Sasoi gazi-gozo haiek…

NEKANE GONZALEZPozik esnatu da gaur Pello, atzoko plantoa mundiala izan zela iritzita. Lan, pentsio eta bizitza duinen alde egindako Greba Orokorrak babes handia lortu zuen. Jendeak ikastetxeak eta lantegiak hustu zituen, kaleak betetzeko. Lo sakon egiteak ezpain ertzean utzi dion listu arrasto zuritua kentzen duen bitartean, pozik irakurri ditu etxean dituen bi egunkarietako titularrak. Izan ere, oraindik paperezko egunkariak erosi eta irakurtzen dituen historiaurreko gizasemea da Pello, ez baitu ulertzen jendeak pantaila txiki batzuetan letra handituz albisteen berri jasotzeko gaur egun duen apeta bitxi hori.

Pellori xarmangarria iruditzen zaio berriki inprimatutako letra beltzei darien tinta usaina, gozagarria hatzak miazkatu eta atzekoz aurrera egunkari orriak pasatu eta irakurri beharrekoa irakurtzea, eta, zoragarria, interesekoa iruditu zaion erreportajea, argazkia, elkarrizketa, komikia edo artikulua guraizez moztu, eta oroitzapenen kaxan gordetzeko aukera izatea. Baliabide teknologikoek askotarako aukera emango dute, baina ez horretarako.

Eta Pellok bihotzez maite du bere oroitzapenen kaxa. Han ditu gordeta Euskaldunon Egunkaria itxi aurretik moztu zituen albisteak, lehen nomina, autoa erosi zuenean eman zioten ordainagiria, emazte zenarekin ateratako zuri-beltzeko argazki xaharra eta beste hamaika paper mutur zimurtu. Horiek guztiek osatzen dute Pelloren bizitza, nola osatzen den puzzlea piezaz pieza: bizi izandakoaren eta hartutako erabakien fruitua baita gizakia.

Beste garai batekoa da Pello. Haurrek baserrian lagundu, eta pago artean jolasten ziren garaikoa. Gurasoen esanari men egin, eta apaizari, medikuari zein beste jaun txit goren batzuei berorika hitz egin behar zitzaienekoa. Gazte-gazterik lantegiren batean hasi, eta goserik ez, baina nahi beste edukitzeko modurik ez zeukatenekoa. Gogoan ditu lan baldintza hobeak lortzeko egindako ezin konta ahala manifestazioak, prekarietatearen aurkako lan uzteak, Euskaldunan egindako piketeak… Bere belaunaldikoak gogor borrokatu ziren lan, pentsio eta bizitza duinagoen alde. Garai latzak izan ziren, gaziak; baina lorpen txikiek ahoan utzitako zapore gozoak ez zuen parekorik. Gaztea zen, eta mundu koskor honek bera jango ez bazuen, prest zegoen mundua jatera kalera irteteko.

Oraingo gizartea, baina, laua iruditzen zaio, gatzik gabea, lixibaz garbitu izan balute bezala. Denetarik egongo da, baina gazteak ere neutroak iruditzen zaizkio, oro har. Guztia emanda izan duten kumetxo gaizki heziak. Sozialismoaz baino gehiago like gehien dituen youtuberraren azken orrazkeraz kezkatuta bizi direnak.

Horregatik iruditu zaio atzoko grebak baduela bere sasoiko greben antzik. Iruditu zaio gizarteak begiak irekitzeko ahalegintxoa egin duela, norbaitek kokotean kolpetxoa eman izan balio bezala: esnatu! Lozorroan zeuden helburuak eta grinak berpiztu izanak pox txikia eman dio bere bihotz zaharrari.

Gosariko azken kafe hondarrak irenstearekin batera moztu du grebari buruzko albistea, eta oroitzapenen kaxan sartu. Behinola Euskaldunan sortutako katearen beste katebegi bat bildumarako. Ziur dago emazteak harro irakurriko duela zuri-beltzeko begiradarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>