Behetik eta larre motzetik etorri izanaren umiltasuna dario Ane Etxezarreta Aierberi. Eliteko futbolaria da orain, eta bizimodu mediatikoagoaren eraginak sumatzen hasi da. Behinola sehaska izan zuen Igartza zelaira (Beasain) sartu orduko, entrenatzen ari den haur saldoa —denak mutilak— begira geratu zaizkio, miresmenez. Elkarrizketa garaian, zain egon zaizkio dozena erdi neska-mutiko, sinadura eske.
Txikitan eskolako jolastokian zertan jolasten zenuen?
Futbolean. Beti futbolean. Orokorrean, kirola asko gustatu izan zait beti, eta futbola gailentzen zitzaidan. Betidanik izan dut ametsa futbolari profesional izateko. Azkenean, lortu dut. Beste kirol batzuk ere egin izan ditut, gurasoek nahi izan dutelako anaiak eta biok kirol ezberdinak probatzea, ondoren bakoitzak geure erabakia har genezan. Zorionez, txikitatik izan dut kirol ezberdinak probatzeko aukera. Murumendi ikastetxean, Eskola Kirolean ere ibili nintzen.
Izan zen garai ez oso urrun bat, neskek kirola egitea horren ohikoa ez zena. Zure garairako gabezia hori gaindituta egongo zen, edo?
Kirola egitea normaltasun handiagorekin hartzen dela sumatu izan dut nik. Baina futbola, bereziki, emakumeen itxurarekin ez zen erlazionatzen. Marimutil kontzeptu hori genuen futbolean ibiltzen ginen neskek. Nire mailan eta zikloan, normalean ni izaten nintzen bakarra futbolean aritzen zena. Kuadrillan, zer esanik ez; nik bakarrik aukeratu nuen futbola, eta gainontzeko guztiek saskibaloia. Hori baitzen, azken batean, garai hartan neskek gehiago aukeratzen zuten kirola.
Kirola egiteak baino gehiago, orduan, futbolak zeukan, edo dauka, maskulinitatearen kutsua?
Bai. Beste kirol batzuek ere badute, baina futbola denez gehien ikusten eta bizitzen dena, gehiago ikusten da hor gizonezkoaren irudia.
Sentitu al duzu arrunta ez izatearen sentsazioa? Bakarra izatearen pena, agian?
Beti hor dago pena hori. Kuadrillakoekin ezin elkarbanatu ahal izate hori. Baina egia da, baita ere, mutilek orokorrean oso ondo hartzen nindutela. Ni beti oso gustura sentitu izan naiz. Orain dela urte batzuk, zailtasun gehiago zeuden agian pausoak emateko.
Noiz erabaki zenuen serioski futbolean jarraituko zenuela?
Betidanik. Hamabi urte bete eta DBHra pasatzeko garaian, kirol bat aukeratu behar zenean, nik jada oso argi neukan futbola hartuko nuela. Beti izan naiz futbolzalea, eta futbolean jokatu nahi nuela garbi neukan. Profesional izan nahi duzun edo ez geroago planteatzen diozu zeure buruari, baina horren ilusioa ere betidanik eduki dut. Nire egunerokotasuna futbolaz eta orokorrean kirolaz gozatzea zen. Azkenean, aukerak sortu egiten dira.
Etxean gurasoek bultzatu zaituzte?
Bai, ez daukat inolako kexarik. Alde guztietara lagundu naute; bai entrenamenduetan, bai partida guztietan ondoan izan ditut. Haiek ere gustura daude, eguneroko bizimoduan kirola sartu digute. Kirolak eskaintzen dizkizun baloreak barneratzea oso garrantzitsua da. Egia esan, gurasoen babesik gabe ez dakit nora iritsiko nintzen.
Beasain taldean 2010ean hasi zinen, 15 urterekin. Neskek futbolean hasteko aukera erraz zeneukaten?
Bai. Zorionez, denboraldia hasterako taldea osatzea lortzen genuen, baina uda guztian zalantzan egoten ginen, neskak ez zirelako futbolean jokatzera animatzen. Udaro edukitzen genuen ziurgabetasuna, jokatzeko aukera izango genuen ala ez, edo nonbaitera joan beharko ginen. Nik urtero eduki dut aukera. Egia da beti oso justu ibiltzen ginela, hamalau baikinen taldean, baina aukera, behintzat, izan nuen. Eta ez da gutxi. Lau urte igaro nituen Beasainen.
