SagarArte lau ostatutan

SagarArte

SagarArte egitasmoaren bultzatzaileak, artistak, ostalariak eta udal ordezkariak, Astigarragan egindako aurkezpenean.

Sagardoaren kultura, gastronomia eta artista gazteen lanak uztartzen dituen SagarArte egitasmoa Goierrira iritsiko da datozen asteetan. Eskualdeko lau ostatutan arte lanak ikusgai jarri eta afari gidatuak eskainiko dituzte.

Sagardotegiak txotx garai betean daude, baina kupel arteko otorduez gain, bada mundu horretatik eskaintza berritzaileak dakartzanik ere. Horren adibide da sagardoaren kultura eta sorkuntza uztartzen dituen SagarArte egitasmoa. Sagardotegiek «garaian garaiko kultura sorkuntzen errealitatean paper aktiboa» izateko helburuarekin sortu zuten Astigarragako Astarbe sagardotegiko arduradunek. Haien eremura bakarrik mugatu beharrean, ordea, ekimena Gipuzkoako lurralde osora zabaldu dute.

Aurten hirugarren ekitaldia du SagarArtek, eta herri ostatuak hartu dituzte bidelagun. Gipuzkoako hemezortzi artista gaztek egindako artelanak eta gastronomia sorkuntza uztartuz, erakusketak eta afari gidatuak egingo dituzte, otsailetik apirilera bitartean. Ostatu bakoitzak hiru artelan hartuko ditu, eta datorren astetik aurrera, bi hilabetez izango dituzte ikusgai, eta afari berezi bana eskainiko dute.

Goierriko lau ostatutan

Ostatuek herriarekin eta bertako produktuarekin duten harremana azpimarratu nahi izan dute SagarArteren bultzatzaileek. Gipuzkoako sei ostatuk parte hartuko dute, horietatik lau, Goierrikoak. Mutiloako eta Zeraingo ostatuak, eta Ezkioko Topa eta Argindegi dira afari horiek eskainiko dituztenak.

Gipuzkoako artista gazteen lanak erakusteaz gain, sorkuntza horietan oinarritutako bost plater berezi prestatuko dituzte. Afarien formatua ere berezia izango da, otordu gidatu moduan egingo baitute; aurrena, sorkuntza horiek erakutsiko dituzte, eta ondoren, horietan oinarritutako platerak zerbitzatu, bien arteko lotura azalduz. Bi elementuen oinarrian «sagarra eta sagardoaren kultura» daudenez gero, sagardo ezberdinekin uztartuko dituzte artelan nahiz platerak.

Lau ostatu horiek ez ezik, Mutiloa, Zerain eta Ezkioko udalek ere parte hartu dute egitasmoan, eta afariko joan-etorria egiteko autobus zerbitzua eskainiko dute. Goitur turismo agentziak, berriz, kanpoko kazetariak gonbidatuko ditu Goierriko eskaintza ezagutzera.

SagarArte

Goierriko lau ostatuk bat egin dute egitasmoarekin, eta artelanak bertan ikusgai jartzeaz gain, afari gidatuak eskainiko dituzte:

  • Martxoak 4, asteazkena. Mutiloako ostatuan.
  • Martxoak 11, asteazkena. Zeraingo ostatuan.
  • Martxoak 25, asteazkena. Ezkioko Topa ostatuan.
  • Apirilak 1, asteazkena. Ezkioko Argindegi ostatuan.

Autobusa. Afarietan, joan-etorriko autobus zerbitzua izango da, udalen eskutik.
Izen-ematea. Afari horietakoren batean izena emateko, ostatura bertara jo edo mezu bat bidali behar da honako helbidera: sagararte@astarbe.eus.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>