Inaxio Usarralde eta Joxepa Madariaga

Inaxio Usarralde

Ruper Ordorikak Agurraren lezioa abestian dioenez ‘Agurraren lezio hori ikasteko / ahazten jakin behar / Lezio hori ez dago ikasterik (…)’ Lezio hori ez bazagon ikasterik saiatu gaitezen, Joxepa, atal honi ahalik itxiera txukunena ematen, niretzat hau ez baitun agur tristea. Agian gero arte bat, han edo hemen elkartuko garelako berriro euskarazko prentsari eta, oro har, hedabideei hauspoa emateko. 2009ko urrian argitaratu huen lehen Bat eta bat artikulua, orduko Goierritarran, 2012ko urtarriletik GoiBerri-n. Guztira 407 artikulu izan ditun, eta gu 78 aldiz azaldu gaitun leiho honetan.

Zaldibarko keda(txa)rrak ez bazizkigun ideia guztiak lausotzen, Joxe Bikuña ataundarraren azpimarra egin nahi dinat: niretzat belaunaldi horretako andre-gizonei arreta osoa jarri beharko genioke gehiago. Benetako eredu direlako, ezer ez zegoen lekuan gaur egun proiektu sendo bihurturik ikusten ditugun hainbat egitasmo abiatu zituztelako. Izugarri poztu nindunan herritarrek omenaldia egin behar ziotela jakin nuenean: ondo merezia. Hasiko ahal gara horien buruetan dagoen ondare bizia garaiz jasotzen. Hor egundoko altxorra zegon, Bikuñak aurreko GoiBerri-n zioen bezala, «iragana aztertuz, etorkizuna antolatzeko».

Hau esanda, Ahotsak.eus proiektuaren baitan egiten ari diren lana txundigarria iruditzen zaidan: Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea jasotzen izugarrizko lana egiten ari dun adineko pertsonei Usarralde-Madariagaelkarrizketak egin eta bideoz grabatuz. Ba al dakin elkarrizketatuetako bat zein den? Bai, Joxe Bikuña bera! Harrapa ezan!

Joxepa Madariaga

Aupa!, Inaxio eta aupa!, irakurle adiskideak. Hauxe duk despedidea! Eman ziguten aukera aprobetxatuz, hementxe, leiho honetan jardunak gaituk batzuetan ondo, hurrena pobre, intentzio onez, beti, gure burutazioak idazten. Hika eta alokutiboka jardun gaituk, aurrez aurre jarrita hizketan arituko bagina bezala, elkarren lagun, konfiantzan. Batek baino gehiagok esan ziguk «grazia egiten didazue, hiketan idazten». Arraro, hotz izango huke zuketan aritzea hi eta ni elkarrekin. Bide horretan sortu berri duk mugimendua: han-hemengo gazteak hasi dituk ikasi nahi dutela, hiketan aritu nahi dutela, toka eta noka elkarrekin. Ikasi!, ikasi!, gazteak, eta hitz egin, polita da eta, gertukoa, goxoa, batzuetan, eta zakarra, traketsa, besteetan; zer esaten den kontu… Ikasi hika hizketan eta ikasi noiz-norekin-non hitz egin liteken, hizkuntza erregistro guztiek ez baitute balio nonahi, noiznahi eta nornahirekin jarduteko.

Bukaera, Bat eta Bat atalak kitto gaurko honekin! Agurra, gurea eta taldeko adiskide guztiena. Garrantzitsua duk GoiBerri berritzea, kolaboratzaileak aldatzea, arnasberritzea, batzuk irten eta besteak sartzea. Guk jarraituko diagu gurea den aldizkaria irakurtzen, komentatzen, iritziak ematen, ahal dugun guztian laguntzen eta, noski, geure burutazioak idazten. Argitaratzeko lekuak bazaudek, han-hemen; bilatu eta aurkituko ditiagu. Beraz, beti arte irakurle! Ondo esanak ondo hartu eta gaizki esanak barkatu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>