Goierri Gorri ez zenuen barrutik ezagutu. Zer iruditu zaizu proiektua?
Ordurako alde eginda nintzen hemendik, baina oso proiektu ona iruditzen zait. Batez ere, urteroko jarraipenaren zalantza hori desagertzen delako; egonkortasuna ematen du. Bestetik, emakumeen talde edo klub bat egoteak neska gehiago erakartzen ditu. Apustu oso ona izan da, baita inguruko herrietakoekin elkartzea ere. Talde sendoagoa sortzea eragiten du horrek, eta beti dago aukera gehiago.
«Neskek kirola egitea normaltasunez hartzen dela sumatu izan dut. Baina futbola, bereziki, ez zen neskekin lotzen»
«Zorionez, denboraldia hasterako taldea osatzea lortzen genuen, baina uda guztian zalantzan egoten ginen, ziurgabetasunez»
Emakumezkoen kirolak ba al du gizonezkoenak ez dituen balorerik?
Nire ikuspuntutik, berdina eman beharko luke. Baina egia da ezberdintasun bat badagoela. Partida bat ikustearekin nahikoa da jabetzeko: emakumeetan ez dugu horrenbeste faltaren plantarik egiten, jokoa askoz garbiagoa da, eta errespetu gehiago dagoela ikusten da. Espero dut aurrerantzean balio horiek ez aldatzea, mutilengandik ezberdintzen gaituztenak direlako. Ez dut esan nahi mutil guztiak halakoak direnik, eta balio horiek ez dituztenik; baina emakumeek, oro har, kirolak ematen duen errespetuzko balio hori oso ondo azaleratzen dute.
Emakumeen kirolaren egoera normalizatua zein izango litzateke? Eta zer oztopo edo gabezia daude horra iristeko bidean?
Orain dela aste batzuk sinatu zen hitzarmena, eta izugarrizko babesa ematen digu horrek legearekiko. Orain arte ez gintuzten jokalari profesional bezala hartzen, eta ez zegoen lan baldintza duinik ezarrita. Gure ametsa bete dugu: gutxieneko baldintza duin batzuk lortzea. Gero, gerokoak. Babestuta sentitzen gara hitzarmenarekin, eta benetan merezi duguna daukagula. Guk gure bizitzatik sakrifikatzen duguna, askotan mutilena baino gehiago izaten da. Aldatzen ari da zorionez, baina oraindik arrakala horrek segitzen du.
Zertan nabaritu duzu sakrifizio gehiago egin beharra?
Hasteko, ikasketak eta lana bateratzen. Gizonezko batzuk ere badaude futbol-karrera bukatutakoan hortik bizi ezin dutenak; beraz, imajinatu emakumeak. Emakume batek badaki, bai edo bai, beste zer edo zer bilatu beharko duela karrera bukatzen duenean, bizi ahal izateko. Orduan, gure denbora libre asko sakrifikatu behar izaten dugu entrenatzeko, eta, aldi berean, ikasteko eta lan egiteko. Horrek izugarrizko nekea suposatzen du, egundoko konpromisoa, eta asko sufritzen da. Horregatik diot sakrifizio edo sufrimendu handiagoa izaten dela.
Emakume futbolarien kolektiboa aurrerapausoak ematen burutsu ari dela dirudi. Hitzarmena sinatutakoan esan zenuten jubilazioarekin pentsatzen ari zinetela. Gauzak ondo egin nahi dituzue.
Orain dela urte asko mutilak ez dakit nola egongo ziren futbol profesionalean; haiek ere etorkizunik ez zuten edukiko, eta jakingo zuten. Ez dakit. Baina guk ardi daukagu nondik gatozen eta zer lortu nahi dugun. Gaur egungo jokalariek, esperientzia gogor horien bitartez, heldutasun handia lortu dugu, eta badakigu benetan zer den etor litekeena. Mutilak, askotan, itsutu egiten dira; goraino —edo ez horren gora— iristen direnek bizitza erosoa dute, eta horrek itsutzen ditu. Espero dut, gauzak aldatzen doazen heinean, emakumeetan hala ez izatea. Ea balioei eusten zaien.
