«‘Zuri salbatzailearen’ figura ikertu nahi dugu»

Ane_Garmendia_

Ane Garmendia (Beasain, 1998) Mondragon Unibertsitateko ikus-entzunezko graduko ikaslea da. Ikasketak amaitzear dela, Kenyako Mfangano irlara joan da Gradu Bukaerako Lana (GBL) egitera.

Aurkeztu zure burua Ane.
Ane Garmendia naiz, Beasaingoa eta 21 urte ditut. Ikus-entzunezko graduko azken urtea egiten ari naiz Aretxabaletan, eta honen arira Kenyako Mfangano uhartean nago orain Gradu Bukaerako Lana egiten.

Nola sortu zen GBLa Kenyan egiteko aukera?
Irakasleek azaldu ziguten GBL guztien muina ikus-entzunezko behar bat zeukan enpresa batentzako proiektu bat egitea zela. Hasieratik argi izan genuen gure lanarekin gai sozial bat jorratu nahi genuela eta gure laguntza benetan behar zuen norbaiti eskaini nahi geniola. Hori dela eta, nire taldekide bat Instagram bidez ezagutzen zuen Asociación Índigo Gobernuz Kanpoko Erakundearekin jarri zen harremanetan, komunikazio kanpaina bat behar zutela ikusi zuelako. Asko gustatu zitzaien gure proiektuaren ideia eta baietz esan ziguten.

Nolakoa da Mfangano? Non kokatzen da? Nolakoa da bertako biztanleria?
Mfangano Victoria lakuan kokatzen den uharte txiki bat da, Kenyan. Egia esan ez dugu uhartea gehiegi ezagutu, egun osoa umezurztegian igarotzen dugulako, baina erosketak egiterakoan bertan dagoen herri batera joaten gara eta oso leku politak ikusi ditugu. Mfanganon 16.000 pertsona bizi dira gutxi gora-behera, eta orokorrean bertako biztanleria oso jatorra da eta beti daude laguntzeko prest. Ez da leku turistiko bat, eta harritu egiten dira azal zuriko jendea ikustean; “musungu ” deitzen digute azal kolore hau dugunoi, kaletik goazenean seinalatuz, baina ez dute txarrera.

Zein da zuen gradu bukaerako lanaren helburua?
Gure GBL bitan banatzen da, batetik ikus-entzunezko produktuaren zatia dago, eta bestetik ikerketaren zatia.
Ikus-entzunezkoari begira, gure helburua Gobernuz Kanpoko Erakundearentzat promozio bideoak egitea da, beraien burua aurkeztu ahal izateko: enpresetan, ikastetxetan, sare sozialetan… Guztira bost bideo egingo ditugu.
Bestetik, aipatu bezala, ikerketaren zatia dago. Zati honetan mendebaldeko herrialdeetan bizi garenon jarrera ikertu nahi dugu, garapen bidean dauden herrialdeetara kooperatzera joatean, izan ere GKE-en kontuaren inguruan iritzi asko eta oso ezberdinak daude. “zuri salbatzailearen” figura ikertu nahi dugu, kooperazioan joaten diren pertsonen jarrera.

Izan al duzue diru laguntzarik edo bekarik?
Hona etortzeko jaso dugun diru laguntza Eusko Jaurlaritzaren eskutik izan da, 330€ emango dizkigute guztira. Horrez gain, GKE-ak berak deskontu bat egin digu boluntario moduan etortzeko, izan ere, boluntario lanetan gabiltzan arren, beraientzako izango den lan bat egiten ere bagabiltza.

Bete al da aurreikusitakoa?
Oraindik ez dakigu aurreikusitakoa beteko den, oraintxe hasi garelako lanean eta prozesuan dagoen zerbait delako. Hala ere, orain arte grabatu dugunak nahiko itxura ona du.

Zailtasunik izan dituzue? Zeintzuk?
Izan dugun eta oraindik ere daukagun zailtasunik handiena klixeetan ez erortzea da. Lehen esan bezala “zuri salbatzailearen” figura ekiditea da gure helburua, GKE-ak beste ikuspegi batetik erakustea, “paternalismoan” erori gabe eta pobrezia erromantiko bihurtu gabe.

Zer gomendatuko zenioke zu bezala atzerrira joan nahi duenari?
Garapen bidean dagoen herrialde batera boluntario moduan joan nahi duenari lehenik eta behin informatzeko eta asko irakurtzeko gomendatuko nioke; iritzi ezberdinak ezagutu eta kontrastatzeko. Oso presente eduki behar den gauza bat da zuk ez diozula inori bizitza salbatu behar, zu laguntzera zoaz. Hemengo “protagonistak” haurrak dira, eta zu bigarren plano batean zaude.

Zurea da hitza.
Garbi dago oso esperientzia polita dela Kenyara etorri eta beste kultura bat ezagutzea, baina zure benetako nahia behar dutenei laguntzea baldin bada, etxetik ere lagundu dezakezu. Ez dago zertan hain urrutira jo beharrik, ziur nago zure herrian bertan ere badagoela laguntza behar duen jendea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>