Senezko ezagutzatik jakinduriara

Sendabelarrak

Sendabelarren ekosistemara inguratzeko oinarrizko irizpideen gida laburra.

Sendagaitzat erabiltzen den belar edo landareak dira definizioz sendabelarrak. Haiei buruzko ezagutza belaunaldiz belaunaldi transmituta da, eta hasieran senezkoa zen ezagutza hori, esperientzian eta behaketan oinarritutako jakinduria izatera pasatu da. Naturak emandako ondare honen berri era xume eta praktikoan jasotzeko bokazioz sortutako atala da honakoa, baita horren zaurgarri ageri den ingurumenari keinu egiteko ere, ez besterik.

Naturak eskaintzen dituen baliabide guztiak modu jasangarrian erabili behar baitira, zentzuz eta errespetuz. Mendira sendabelarren bila kontzientziaz joan behar da. Landare bat biltzean argi eduki behar da zer erabilera emango zaion, zer propietate bila nahi den eta zer kopuru den beharrezkoa.

  • Identifikazioa. Landareak bildu ahal izateko, lehenengo araua identifikatzen jakitea da. Ez badira ondo ezagutzen eta zalantza izanez gero, hobe da ez jasotzea eta dakien norbaiti galdetzea.
  • Eguraldia. Egun eguzkitsu eta lehorrean jasotzea komeni da; hobeto kontserbatuko dira eguzkiaren energia zuzena jasota.
  • Kutsadura. Landareak kutsatu gabeko lekuetan bildu behar dira. Komeni da ahalik eta leku garbien eta apartatuenak izatea; jende asko ibiltzen ez den lekuak, eta biologikoki aberatsak eta degradatu gabekoak direnak.
  • Erabilera. Landare gehienak fresko erabiltzea gomendatzen da, jaso berritan; baina, urtaroaren arabera, zenbait landare topatzea zaila denez, lehortzeko eta gordetzeko ohitura handia dago.
  • Loreak. Udaberrian guztiz ireki gabe daudenean jaso behar dira, edo erabat garatuta baina zimelduta daudenean.
  • Sustraiak. Udaberrian bil daitezke: batetik, landarearen zatiak garatu gabe dituenean, sustraiaren sendatzeko eta elikatzeko propietate guztiak indarrean dituenean; bestetik, udazkenean, landarea zimelduta dagoenean, erreserba eta printzipio aktibo guztiak berriz ere sustraira pasa direnean.
  • Hostoak. Landarea garatzen ari denean jasotzen dira, oraindik loreak garatu gabe daudenean.
  • Haziak. Helduta daudenean jasotzen dira, udan edo udazkenean.
  • Azala. Urteko edozein momentutan bil daiteke, landarea ondo garatuta dagoenean.

Iturria: Testu eta pasarte hainbat Legorretako Udalak kaleratutako ‘Ez zela kajoi batean gordetzekoa’ liburutik hartuak dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>