Kaiola batzuetan, babeslekua besteetan

3a

Adituentzat espazioa da itxialdia ongi jasateko gakoa. Landako etxebizitzek metro koadro erabilgarri gehiago eta aire libreko espazioak dituzte, baina kaskoetan ezinezkoa da. Bizpahiru lagun bizi dira Goierriko etxe bakoitzean.

Etxezaleetan etxezaleenari ere luze egiteko moduko itxialdia da honako hau. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak berrogeialdia ezarri zuenetik hilabete betetzear da, eta amaiera ez da berehalakoan ikusten. Bizitzak, ordea, aurrera jarraitzen du, eta egunerokotasuna lau hormetara moldatu beste erremediorik ez da gelditu. Etxebizitzak dituen ezaugarrien arabera, batzuk errazago egokitu dira besteak baino. Edozein kasutan, denak galtzen irten dira etxeak ez daudelako halako egoeratarako prestatuta.

«Ohiz kanpoko egoera da, sekula gertatu gabea», hasi da Agurtzane Iturbe diseinatzailea. «Behar berriak agertu dira, baina lehengo etxeak izaten jarraitzen dute», osatu du. Koldo Telleria arkitektoak behar berrietara egokitzeko gaitasuna tamainarekin lotzen du: «Egoera honetarako etxebizitzek kanpo irteera bat eta barruko espazioa zabalak behar dituzte. Landa eremuko baserriek eta txaletek eskaini dezakete halakorik, baina herriguneetan ezinezkoa da», azaldu du. «Goierrik ezberdintasun handiak ditu hiri eta landa eremuen artean. Lurrari lotuta bizi izan gara, eta  horregatik, eremu zabaleko baserri asko ditugu. Halere, industrializazio garaian, langileentzako etxebizitza asko eraiki behar izan ziren, eta azkar gainera. Ondorioz, etxebizitza txikiak dira eta kalitatez ez oso onak».

Koldo Telleria, arkitektoa:

«Ahalmen ekonomiko handiagoa dutenek etxe handiagoa izango dute, eta hobe pasako dute itxialdia»
«Etxebizitza produktu bat bilakatu da. Murrizketa handiak jasan ditugu irabaziak handiagoak izateko»

Telleriak dio etxebizitzak norentzat eta zein helbururekin diseinatzean aldeak nabarmenak direla: «Arkitektook, askotan, eskuak lotuta izaten ditugu. Guk etxe hobeak egin nahi ditugu, material onekin, espazio zabalekin, balkoiekin… baina bezeroak agintzen du. Bezeroa enpresa eraikitzaile bat baldin bada, beraiek errentagarritasuna besterik ez dute buruan», salatu du. «Etxebizitza produktu bat gehiago bilakatu da. Murrizketa asko jasan ditugu merkeago eraikitzeko eta irabaziak handiagoak izateko». Hala, egungo etxebizitzak «oso justukoak» dira Telleriaren aburuz: «Arauak ez dio ezer kalitateei buruz. Minimo batzuk ezartzen ditu, baina minimo horiek maximo bilakatzen dira askotan. Sukaldeak lanean pertsona bakarra egoteko pentsatuta daude. Logelan, ohe bat eta gau mahai bat. Egongelan, telebista eta sofa bat… Ez dago espazio estrarik, eta orain behar beharrezkoa da toki gehigarri hori bada kirola egiteko, jolasteko, lanerako…». Funtsean, gakoa gaitasun ekonomikoan dago: «Ahalmen ekonomiko handia dutenek etxe handiagoa izango dute eta hobe pasako dute itxialdia», borobildu du Telleriak.

Prezioek beheranzko joera

Goierrin metro koadroa ez da kostaldean bezain garestia. Horri esker, etxe handiagoak eraiki daitezke asko garestitu gabe. «Hiriburuetan baino hobeto gaude, hori seguru», baieztatu du arkitektoak. Gipuzkoan metro koadroak 2.450 euro balio du batez beste. 2008ko krisialdi ekonomikoaren ondoren etxebizitza prezioak minimoetara jaitsi ziren, eta hazi egin diren arren, azken urteetan egonkortu egin dira. Halere, koronabirusak eragingo duen krisialdi ekonomikoaren erruz prezioek berriz behera egingo dutela aurreikusten da, jendeak ahalmen ekonomiko txikiagoa izango duelako.

