Gaur saltzen ez den ohea, bihar ere ezin saldu

Turismo-1

Ekonomiaren alor askotan ari da eragiten koronabirusaren ondorioz sortutako alarma egoera, baina turismoaren eta ostalaritzaren arloan bereziki. Promozio betean ari ziren Goierriko turismo eragileak udaberriko kanpainan, eta sektorea inoiz egon den egoera okerrenaren aurrean dago.

Maquetación 1Oso bestelakoa zen erreportajearen helburua, baina mundu mailako pandemia izendatu duten Covid-19 koronabirusari aurre egiteko ezarritako neurriek kolokan jarri ditu sektore ekonomiko asko, eta inon zuzen-zuzenean eragiten badu, turismoaren, ostalaritzaren eta zerbitzuen arloan da. Goierri osoko alojamenduak eta zerbitzu turistikoak itxita daude dekretuz –oraingoz apirilaren 11ra arte–, baina itxura guztien arabera denboran luzatuko da auzia, eta baikortasunerako izpi handirik ez dute begitantzen turismo eragileek. Horri kontrolatu ezin den beste faktore bat gehitu behar zaio: beldurra.

Turismoaren sektoreak Goierriri egiten dio ekarpen ekonomikoan sakontzea zen kazetaritza lan honen nahia –ikusi 7. orrialdeko infografia–, baina aktualitateak beste muturrera eraman du, egoeraren alderdirik makurrena bistaratzera. Titularra ere ezkorra da, Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak egindako adierazpen batzuetatik hartua: «Enpresetan gerta daitekeena kontratazioak eta lizitazioak atzeratzea, eta langileekin adostea nola antolatu. Baina hori turismoan ezin da. Gaur saltzen ez den ohea, bihar ezin da saldu, hori gertatzen da turismoan. Enpresetan egongo da errekuperazio aukera minimo bat, baina turismoan ezin da. Sektoreko enpresa txiki eta autonomoetan eragin handi izango du itxialdi honek, baldin eta luzerako bada, eta itxura hori dauka gainera».

Konfinamendurako agindua jaso aurretik bazuten turismo eragileek Aste Santuari etekina ateratzeko esperantza. Hala zioen, zuhur, Amaia Reta Urola Garaia Turismoko teknikariak: «Guretzako ona izan daiteke, kanpora joateko asmoa zuenak hemen geldituko baita, eta egunpasak egiten ditzakete inguruan familiek. Baina zer gertatuko den ez dakigunez…». Osinaldek berak ere Aste Santuari begirako azken orduko promozio bat egiteko aukera aipatu zuen  orain hamabost egun, baina gaur ezin du halakorik esan. Dagoeneko jakina denez, Aste Santu promozio kanpainarik ez dute egingo Goierriko bi turismo agentziek –ezin dute halakorik egin–, eta hurrengoa noiz egingo duten ikusteko dago oraindik.

Udari begira ere, ezkor

Maquetación 1Goiturren kasuan, abuztua ez dela, urteko hilabeterik emankorrenak galbidera eraman ditu koronabirusaren eraginak. Aste Santurik ez, ez Ordiziako Artzain Egun eta Idiazabalgo Gazta egunik, Zegama-Aizkorri –mendi maratoiari buruzko erabaki ofizialik ez zegoen lerro hauek idazterakoan– eta uztailean Ehunmilak ultra-trailik ere ez dela izango jakinarazi zuen antolakuntzak martxoaren 21ean. «Jendea erakartzeko balio duten ekintza denak bertan behera geratu dira, eta alojamenduek fetxa horietarako zeuzkaten erreserba guztiak pikutara joan dira». Osinalde bestelako lan batzuetan ere aritu da aste honetan, hoteletan sakabanatuta dauden atzerriko hainbat langileri –negozio turistak deituak– irtenbidea eman nahian. «Jaurlaritzarekin, Madrilekin, kontsulatuarekin… Hori kudeatzen aritu gara, jendea beren herrialdeetara nola bueltatu kudeatzen».

Udako kanpainari begira ere ezkor antzera hitz egin dute bi eragileek. «Ez dakigu zenbat luzatuko den egoera hau. Emango al du denborarik uda baino lehen normaltasuna berreskuratzeko?», galdetu du Retak. Haren esanetan, alarma egoeraren neurriak «apurka-apurka» arinduko dituzte, eta litekeena da turismoari dagozkion neurriak –bidaiak, ostalaritza zerbitzuak martxan jartzea, kultur eskaintza…– beranduago hartzea. «Inork ez daki noiz amaituko den egoera hau, eta beraz, ezin ditugu oso aurreikuspen onak egin».

Itxialdia amaitzea jotzen du lehentasunezkotzat Urola Garaia Turismoko teknikariak, «bai pertsona bezala bai langile bezala», eta orduan hastea  pentsatzen zer eta noiz egin daitekeen. Niko Osinaldek Gipuzkoako Foru Aldundiarekin izandako harremanen berri eman du, «etenik gabe» ari baitira hizketan. «Aldundiak ez du turismo eskuduntzarik, Jaurlaritzarena da, eta hitz egin dugu pentsatzen hasi beharko dugula zer kanpaina prestatu aurrera begira, jendea nola mugiarazi, nola aktibatu». Goiturreko kideak argi du aurtengo abuztua ez dela normala izango, eta jende askok abuztuan lanera joan beharko duela iruditzen zaio. «Turismo bezala abuztutik aurrera ari gara pentsatzen. Aurtengo udan aurreikusten duguna da jendea ez dela oso urrutira joango, eta egingo dugun promozioa izango da bigarren seihilabeterako».

