Koronabirusa eta ekonomia: beldurraren mamua uxatzeko txerto bila

Miren-Estensoro-366Miren Estensoro Garcia –  Ekonomian doktorea

´Nola izan liteke horrelako iskanbila sortzea gripe arruntak baina hilkortasun tasa baxuagoak sortzen dituen birus batek?’ Sarritan ari gara entzuten edota galdetzen hori familian, lagunartean, lantokian edota okindegiko ilaran. Izan ere, nahiz eta kontagio tasak handiak izan, egia da hilkortasun tasak ez direla horrenbestekoak. Beraz, zer dago hor atzean? Ba erantzun sinplea eta aldi berean konplexua du horrek: ekonomiaren etsai nagusi den beldurra piztu dela eta ekonomia globalizatu baten baitan, adituek coronacrack deitura jarri dioten mamua ate-joka dugula jada. Horra hor, lehen irakurketan, ‘paranoia’ bat iruditzen zaigun horren arrazoi nagusienetako bat.

Goierriko ekonomian ere badu eragina birusak. Txinako enpresen itxierak hornitze arazoak sortuko dituzte datozen egun eta astetan jada gure enpresetan. Dagoeneko, hainbat enpresa-bidai bertan behera utzi dira, honek produkzio prozesuetan zuzenean duen eragina nabaria delarik jada. Gurean, enpresa askok eratu dituzte ez-ohiko lantaldeak birusari eguneroko jarraipena egin eta enpresaren kudeaketari loturiko erabakiak hartzen joateko. Eta orokorrean, coronacrackaren beldurrez ekonomiaren desazelerazio batek, edozein sektoreetan arituta ere, gure enpresengan ondorio negatiboak izango ditu. Aurreikusitako ekonomiaren hazkunde tasak ez betetzea pasa beharreko tragoa izango da beraz.

2008ko krisialdiaz geroztik maila baxuenak ezagutzen ari dira burtsa indize nagusiak koronabirusa dela eta. Horren aurrean, munduko ekonomiaren guraso diren Nazioarteko Diru Funtsa edota Europako Banku Zentrala adibidez txerto bila dabiltza Covit19aren ondorioak xuabetu nahian. AEBetako Erreserba Federalak esaterako, espero baina lehenago, interes tasak jaitsi zituen lehengo astean. Zergatik? Diruaren prezioa jaitsiz, inbertsoreak dirua mugitu eta kontsumoa ‘merketzea’ lortuko dela uste delako eta bide batez, ekonomia mugimenduan eta bizirik jarraitzea bultzatu. Dena den, badirudi, txertoak baina gehiago birusaren sintoma ekonomikoei aurre egiteko parazetamola izango direla hauek.

Izan ere, gure haurrei esaten diegun modura, mamuari beldurrik ez diogula esateko mezuak bidaltzea ez da nahikoa. Jende pilaketak suposatzen dituzten ekitaldiak bertan behera uztea edota eskolak ixtea edota hil ala bizikoa ez bada ez bidaiatzea aholkatzea ez-nahiko pausoak dira tamalez. Gobernuek, salbuespenezko egoera honi aurre egiteko biztanleria, enpresak eta langileak babesteko hainbat neurri jar ditzakete martxan eta nagusiena, inbertsio publikoa handitu edota gutxienez errekuperatzea da. Kontua da, birusaren zabaltze prozesuak aurrera jarraitzen badu behintzat, gure osasunaz gain, gure patrikak ere ondorioak paira ditzakeenaren kontzientzia hartzea komeni zaigula. Eta baita Goierrin ere.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>