Agurtzane Iturbe, diseinatzailea:

«Espazio zabalak eta hutsak behar ditugu. Armairu onak eta ordenatuak izatean datza gakoa»
«Landareak natura bizitzeko aukera dira. Ezin badugu kalera irten, sar dadila natura etxe barrura»

Iturbek gogorarazi du okerragoa ere izan zitekeela: «Denok dugu argindarra, gasa, izozkailua… etxean, eta ez da gutxi». Eustaten datuen arabera, Goierriko eraikinen %82,8k tutu bidezko gas hornidura du eta hamar etxetik zazpik banakako berokuntza sistema. Gainera, itxialdia udaberrian egokitu da, tenperaturak goxoagoak direnean eta argi ordu gehiago dagoenean. «Argia ongi aprobetxatzeko etxearen orientazioa erabakigarria da. Industrializazio garaiko etxeek orientazio hobea dute oraingo askok baino», dio Telleriak.

Etxebizitza infografia

Bakoitzarentzako tokia

Goierrin bizpahiru lagun bizi dira etxe bakoitzean. «Etxebizitza guztietan bi erritmo egoten dira. Alde batetik, egongelako eta sukaldeko erritmoa, bizikide guztiek konpartitzen dutena. Eta, bestetik, komunekoa eta logelakoa, intimoagoa eta lasaiagoa», gaineratu du Iturbek. «Dena etxean egiten dugun garai honetan bi erritmoak nahastu egiten dira. Bakoitzaren espazioa mugatu eta atsedena galarazten du horrek. Estresa sortzen du». Diseinatzaileak feng shui-aren ying yang doktrinarekin lotu du egoera: diziplina honek espazioaren erabateko armonia bilatzen du kontrakoak diren ideien uztarketaren bidez. Etxeko altzariekin ere aplikatu daiteke, bakoitzak bere tokia duelako. «Itota sentitu ez gaitezen, espazio zabalak eta hutsak behar ditugu. Espazio bat okupatzen ari den eta behar ez dugun guztiaz askatu behar gara. Armairu onak eta ordenatuak eta sukaldean biltegiratze handia izatean datza gakoa».

Iturbe kexu da etxeetako sabaiak geroz eta baxuagoak direla, eta espazio zabalak oztopatu egiten dituela. «Asko hitz egiten da metro koadroez, baina gutxi metro kubikoez. Joera geroz eta etxe baxuagoak eraikitzea da, eta guk are gehiago jaisten dugu fokuak edo dena delakoak jartzeko».

Telleriak dio etxebizitza berriak patroi jakin batekin eraikitzen direla: «Etxebizitza estandarrak bi seme alaba dituen familia heterosexual batentzat pentsatuak daude. Sukalde bat, egongela bat, hiru logela, eta komun bat. Kasu onenetan, bi», laburtu du arkitektoak. «Baina gizartea askotarikoa da, eta beharrak aldatuz doaz. Lau kideko familia hori aurretik bikotea izan da, eta gerora bikote zaharrago bat izango da edo alargun bat. Etxea handiegia izatea ere ez da egokia, bakardadea sakontzen duelako. Horregatik, etapa bakoitzak bere beharrak ditu, eta etxea behar horietara egokitu behar da», azaldu du. «Guk etxe aldakorren aldeko apustua egiten dugu. Elementu flexibleekin, adibidez ate irristailuekin eta mugitu daitezkeen hormekin, hiru gela sala handi batean bilakatu daitezke». Iturbek bat egiten du joerarekin. «Erabilera anitzeko gelak behar ditugu egoera honetan. Espazioa mugatua denez, une batean bulegoa eta beste batean jolaslekua bilakatzen den gela bat».

