Eneritz Gorrotxategi eta Ion Muñoa

Eneritz Gorrotxategi

Kaixo Ion! Zer moduz?  Oraingoan niri egokitu zait gaia hautatzea eta egia esan gaurkotasunari, azken aldian bolo-bolo dabiltzan gaiei eta beste batzuei erreparatu badiet ere, gaur kanta batekin oroitu naiz. Zuri, abestea gustatzen al zaizu? Akaso ezagutuko duzu doinua. Lehen zatia bederen beren-beregi eginda ez, baina bete-betean datorkigula esan nezake; Mikel Markez kantariaren ahotsean ezagutu nuen Irlandako doinu bat da: «Etxerako ordua, iritsi zaigu John zaharra / kantazagun azkena, alaitzeko gure bidea. / Zenbat kanta eta hitz, lagunak lagun truke / biharko ere zerbait utzi beharko genuke / Etxerako… (bis)»

Irlandako pub-etan azken tragoa hartu behar eta bi eskatzen zituen John zaharrak antza. Etxerako bidea hartzean, bere buruari abesten omen zion doinu hau. Guk kantatu ez dugu egin baina  arduratzen gaituzten kezkak, galderak eta hausnarketak hementxe partekatu izan ditugu zuzenean, zeharka, erritmo gehixeagoz edo umorea lagun hartuta. GoiBerri honi, berriak hartuko dio lekukoa eta guri etxerako ordua iritsi zaigu. Gogoratzen al duzu noiz hasi ote ginen batak puntua jarri eta bestea erantzuten? Atal honetan landutako gaiek hamaika kontutarako emango lukete, baina badaezpada gairen bat utzi Gorrotxategi-Munoabeharko dugu gordeta, hurrengo GoiBerri berrituan topo egitea egokitu ezkero ere. Beraz, adio bat baino, ongi iruditzen bazaizu, gero arte esango dizut bai?

Ion Muñoa

Gero arte, bai, Eneritz! «Kaixo eta gero arte» idazten hasi naiz, baina horrek Gozategiren beste kanta bat ekarri dit gogora eta nahiago izan dut kaixo hori kentzea. Gero arte ez al da benetan adio ederra? Niri makina bat aldiz gaizki-ulertuak ere sortzen dizkit, egia esan. Ohitura handia dut edozein egoeratan agurtzeko adio edo agur esan ordez gero arte esateko (ez galdetu ohitura zergatik dudan; psikoanalistari galdetu izatekotan) eta jende askok egun berean geroago egongo garela entenditzen du horrekin, eta jarraian askotan galdera: «Gero egongo al gara ba?» Eta argitu behar ezetz, printzipioz, baina batek dakiela geroak zer dakarren!

Joanak ekarri diguna, eta iraganari eman dioguna bai, badakigu zer izan den! Hemen partekatutako hamaika ideia, burutazio, iritzi… (baita kabitu ezinik luzeegi idatzitako hamaika karaktere ere). Eta urteotan pasa diren gauza guztiak, eta faltan ditugunak, etorri direnak, eta irabazitako kiloak, ugaritutako kanak… Denboraren joan geraezina azken finean; gizakiaren historiako galdera eta muga existentzial nagusia, ziurrenik. Eta muga gainditu nahian utzitako arrastoa, egindako bideak, saiakerak, ekintzak, eta hartutako tragoak.

GoiBerri-ren etxe berritua gerta bekigu John zaharraren kanta bezain atsegin, gaur bezala bihar, azken aurrekoa izan dadin espuela bakarra.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>