«Lan sozietate bihurtzen ari dira erreleborik ez duten enpresa asko»

Josetxo_Hernandez

Josetxo Hernandez (Zumarraga, 1953) lan sozietateen elkarteko (ASLE) kudeatzailea da. Irimo enpresan lan egin zuen eta Urretxuko enpresa hori lan sozietate bihurtzeko prozesuan parte hartu zuen.

Ze ikasketa egin zenituen?
Batxilergoa ikasi nuen eta ondoren Zuzenbideko hiru ikastaro eta Ekonomiako bi egin nituen.

Non hasi zenuen lan ibilbidea?
Zumarragako La Salle-Legazpi ikastetxean eskolak eman nituen. Bi ikasturte eman nituen bertan. Ondoren Antzuolako Vulcanizados Oria enpresan lan egin nuen. 1976an Urretxuko Irimo enpresan hasi nintzen.

Zergatik erabaki zenuen Antzuolatik Urretxura etortzea?
Urretxun lan egitea erosoagoa zen eta, gainera, Irimo enpresa handiagoa zen. 700 langile baino gehiago zituen eta lanpostua hobetzeko aukera gehiago nituela iruditu zitzaidan.

Zein zen zure funtzioa Irimon?
Mekanizatu tailerrean hasi nintzen. Lan sozietatea izatera pasa zenean, administrazio kontseiluko kidea izan nintzen. 1976tik 1983ra egon nintzen Irimon.

Zer aurkitu zenuen Irimon?
1976an enpresa hazten ari zen, baina salmentak ez ziren neurri berean hazi. Hala, 1978an ordainketa-etendura egon zen. Enpresa Aparizio anaiena zen. Erreminta eta forja sailak zituen.  Irimon gertatu zena Euskadiko beste enpresa askotan gertatu zen: enpresek hazkundearen aldeko apustua egin zuten eta petrolioaren krisiak merkatua geldotu zuen.

Irimok lan sozietatea bihurtzea erabaki zuen.
Mobilizazioak egon ziren eta Madrilgo Lan Ministeriora jo genuen. Adolfo Suarez zen Espainiako presidentea. Lan ministroa, berriz, Rafael Calvo Ortega zen. Ministroak lehengaiak lortzeko finantziazioa eskaini zigun. Langileoi 500.000 pezetako mailegua eskaini zigun, diru hori enpresari eman genion eta enpresaren akzioak langileon eskutara pasa ziren. Enpresak mailegua itzultzen ez bazuen, ministerioak dirua langileoi eska ziezagukeen.
750 langile ginen eta bideragarritasun planak 500 langile bakarrik gelditu zitezkeela zion. Hala, 250 langilek kalte ordaina jaso zuten eta 500 gelditu egin ginen. Mailegua hartzea arriskutsua zen eta 250 izan ziren, gutxi gorabehera, mailegua eskatu ez zutenak. Lan sozietatea 1979an egin zen.

Zer zioten Aparizio anaiek?
Aparizio anaiek azken urteetan egin zuten operazio onena Ramon Iriondo zuzendari nagusi bezala kontratatzea izan zen. Iriondo ekonomista, ingeniaria eta oso ospe oneko kudeatzailea zen. Estratega ona zen eta komunikatzen zekien. Berak jarri zuen martxan enpresaren salbazioa. Apariziotarrek begi onez ikusi zuten Irimo lan sozietatea bilakatzea. Tailerrak, lursailak… hipotekatuta zeuden.

Langileek asko arriskatu zenuten.
Hala da. Irimo lehen lan sozietate anonimoa izan zen. Ez zegoen esperientziarik, baina lanean jarraitzea erabaki genuen.

Langile guztiak ados al zeundeten?
Ez. Garai hartan lan gatazka asko egon ziren eta sindikatuen artean iritzi ezberdin asko zeuden. Dena den, irizpideak batzea lortu zen, etorkizunari aurre egin ahal izateko.

Zergatik erabaki zenuen Irimo uztea?
Irimo lan sozietatea bihurtuta, nire lan orduen %50 aholkulari lanetarako zen. Antzeko egoeran zeuden enpresentzat lan egiten nuen, aholkulari bezala. 1982an EAEko 53 enpresek ASLE sortu genuen. Bulegoa Irimon egon zen, Bilbon bulego bat ireki genuen arte. Orduan Bilbora etorri nintzen lanera.

Nola lortu zenuten Irimo berpiztea?
Maileguari, lau bankurekin zorra berfinantzatzeko lortutako akordioari eta kudeaketa onari esker, proiektua bideragarri egin genuen. Produktibitatea hobetu genuen eta langileek hobeto lan egitea lortu genuen, enpresa beraiena baitzen. ASLE sortu ondoren, hezkuntza, kultura eta ideologia gehiago eta hobeto lantzen hasi ginen.

Josetxo_Hernandez(2)«Irimo lehen lan sozietate anonimoa izan zen: langileok lanean jarraitzea erabaki genuen»
«Maileguari eta kudeaketa onari esker, Irimo bideragarri egin genuen»
«Enpresetan hezkuntza, kultura eta ideologia lantzen dira ASLEren eskutik»
«Europan langileak enpresaren kapitalean partaidetza izatea bultzatzen ari dira»

Irimon egindako lanaz harro egongo zara.
Esperientzia zoragarria izan zen. Aurrera atera zen eta, horri esker, forja eta erreminta sailak banatu ahal izan ziren. Ondoren, erreminta saila Palmera eta Acesarekin fusionatu zen. Enpresaren etorkizuna bermatzeko handitu beharra zegoen eta hori ezin zen lan sozietatea izanda lortu.

Handik urte batzuetara Irimoren bi enpresak itxi egin ziren.
Irimo enpresa oso garrantzitsua izan zen Urretxu eta Zumarragan, eta pena bat da itxita ikustea. Badakit Irimoren lursailean beste enpresa bat eraiki behar dela. Albiste ona da. Ea bi herri hauek industria berrindartzea lortzen duten. Enpresak sortu nahi dituztenei laguntzak eta erraztasunak eman behar zaizkie. 1970eko hamarkadan Urretxu eta Zumarraga herri alaiagoak zirela iruditzen zait, joaten naizen bakoitzean.

Lehenengo lan sozietataren sorreran parte hartu zenuen eta 40 urte daramatzazu mundu horretan. Zenbat lan sozietate ezagutu dituzu?
ASLEtik 1.000 baino gehiago pasa dira. Hasierako asko beste eredu batetik zetozen, baina 1997tik hona enpresa asko lan sozietateak dira hasiera-hasieratik. Egun, berriz, erreleborik ez duten enpresa asko lan sozietate bilakatzen ari dira. Enpresariaren senitartekoek ardura hori hartu nahi ez duten kasuetan ematen ari da hori: langileek enpresa erosten dute. Egun, 260 enpresa baino gehiagorentzat lan egiten dugu. ASLEn hiru langilerekin hasi ginen eta egun 17 gara.

Ze etorkizun dute lan sozietateek?
Europan, langileen partaidetza duten enpresa ereduen artean nagusia da. Europako herrialde ezberdinetan langileak enpresaren kapitalean partaidetza izatea bultzatzen ari dira. Amerikako Estatu Batuetan eredu honek arrakasta handia du. Bertako 30 milioi langile baino gehiagok beraien enpresetako kapitalean partaidetza dute. Oso positiboa da, aberastasuna hobeto banatzen baita, langileak arduratsuagoak baitira, enpresak bere inguruarekin lotura estuagoa baitu eta enpresa beste batek erostea zailagoa baita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>