Iturberen esanetan, ikasteko gela egokiak egoten dira etxeetan aurretik etxeko lanak egiteko ohitura bazegoelako, baina telelanerako ez. «Ez dugu sekulako bulego bat behar. Eskura ditugun errekurtsoak erabilita lanerako gune egoki bat egin dezakegu». Eustaten arabera, hamar etxetik zortzik dute Interneterako sarbidea, eta etxebizitzen %95ean dago sakelako telefonoren bat. «Etxe zaharretan baliteke gelaren batera wifia ez iristea behar bezain ongi, baina erraz konpon daiteke. Denok dugu mahai bat, eserleku eroso bat…». Halere, Iturbek arriskua ikusten dio telelanari: ezin deskonektatzea. «Deskonektatzea beharrezkoa da, eta ongi bereizi behar dira lana eta bizitza. Berdin koronabirusarekin. Ez da ona beti honi bueltaka ibiltzea. Guretzako denbora behar dugu, parentesi bat zabalduko duen gela bat».
Gela hori, balkoia edo terraza izan liteke. «Balkoia duenak, altxor bat du», Iturberen arabera. Telleria ados dago: «Une honetan, kanpora irteteko aukera bakarra da». «Hemen, nik behintzat, ez dut balkoiak janzteko joerarik sumatzen. Eta, egia esan, balkoi asko ikusten dira landarerik gabe, arropak zintzilik… batere gozatu gabe. Orain, landare batzuk izatea natura bizitzeko aukera da. Guk ezin badugu kalera irten, sar dadila natura etxera barrura», dio Iturbek. «Pentsatzen dut joera aldatu egingo dela hemendik aurrera, eta balkoiak gehiago baloratuko ditugula». Profesionalen ustez, lorategiak gehiago zaintzen dira orain arte aukera gehiago ikusi zaizkiolako.

«Kalearen eta etxearen arteko zona amankomunak aipatu nahi nituzke», nabarmendu du Telleriak. Itxialdiak dirauen bitartean gune hauek ezin dira erabili, baina normaltasunera itzultzean atariak, eskailerak… aldarrikatu nahi ditu arkitektoak. «Azken urteetan asko sakrifikatu dira espazio komunak, eta ikusten da ez dagoela tarteko eremurik. Gaur egungo etxebizitzetan zuzenean goaz igogailura, garajean uzten gaitu eta bertatik kalera. Pasorako bakarrik daude, ez dago inorekin gurutzatzeko ia aukerarik eta ez dute bizirik. Etxetik sozializatzeko irteten gara, baina bizilagunen artean ezin da sozializatu». «Pandemiatik aparte, eremu semipubliko horiek oso ingurune garrantzitsuak direla uste dut komunitatea eta auzoa sortzeko. Eta pandemiak frogatu du komunitatea ezinbestekoa dela».

g005_goiberriEtxebizitzen mantenua

Goierriko etxebizitzen batez bestekoa berrogei urtetik gorakoa da. «Etxeak ondo zaintzen baditugu, nahi adina iraun dezakete», azpimarratu du arkitektoak. «Etxeak zaindu egin behar direla aldarrikatu nahi dut. Kotxeak, noizean behin, azterketara eramaten ditugu, olioa eta gurpilak aldatzen dizkiogu… etxearekin berdin». Etxebizitzek 50 urte betetzen dituztenean Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa pasa behar dute, ibilgailuen IATaren pareko bat. «Etxearen puntu nagusiak aztertzen dira beraien egoera zein den ebaluatzeko eta egin beharreko konponketak identifikatzeko».

Gaixoen etxeek behar bereziak dituzte

SiluetaKoronabirusak jotako gaixo gehienak etxean daude. Ingurukoak ez kutsatzeko segurtasun neurri zorrotzak bete behar dituzte, eta erabat bakartuta egon behar dira.

Gaixoak gela propioa izatea aholkatzen dute adituek. Ezinezkoa bada, beti bi metroko distantzia mantendu beharko dute gelakideekin. Halaber, gaixoak ahalik eta gutxien irten behar du logelatik, eta ezin ditu bisitak jaso. Kanpoaldearekin kontaktua telefono bidez egin behar du. Telefonoa ezin da konpartitu, eta mugikorra bada estaldura egokia izan behar du logelak.

Atea itxita eduki behar du, eta aireztapen egokia bermatzeko lehio bat izan behar du. Korronteak ekidin egin behar dira gaixoari kalte egin diezaiokete eta. Halere, etxeak gutxienez egunean bost minutu aireztatzea aholkatzen dute adituek.

Gaixoaren arropak eta izarak maiz garbitu behar dira ur beroarekin. Oihalak ez dira sekula ukitu behar eta, beraz, gomendagarria da gaixoak gelan otar bat izatea. Era berean, zakarrontzi bat ere eskura izan behar du zakarrak bota ahal izateko.

Kontaktu asko dituzten eremuak, esaterako mahaiak, heldulekuak eta iturriak, lixiba eta urarekin garbitu behar dira. Garbitzaileak erabilera bakarreko eskularruak eta maskarak behar ditu, eta amaitzean zuzenean zakarretara bota.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>