Musak greban

Antxiñe MendizabalBeste denbora librerik ez eta idatzi hau egiteko baliatu nahi nuen greba-eguna. Edozein lan-egunetan bezala jaiki nintzen, goizago, inspirazioak lanean topatu behar omen du-eta artista. Aitortu behar dut musen xuxurla hobeto entzun ohi dudala kafe bat hartu ondoren; tabernako kafea. Artisten apetak!

Eskirol bat ote nintzen kezkarekin irten nintzen kalera, eta ez pintxopotea ezta piketeak ere iristen ez diren izenik aipatuko ez dudan taberna batera jo nuen. Agurtu nituen ahopetik barran zeuden neure moduko goiztiar eta insomniodunak eta, goizeroko ebakia hartuta, sentitu nintzen greba-egunari aurre egiteko gai.
Ordurako garbi neukan grebari buruz idatziko nuela. Kalean gora eta behera abiatu nintzen kontakizun baten bila. Ikasle eta pikete talde batzuk izan ezik, ez nuen jende askorik topatu. Kafetegi gehienak itxita ikusita, kafearen zaporea ahogozatzen nuelarik, eskirol samar sentitzen hasi nintzen.

Halako batean, gogoratu nintzen pare bat lore zimel neuzkala etxean; haiek aldatzeko baliatu nezakeen jai-eguna, beti ere lanaren mesedetan, eskuak lurrean ibiliz beti inspiratzen bainaiz. Txinatarrak hain dira lanera emanak, ezen pentsatu nuen bazarren bat irekita egongo zela. Txino-dendak itxita ikusita, eskirol erabatekoa nintzela aitortu behar izan nuen.

Etxera joan eta ordenagailuan saltseatzen hasi nintzen. Inspirazio iturri izan zitekeen mezu bat topatu nuen. ADEGIk «enpresa kultura berriaren» inguruan asmaturiko langile kontzeptu berria jasotzen zuen: «Gure organizazioetan pertsona transbertsalak, moldagarriak eta likidoak behar ditugu». Adegin, enpresari handiez gain, idazle paregabeak daudela pentsatu nuen neure artean, ziur aski, artikulu hau idazteko ni baino talentudunagoak.

«Oraindik ez daukat argi joan den ostegunean ‘greba’ egin nuen edo ‘lanean’ aritu nintzen. Idazlea eskirol izateko aukerarik ez duen langilea da»

Bazkalordua iritsi zen, musek mutu jarraitzen zuten, eta, jai-eguna izanik, etxean bestela espero bazuten ere, etxeko lanei ez nien artean heldu ere egin. Bazkalondoren atera nintzen kalera beste behin, larri samar, musak greban ote zeuden susmoarekin. Herriko enparantzan haur-jolasak zeuden; lekutan geratu dira garai bateko borroka-egunak, pentsatu nuen nire artean. Izan zitekeen artikulua idazteko helduleku bat, baina ideiak ez ninduen harrapatu. Inoiz baino ibiltari gehiagorekin topo egin nuen bidegorritik bueltan, manifestazioa aurrez aurre nuen. Jende ugari bai, baina ohikoaz kanpoko ezerk ez zidan arreta eman; idazleak originala izan behar du, eta biharamuneko kronikek jasoko ez zuten zerbaiten bila nenbilen ni.

Afalordua ate joka, etxeko atarian bizilagun batekin egin nuen topo: «Gaur jai; ondo, ezta?». Ez nion erantzun, asko dira idazletza lantzat hartzea gehiegikeria eta nabarmenkeriatzat jotzen dutenak. Afaria prestatu nuen edozein lanegunetan baino presatiago eta, harrikoa egin bitartean, musak pankartaren baten atzean lan-pentsio eta bizitza duinagoen alde aldarri egitera joanak izango ziren galdegin nion neure buruari.

Biharamunean, nire ohiko ebakia hartzen, ni bezalako langile logaletuen artean, hitz egin zidaten, azkenean, musek. Oraindik ez daukat argi joan den ostegunean greba egin nuen edo lanean aritu nintzen.

Idazlea eskirol izateko aukerarik ez duen langilea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>