Japonia omen da sagardoak bere egin nahi duen merkatuetako bat. Ni gehiago tentatzen nau sagardotegian sortzen den giroak; mahaitik txotxera altxa, batekin eta bestearekin solasean jardun, mahaira itzuli eta mokadutxoa egin… eta ondoren kanturako dantzarako biderik bada, primeran! Hurrengoan badakizu, txootx esaten dutenean, biz batean edo joan! Eta bestela niri gaztetxo nintzela esandakoa errepikatuko dizut: edaten hasterako, pixa egiten ikasi behar da!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>