Aitor Urdangarin, Baserritar erbesteratua
Berri onak! Geldialdia. Aire garbiagoa arnastu, odola biziberritu, larruazala berreskuratu zein oxigenatu eta abarrerako aukera. Azkenaldian, bateko kutsaduraren eraginez, arnas gaixotasunak, besteko elikadura kaxkarra dela eta, odol zikinduak eta beste hainbat desoreka jasan ditu. Ia-ia, ahaztuta zegoen, zer den patxadaz bizitzea. Larruazalean bizitzen jarri zaizkion izaki nimiño madarikatuek, etengabeko gerra deklaratu baitiote.
Hala da bai, primitibo deritzogun horiek, jakinduria handiz, amalurra deitu zuten horri buruz ari natzaizue. Aspaldiko partez, berrosatzen ari bada ere, komunikabideak, ekonomiaren egoera txarraz dihardute etengabe. Nola da hau posible? Ekonomia ongi= amalurra gaizki eta ekonomia gaizki= amalurra ongi?
Amalurraren azpisistema den ekonomiak, ongi funtzionatzeko modu bakarra, bera ahalbidetzen duena erailtzea al du? Ekonomia ez al da ba, gizakion beharrak asetzeko etxearen kudeaketa? Aire garbia, ur garbia, lur emankorrak… ez al ditu bada behar gizakiak? Eta ekonomiaren erdigunean osasungintza, zaintza, nekazaritza, kultura zein denon bizitzak posible eta gozagarri egiten dituzten jarduera jasangarriak jarriko bagenitu? Madarikatutzat ote liguke amalurrak?