Eskola garaiak gogoan

Zeraingo_herri_eskola

Zeraingo eskolako ikasleak 1984-85 ikasturtean. Ezkerretik eskuinera, zutik: Iban Garcia, Koldo Aizpeolea, Iñaki Zabalo, Miren Makatzaga, Aitziber Makatzaga, Aloña Salsamendi, Iker Aizpeolea. Eserita: Iraitz Iparragirre, Arkaitz Aizpeolea, Aitor Zabalo.

Aitziber Makazaga – Zerain

Herri txikientzat oso garrantzitsua da herrian bertan eskola izatea. Zerainen kasuan, 1983an berriz ireki zuten eskola txikia zortzi ikaslerekin.

Herrian  eskolarik ez eta bi urterekin Segurako eskolara joatea tokatu zitzaigun hainbat zeraindarroi. Amak askotan esan dit bazkalondoan, siesta garaian, behin baino gehiagotan sartu ninduela kotxean lo, berriro ere eskolara joateko. Ondoren, ordea, herrian berriro eskola irekitzeko aukera sortu zen, eta horri esker bi urtez Zeraingo eskola txikian ikasteko aukera izan nuen. Egia esan,
a ze urte ederrak izan ziren haiek! Orain guraso naizenean konturatzen naiz garai hartan nire gurasoek, beste batzuekin izan zuten ausardiaz. Zer izango zen garbi jakin gabe, Segurako eskolatik atera eta bi urtez Zeraingo eskolara ekarri baininduten, gero berriro Segurako eskolara itzultzeko. Eskerrik asko!

Eliz atarian, gaur egun komun publikoak eta kutxazain automatikoa dauden tokian izan genuen eskola. Andereño Kontxi genuen irakasle eta 8 ikasle egon ginen hasierako urte haietan. Adin ezberdinetako haurrak, denok gela batean egoten ginen. Ni zaharrena nintzen, bakarra nire adinean.  Zaharrenok txikiei lagunduz ikasten genuen, eta txikienek zaharragoetatik berriz.

Herrian zehar hainbat irteera eta paseo egiten genituen. Herria ondo ezagutzeko aukera izan genuen: Txoritegiko haitzera, San Blas ermitara, Aldabeko lixibalekura, Hirukate-aldera, Koozmendiko hariztira… Auskalo zenbait istorio entzun genuen garai hartan herria ezagutzeko aitzakian. Eta honek, ikaragarri lagundu zidan herri sentimenduan hartxo bat barneratu eta herriko historiarengan interesa sortzen. Bertan ikasi nuen Euskal Herriko mapa beste hainbat gauzen artean. Gogoan dut, txikiek lanean uzten ez zidatela eta, aparteko gune batera joan eta nola bakarrik baina pozik, herrialde bakoitzari kolore bat emanez, kartulina gorri batean nolako Euskal Herriko mapa egin nuen.

Urteko irteera berriz, nola ez, Donostiara egiten genuen. Kurtso amaiera iristeko gogoz egoten ginen trena hartu eta egunpasa joateko. Andereño Kontxiren haurdunaldiko bajan, Donostiako mutil bat etorri zitzaigun irakasle. Askotan pentsatzen dut hasi berria izango zela. Izan ere, ikasi ez beste guztia egin genuen. Jolas ordutik bueltan, plazatik gelara sartzerako garaian, atetik sartu eta ikasleen erdiak leihotik alde egiten zioten. Eta hura komeria! Zaharrenak txikienak zaintzen utzi eta motorrean hor irteten zen ikasleen bila. Eta bestela, zaharrenak joan behar izaten genuen lagunen bila bera txikiekin gelan geratzen zen bitartean.

Gaur egun, 17 ikasle eta 5 irakasle

Gaur egun, horrelakorik gertatuko balitz, ez dut pentsatu ere egin nahi zer gertatuko litzaiekeen irakasleei. Zenbat aldatu den gure hezkuntza sistema! Garai hartan, irakasle bakarrarekin, garaiko baliabideak erabiliz, ikasi genuen ikasi beharrekoa. Gaur egun berriz, 17 ikasle 5 irakaslerekin daude, baliabide eta metodologia aurreratuenekin, eta hala ere, askotan, gurasoak kexa gara.

Adin aniztasuna bultzatzen duen tamaina txikiko eskola publikoa izaten jarraitzen du gure eskola txikiak, eta bertako profesionalek egiten zuten/duten lan onari esker, garai batean nire lagunekin gustura joan nintzen bezala, nire alabak oso gustura doaz eskolara. Eskerrik asko!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>