Hitzarmena sinatuta, asebeteta? Ala borrokatu beharreko gehiago bada?
Oraindik borrokatzeko gauza dezente daukagu. Lortu duguna gutxieneko batzuk dira, eta alde horretatik pozik gaude. Futbolari profesional eta langile bezala errekonozitu gaitu, eta hori oso garrantzitsua zen, batez ere guk lortu ditugun merituengatik. Baina lortzeko asko dago. Partzialitatea ez da %100, eta hori, azkenean, jubilaziorako ere nabarituko da. Zentzu horretan daukagu oraindik borroka egiteko gogoa.
Bost urte dira Realarekin goren mailan debutatu zenuenetik. Harrezkero, zertan aldatu zara, futbolari bezala?
Gauza askotan. Hasteko, psikologikoki. Asko sufritu izan dut urte hauetan, ez nuelako jokatzen edo ez nuelako lortzen guztiz gustura sentitzea. Kolpe horien guztien bidez helduago bihurtu naiz, eta psikologikoki askoz sendoagoa naiz orain. Bestela, teknikoki eta taktikoki hobea naiz: futbola hobeto ulertzen dut eta baloiarekin patxada handiagoa daukat. Nik ez dut inolako oinarririk eduki, txikitatik ez dit inork erakutsi. Esperientziaren bidez ikasi dut.
«Hitzarmenarekin lortu duguna gutxieneko baldintzak dira. Oraindik borrokatzeko gauza dezente dauzkagu»
«Eliteko futbolean, psikologikoki asko sufritu izan dut. Kolpeen bidez askoz sendoago bihurtu naiz orain, helduago»
Psikologikoki asko ikasi duzula diozu, 25 urterekin. Oso gaztea zara oraindik, eta, hala ere, egur hori jaso duzu?
Bai. 19 urterekin sartu nintzen. Hasieran badakizu ez duzula jokatuko, baina saiatzen zara, eta fruiturik ez duzula lortzen ikusitakoan, etsipena sortzen dizu. Horri buelta ematea ez da erraza. Ez da berdin helburutzat errendimendua ez daukan klub batean egon —zoriontasuna lortzea errazagoa da hor—, ala errendimendua helburu duen batean egon. Pertsona ahaztu egiten da, eta, edo zuk aurkitzen duzu zure bidea, edo atzean gelditzen zara. Nahitaez ikasi beharra dago hori.
Eliteko kirolariak zarete, eliteko talde batean. Presio mediatikoa eta soziala ere handituko zitzaizuen. Zer moduz daramazu arlo hori?
Heldutasun puntu hori da hemendik aurrera irabazten joango garena. Orain arte ez dugu horrenbeste eduki, baina orain gehiago ezagutzen eta jarraitzen gaituzte, eta heldutasuna hor ere lortu beharko dugu.
Bizimodu honek erakartzen zaitu? Gustura bizi zara futbolari profesional bezala?
Bai. Ni pertsona lasaia naiz, eta nire espazioa utz diezadaten gustatzen zait. Baina jendeak, batez ere haurrek, zer ilusiorekin begiratzen dizuten eta nola etortzen zaizkizun ikusteak asko betetzen du. Lasaitasuna pixka bat galtzen da, baina azkenean konpentsatzen du.
Egun arrunt bat nolakoa duzu orain?
Beasainen bizi naiz. Aurten ez naiz ari ikasketekin, baina neure kabuz irakurtzen saiatzen naiz. Goizetan entrenatzen baldin badugu, goiz jaiki, gosaldu, eta Zubietara joaten naiz. Entrenatu eta egin beharreko guztiak egin, etxera etorri, eta atseden hartzen dut. Lagunekin edo familiarekin egoten naiz denbora librean. Libre dudanean, saiatzen naiz lagunekin irteten, burua askatzeko.
Kanpora bidaiatzen duzuenean, hegazkinak asko, ala autobusa gehiago?
Aurten, zorionez, hegazkin dezente izan ditugu. Bartzelonara edo Valentziara joateko, gauza batengatik edo besteagatik, hegazkinak hartu ditugu. Eskertzen da, bestela 7-8 ordu autobusean sartuta gogorra izaten da, nahiz eta ohituta gauden. Neketsua da Valentzia batera autobusean joatea, zuzenean entrenatu, afaldu eta ohera… Ez uste Sevillara joan eta hiria lasai ikustea denik. Lanera joaten gara.