Gastuei aurre nola egin

Maquetación 1Turisten lekuan jarrita, honako hausnarketa ere mahai gainean jarri du Retak: «Bidaiatzera animatuko al gara gu? Joango al ginateke Italiara? Asko ez dira fidatuko nahiz eta egoera hobetu, eta gure eskualdean ere gauza bera gerta daiteke. Oraingo lehentasunetako bat turismo eragile pribatuen egoeraz kezkatu eta behar denean laguntzea ere badela nabarmendu dute biek ala biek. «Esaten dute ostalaritzara eta turismora bideratutako diru laguntza bereziak egongo direla kaltea arintzeko, baina nolakoak izango diren ez dakigu oraindik. Ikusteko da hori ere».

Horiez gain, bertan behera gelditu diren ekintza guztietarako egindako gastuei nola aurre egin pentsatu beharko litzatekeela dio Osinaldek. «Daukagun panorama da egon daitekeen okerrena, turismo sektorearentzat egon daitekeen okerrena. Enpresa pribatuek –jatetxeak,  alojamenduak eta museo gehienak– sekulako galera izango dute, eta negozioetako turismoa ere gelditu da gure kasuan».

Goraka doan sektorea da hala ere

Denak ezin du negarra izan ordea. Industriak horrenbesteko indarraMaquetación 1 izan duen eta duen eskualde batean turismoak lekua egiten jakin baitu ekinaren ekinez. Goierri beheko ekonomiari egiten dion ekarpenak goranzkako joera du, eta Barne Produktu Gordinean ehunekoa 8,1ean dago gaurko egunean. Goierri behean orain 25 urte hasi ziren lehen egitasmo turistikoa lantzen. «Aurreko industria krisia egon zenean, Goierriko plan estrategikoa egitea erabaki zen, 1993an. Egin zen, eta bi helburu garbi azaldu ziren: industria mantentzea eta dibertsifikazio ekonomikoaren barruan bide berri irekitzea turismoaren barruan. Orduan erabaki zen plana egitea, eta gauzatu 1995ean».

Osinalde orduan hasi zen Goierri mailako turismoan lanean, eta lehen esku-orriak eta Fitur azokara lehen bidaiak egiten. Plan horrek, ordea, beste jauzi kualitatibo bat egiteko ere eskatzen zuen, Goieki garapen agentziatik aparte egitura berri bat sortzea arlo publikoa eta pribatua elkarlanean jartzeko. Orduantxe sortu zen ofizialki Goitur, 2000. urteko martxoaren 22an, orain hogei urte juxtu. «Eskualde mailako lehen garapen agentzia izan ginen. Fiturrera joan ginen lehen aldian Donostia, Bilbo, Gasteiz, Zarautz eta Hondarribia bakarrik zeuden».

Siniste ariketa bat ere egin behar izan zela gogoratu du Osinaldek. Ordura arte,Maquetación 1 Zeraingo Museo Etnografikoa eta Zumalakarregi Museoa zeuden soilik, eta Goierriko nortasunaren –euskara, Barandiaranen figura, Aralar eta Aizkorri…– lanketa egin behar izan zuten, eta horrekin batera etorri zen alderdi ekonomikoa: baserriak nekazalturismo bihurtzeko aukera. Urteen poderioz hainbat errekurtso turistiko sortu dira, eta gaur egun 11 museo eta interpretazio zentro daude Goierri behean. Nortasun ikur nagusiak bi dira: Gastronomia Idiazabal lurraldea markapean, eta natura Basque Highlands izenpean. «Egin dugun bide horretan promozio gehiago behar dugu, eta erakundeetan eragin barnealdeko turismoa gehiago erakartzeko. Jaurlaritzak plana eginda dauka, baina ez du martxan jartzen».

Lekua egiten ari den bailara

Beranduago hasi zen turismoaren lanketa bateratua Goierri garaia bailaran. Legazpi izan zen lehen urratsa egin zuena Lenbur fundazioa sortuz 1997an, Mirandaola eta burdina ikurtzat hartuz. Zumarragak bere kabuz sustatzen zuen Antioko ermita, Ezkiok Igartubeiti eta Urretxuk bere alde zaharra. 2009an, ordea, Uggasa Urola Garaiko garapen agentziak turismoaren inguruko hausnarketa estrategikoa egin zuen, eta hiru urte beranduago, 2012an, Urola Garaia turismo arloa sortu zuen turismoaren sustapen eta dinamizaziorako.

Eta ibilia-ibilian, Urola Garaia markaren posizionamendua indartzea lortu dute, eta lekua egitea Gipuzkoako mapa turistikoan. «Hazteko aukera duen eskualdea gara, ez gara topera iritsi. Txikiak gara, ohe gutxi ditugu, baina pribatuak ari dira alojamenduak sortzeko apustuak egiten, eta hori zerbaitegatik izango da», nabarmendu du Retak. Egunotan turismoak garai lausoa bizi arren, sektorea aintzat hartzekoa dela erakusten dute datu ekonomikoek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>