Bizitza errealerako prestatzen

Ingeniaritza_ikasleen_erro

Mondragon Unibertsitateko ingeniaritzako ikasleek garabiak eraiki dituzte, teoria praktikan jarriz.

Goierri Campuseko Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritzako 1. mailako ikasleek jaso duten erronkaren emaitzak aurkeztu dituzte. Erromako Udalak bere eraikuntza historikoak mantentzeko 2025 urtera arteko plana aurkeztu berri du. Plan horren barruan, Koliseoaren mantentze lanak aurreikusten dira, eraikuntzaren hondatzea gelditzeko eta bisitarientzat sarbideak eta igarobideak hobetzeko. Berritze lanetarako behar den materiala kanpotik barrura garraiatzeko arazoak ditu lanak egin behar dituen enpresak, eta Mondragon Unibertsitateko ikasleei laguntza eskatu die. Zama ahalik eta modurik egokienean, seguruenean eta azkarrenean garraiatu behar da, eta noski, eraikuntza bera hondatu gabe.

Talde lanean egin diote aurre erronkari. Sei garabi aurkeztu dituzte, diseinu eta estilo ezberdinetakoak. Garabi bakoitza diseinatu duen taldeak zamalanak egiteko sistemarik egokiena zein den aztertu behar izan du, eta horren arabera garabia diseinatu.

Erromako Koliseoan mantentze lanak egiteko aproposa izan daitekeen garabia eraiki dute
Ikasleak taldeka aritu dira lanean, eta seihilekoan ikasitakoa aplikatu dute

Prototipoa fabrikatu dute ondoren, eta ondo funtzionatzen duen edo ez aztertu ahal izan dute saiakeran. Koliseoaren irudi handi batean markatutako hiru gune zehatzetan utzi behar izan dute zama, ahalik eta zamarik gehiena garraiatuz. Diseinu berritzailea izan behar zuten derrigor garabiek, eta muntaiaren egokitasuna ere kontuan izan dute lanak baloratzerakoan.

Lanarekin «gustura»

Erlantz Garmendia ordiziarra eta Jaione Armendariz ibartarra dira proiektua garatzen aritu diren ikasleetako bi. «Ikasturtearen lehen sei hilabetean ikasitako ezagutzak, bizi errealeko testuinguru batean aplikatzea izan da helburua», adierazi dute, eta bidean aurkitu duten zailtasun handiena «denbora» izan dela: «Hasiera batean arazoa aztertu genuen, ondoren, zein nolako garabia eraikitzea komeni zitzaigun argitzeko eta gure taldeak dorre garabia egin du». Zailena «prototipoa egokitasunez egitea izan» dela nabarmendu dute.

Erabili dituzten baliabideei dagokienez, «mekano itxurako eta beste hainbat pieza jaso eta horiek baliatu» dituzte.

Aurkeztutako lanarekin «gustura» daude, eta horrelako lanak egitea «oso ona» dela iritzi dute. Jasotako teoria «praktikan jartzen» baitute eta ikasketak amaitu eta lan merkatuan daudenerako «erronkei aurre egiten ikaste aukera ematen» dielako.

Ate irekien eguna

Bestalde, otsailaren 8, ate irekien eguna egingo Mondragon Unibertsitateko Goierri campusean, Ordizian. Bertako eskaintza ezagutu nahi duten guztiei zuzenduta dago. Bertan ikusi ahalko dira ingeniaritzako ikasleek aurkeztu dituzten garabiak zein aurreko urteetan garatu dituzten beste hainbat proiektu ere. 10:30ean izango da hitzordua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>