Realarekin 2021era arte daukazu kontratua. Jarraitzeko gogoz eta aukeraz zaude?
Ahal baldin bada, bai. Futbola urte batetik bestera asko aldatzen da, eta, horregatik, urtez urte joaten gara. Oso pozik nago Realean eta oso gustura bizi naiz Euskal Herrian. Orduan, hemendik ateratzea oso zaila izango da. Gainera, Realzalea izanda, zer hoberik Realean jokatzea baino. Momentuz oso gustura nago, eta espero dut luzaroan egotea.
Abenduan bideo berezi bat ere egin zizun klubak, Realarekin ehun partida jokatu zenituela eta.
Bai, poza ematen du. Gainera, lehen aldia zen halako zerbait egiten zutena, eta ilusioa egiten du. Batez ere, beti pentsatzen dugunagatik: guk orain lortzen duguna atzetik datozenek edukiko dute. Horregatik, zoriontasuna bikoitza da. Gauzak lortzen ari gara, eta errekonozimendu gehiago ere bai. Poztasun bilduma bat da, azkenean.
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua ikasi zenuen. Kirol arloan ikusten duzu etorkizuna?
Orain dela bi urte bukatu nuen gradua. Ondoren, urtebete ingelesa ikasten aritu nintzen, titulua lortzeko. Eta gero entrenatzaile pertsonalaren kurtsoa egin nuen, batez ere ikasketekin jarraitzeagatik. On-line egin nuen ikastaroa, eta modu hori ez zait horrenbeste gustatzen; hori dela eta, aurten nire kontura ari naiz ikasten. Garbi daukat etorkizunean kirol munduarekin lotuta segitu nahi dudala; osasuna edo errendimendua, baina kirola beti ere.
Futbolaren sasia lili bihurtzen 10 urteko lana
Futbolari zaildua da Ane Etxezarreta Aierbe, bere gaztetasunean. San Bartolome egunean beteko ditu 25 urte. Beasainen jaioa 1995eko abuztuaren 24an, Espainiako Lehen Mailan jokatzen ari da joan deneko bost denboraldietan, Realarekin. Futbolari profesionala lehendik ere bazen, eta, federazioarekin ixtea lortu duten hitzarmen kolektiboaren ondoren, futboleko langile profesionala ere bada orain. Prekario samar, oraindik.
Beasain Kirol Elkartean hasi zuen futbolari ibilbidea, duela hamar urte. Lau denboraldi egin zituen, kadetetan eta Lurraldekoan. «Igartzan jokatzen genuen, Loinatzen ez nintzen sekula aritu». 2013an Oiartzun taldeak eraman zuen, Espainiako 2. Mailan aritzeko. Hurrengo jauzia 2015ean eman zuen, 20 urterekin Realaera joan zenean, 1. Mailara.
Iaz Espainiako Kopa irabazi zuen Realak, eta berebizikoa izan zen Ane Etxezarretaren partaidetza; finalaurrekoan, Anoetan, Sevillari berak sartutako gol bati esker sartu zen taldea finalera. Beasainen bertan harrera beroa egin zioten herrikideek eta goierritarrek, kopa eskaintzera etorri zenean. Murumendi eskolarekin ez zen ahaztu, han ikasia baita.
Atzelaria da. Realeko eliteko ibilian ere, denetariko posizioak ezagutu ditu: behealdiak, loria eta erdibidea. Ez da arrosa-bidea izan. Gogortasunak zaildu du, ordea. Lehenengo denboraldian Ligako 15 partida jokatu zituen (gol 1); 21, 22 eta 28 hurrengoetan. Aurten, lesioaren mikatza probatzea egokitu zaio, 4. jardunaldian min hartu eta hilabetean geldi egon baitzen.
Realaren emakume taldean 100 partida jokatu dituen gutxienetakoa da Etxezarreta, zazpigarrena. Abenduan gainditu zuen zenbaki hori, eta klubak bideo berezia eskaini zion; neska bati egin dioten lehenengo aldia.